Ibarrangeluko berbetan, Domingo Zuluaga abade jaun eta euskerazale handia zanaren apunteetatik jasorik neukan berbaz berba errefraua: “Berbiek berbie dakar”.
Labayru Hiztegiak be baturik dauka, eta era bitara, gaztelaniaz berorren irakatsia zein dan (irakatsietariko bat behintzat) argiro darakusala: “Berbeak berbea dakar: Tras la palabra, el compromiso”. Bigarren aldaerea, laburrago: “Berbea, berba: La palabra, palabra es”. Berbea, adiera horregaz darabilgunean, ‘berbea emoteagaz’ loturik dago. Halan esan ohi da berbea agindu edo berbea jan, eta horrelangoetan berbea ‘agindua’, ‘promesea’ da. Horretatik eregiak dira honako esakuneok: berbea zor eta agindua zor. Eraz jatorku hemen Frai Bartolomeren esaera bat: “Bere berbearen jaube ez dala dinogu, orrelakoagaiti: ez agindu baino ez eukala” (Ikasik I).
Adiera horretakoak dira baita, berbea bete egin behar dalakoa, eta berbearen balioa: hau da, urliaren berbeak balio dauen ala balio ez dauen. “Haren berbeak ez dau txakurrandi bat balio”, esan ohi da.
Ildo berekoak ditugu berbea emon, eta kontrakoa: berbea jan. Añibarrok idatzia da: “Eldu zaite beti Jaunagana! Emonik dau bere berbea, lagunduko deutsula” (Lora sorta).
Adiera horretakoa dogu baita, lehenago makina bat bider ahotan erabili ohi zan zorioneko ezkontza-berbea. Batzuetan, lagun geidearen zorigaiztoan, berbeori ez zan beteten. Frai Bartolomek bere lumaz ondo zorrotz dirausku: “Aintzaz artuta dagozan legeen kalte bagarik emon ezkero ezkontzako berbea, kobru emon bear jako berbeari” (Ikasik III); eta beste behin be: “Eleizearen lege artuak ontzat emoten daben moduan, ezkontzeko berbea zorra da, ta zor andia” (Ikasik III).
Baina berbea orokorrean ‘berba egitea’, ‘jarduna’ ‘autua’ adierazoteko darabilgu, eta berbeak berbea dakar esakunea be bai, gaztelaniaz esatea lez: ‘Un tema evoca otro…’, Otxoluaren idatzi baten irakurri dogun lez: “Berbeak berbea dakar, eta ipuinak ipuina”.
Badogu euskeraz, azkenengo berbea eta lehenenego berbea kontrajartzen dituan esakuntza adiutu bat be, Urdaibai aldean sarri entzun izan dodana: “Azkenengo berbea lehenengo!”. Diplomazia urrikoa danagaitik esan ohi dana.
Ze beste eratako berbak ditugun? Zein adjektiboz edo adnominalez lagundurik agiri da berba izena gure artean? Hara ezagun jakuzan batzuk:
Berba alperrekoak, edo alperreko berbak. “Alperreko berbak, alperreko erantzunak, alperreko begiradak” (Eus.Erkiaga Batetik.bestera).
Berba arinak: arinkeriaz esandako berbak. “Arpegirik eztauko / nunbaist drogosoak, / len legez ereiteko / berba arin zoroak” (Eusebio Azkue Parnaso).
Berba astunak: berba gordin edo gogorrak: ‘palabras bruscas’. “Berba astunak dira horreek halako orduetan.”
Berba dultzea, tradizinoan ezagunagoa gaur egungo usuan baino. Halan Barrutia antzerkigilearenean: “Aren aoko berba dulzea aditu neban puntuan” (Acto).
Berba ederrak be sarritako izen-adjektibo alkarkuntza dogu. Arrese-Beitiaren luman: “Apolok baiño lira obeak deutsez soiñutzen, / Homerok baiño bertso obeak bere bota, / berba ederrez Zizeron dabe atzeratuten, / jakituriaz Salomon izten zapalduta” (Ama.Euskeria). Eta Barrutiarenean: “Berbook eder aoan, orapiloa kolkoan” (Acto). Eta antzera Añibarroren lumako honetan be: “Alperrak entero dira berba-egikune ederrekoak, min-labanak, barritsuak, berba-lapikoak” (Geroko.Gero).
Berba gaiztoa. Hau da, berba txarra, deungea. “Jaungoikoak gorde gagizan berba gestoetarik” (Catec.Busturia).
Berba garratzak, hiztunok berezean darabilguna, berba ‘gordin, haserrebera, astun’ adiereaz. “Berba astun edo garratzen bat esaten badeutsue, aztu bearrean beti zagoz barriztetan” (Pedro.Astarloa UD II).
Berba gazia, irudi literario indartsua:“Berba orren berba gazia, / Berba orri nai ez dakiola balia.” (Olasoko kantua). Eta Esteban Garibai kronikagilearen azalpena: «‘salado’ se ha de entender aquí por ‘salado desabridamente’».
Berba gozoak, maiztasun handiko sintagma: berba ‘leunak, atseginak’ adiereaz.
Berba labanak, gazt. ‘aduladoras’. “Inos etorten bajatzu, ez joakona, ondo gura baleutsu legez, miin zorrotzagaz ta berba labanakin enbusteriak kontetara” (frai Bartolome Ikasik II). “Berba labanak, jolasak bardin, / gaba arturik eguna; / hauxe da gure etxietako / bakia kendu dabena” (Balentin.Enbeita Nere.Apurra).
Berba lohiak: “Bein murmuraziño ta esaka gaistoakaz, beste bein berba loiakaz, biraoakaz” (Añibarro Lora.Sorta).
Berba nasaiak. Sermoitegietan, dotrina giroan, sarri agiri dan izen-adjektibo bakuntza: “berba nasaiak: palabras licenciosas.”
Berba onak. Errefrau baten esanak ondo darakus beronen balioetariko bat: “Berbak onak, baiñe artue maletan” (Iurreta. Miren Bikandi).
Berba osoak: berba sendoak, benetako berbak: ‘palabras claras’.
Berba samurrak, berba ‘gozoak’, baina beti balio positiboaz. Uriarte idazleak pasarte baten aurrez aur darabilz, berbak dirala-ta, alkarren kontrako adjektibo bi: samur eta garratz. “Abegi on, amodio ta berba samurren lekuan, izan zituzan arpegi illuna, bekoki astuna, berba garratzak ta agiraka andijak” (J.A.Uriarte Mariaren.Illa).
Berba txarra. Beste era batera, ‘deungea, gaiztoa’. “Euren aurrian ez esan bein be berba txarrik, ez badaezpadako gauzarik” (Kirikiño Abarrak II).
Berba zantarrak. Esangura beretsuaz ‘zikinak, lohiak’, gazt. ‘soeces’.
Berba zuhurrak, gazt. ‘prudente’ adierakoa: “Arinkerizale ta aizezbetekotzat eukan Madalen, berba zuhur, hitz eder ta ele zentzunezkoduna zala autortu bear izan eban mutilak, argi ta garbi, bere kolkoan” (E.Erkiaga Arranegi).
Adnominal modura, berba izenari aurretik dautsen izen batzuk be ugariak dira. Halan:
– Guzurrezko berbak: berba ‘faltsoak’, ‘sasikoak’. Azkueren lumaz: “-Guzurra be berbea da…! Ez sinistu honi, gizonak!” (Bein da betiko). Gaztelaniaz: “Hablar por no callar…!” (Mokoroa Ortik eta Emendik).
– Jainkoaren berbea, dotrina arloan ziur finkaturiko hitz segida, zin-egite formula lez sarri esan eta entzuna. Añibarrok dakarren eran: “Verbo divino, Berbo Dibinoa, Jangoikoaren Berbea” (Voc.Basc.)
Eta azkenez, zenbatzailez lagundurik be ondo ekantzen dala gogorarazo: Berba bat. Berba bi. Berba batzuk. Berba gitxi. Berba asko. Adibideetara jota:
– Berba bat. Indar eta eragin handiko berbea. “Berba bategaz lurrera ezarten ditu, bera preso artutera doazan Judas ta soldauak” (frai Bartolome Ikasik I).
– Berba gitxi: “Etzie ondo joateko, zarrak ein bi’dabela: berba gitxi, jan gitxi ta bihar asko” (Arteaga. Segundo.Oar-artetak hango gizon bati. 2011-V).
Adolfo Arejita