Pedro Aurrekoetxea Erandiokoak bideratu deuskun esaera modukoa.
Naturearen, izadiaren osagai balio handiko bat, arbolea, hartzen dau esaera honek konparagarritzat. Errefrau bildumetan ez dauka errastu handirik. Arbola mehatzaren irudia nekez azaltzen da errefrauen artean. Baina indar eta adierazkortasun handiko esaerea da berau.
Baso baten arbolak, zarratu edo mehatz egon leitekez. Ortuan sartzen badozu landarea, zarratuago edo mehatzago egin leiteke. Ulea be buruan, batzuk zarratu eukiten dabe ‑andrazkoak zarratuago jeneralean‑ eta beste batzuk mehatz edo mehatzago ‑gizonezkoen kasua jeneralean‑, guztiz burumurritu, burusoildu edo galbartu ez badira behintzat.
Arbola mehatzak izateak esan gura dau, mehatz egokeran eta ez trinko, lur gehiago daukiela inguruan indarra hartzeko eta hazteko. Errezago hazten dira eta enborra edo trungua be lodiago eta zardenago egiten da. Arbolak zarratu diranean, nekezago sendotzen dira; batzuk gora egiten dabe; beste batzuk erkin eta endekatu gelditzen dira. Gora egiten dabenak be, lodierarik nekez hartzen. Mehatz dagoan arboleak, ostera, zur ona egiten dau, material ona atera.
Baina arbola mehatza, erabilgune honetan, urriaren, gitxiaren eta bakantasunaren seinale da. Eta horretara dator konparantza: benetako gizonak be mehatz topetan dirala munduan.
Zer izan daiteke mehatza gehiago? Zemendian garia ereiten danean, jazo leiteke, hazia erneten danean, parte batzuetan mehatz-unadak agertzea, eta beste alderdi batzuetan zarratu ernetea.
Aspaldian ikusi barik neukan arratiar jator bategaz Bilboko kalean topez egin eta hau arpegiratu eustan oraintsu baten: Mehatz ikusten gozak aspaldion, kontualdi bat egiteko be!», gitxitan alkar ikusten genduala gogoratzeko.
Ze beste berba dogu mehatz esateko? Bakan. Sekula-bedar hazia irran ereiten badozu soloan, ondo erein ez bada, izan leiteke bakan-uneak agertzea, erneten danean. Salgea be esaten da, tupitua ez dana adierazteko. Oihal bat, jertse bat salgea izan daiteke. Eta bahea eta galbahea hartzen baditugu, bata indabea eta bestea galuruna garbitzeko edo iragazteko, esango dogu: Bahea salgeago dala galbahea baino. (Markina).
Eta zarratu esateko ze beste berba daukagu? Trinkoa edo tringoa esaten da leku batzuetan (Bergara). Tupitua be erabilten da izen modu batzukaz (oihala eta). Eta sarria be bai arbola eta landara kontuan. Baso zarratuari sarria esan izan jako, gazt. «espesura», eta horretatik datoz hainbat toponimo eta deitura-izen: Sarria, Sarriko, Sarrikobaso, Sarrikolea, Sarrionaindia etab.
Adolfo Arejita