Iragarki baten hitzak dira: “Beharra baduzu, jo telefono honetara”. Beharra, kasu horretan, ez da ‘lana’, sartaldeko euskeran dauen balio nagusia. Beharra izatea, kasu honetan, behar izan aditz lokuzinoaren adierakoa da, gazt. ‘tener necesidad’. Sartaldeko euskeran, beharra dozu edo beharra badozu dinogunean, behar barik ez gagozala, hau da, ‘lanik barik’ ez gagozala esaten gagoz.
Iragarki horren idazkereak, edozelan be, sartaldeko hiztunontzat anbiguidadea eta zertara eza sorrerazoten dauela dirudi. Beharra baduzu esan ordez, beharrizanik baduzu, beharrezko baduzu edo behar baduzu esan izan baleu, esangura bikotx horren nora eza askaturik egongo zan.
Zein korapilo sortzen da behar hitz horregaz sartaldeko berbetan? Hiru hitz kategoria badira hor bide-gurutzean: behar izena, beharrezko adjektiboa eta beharrizan izen alkartua.
Sartaldeko berbetan, gaur egun, behar izenak, izen modura, galdu dau lehenago eukan esangura zaharra, ‘obligazinoa, eginbeharra, eginbidea’ dalakoarena. Erdialdetik ekialderako euskera-lurraldeetan balio hori da nagusi gaur egun be, ze gaztelaniazko ‘trabajo’ adierazoteko lana darabile. Baina sartaldeko hizkeretan be aldi klasikoan beharra ‘premina, nezesidade’ adiereaz erabili izan da. Mogelen idatzietan: “Euskereak ez dau iñoren bearrik edozein gauza esateko” (PAb). Añibarrok berak be halantxe darabil, txoriak dirala-ta: “Begira, zelan daukan gero bere egoen bearra, pozik egaz egiteko aidean” (Lora Sorta).
Kontua da baze, denporearen porezuz, behar izena, ‘premina, obligazino’ esangureari eusteko, egitura indartu bat sortzeko preminan aurkitu dala, horretarako izan partizipioagaz indarbarriturik, eta halan garatu da beharrizan izena XX. mendetik aurrera, eta gaur egun sartaldean halan darabilgu nagusiro.
Balia bekiguz eredutzat: Zure beharrizana daukagu. Horren beharrizanik ez daukat. Beharrizan handiak daukaguz aspaldion eta abar.
XX. mendeko idazleen testigantzak: “Euren alogeraz etxeko beharrizan arrontai arpegi emoteko lagin irabazi dagien” (Eguzkitza Giz.Auzia), “Alperrari lan eragiteko beharrizan hori akulu zorrotza da: muker eta nagienak be azkartu ta bizkortzeko akulari ta zirrikatzalle on-ona” (Eguzk LEItzaldiak). “Geidea aho-minean hartu ta bere akats eta hutsegiteak, beharrizan barik zabaltzea da eragoa” (KIkV 71). “Horregaitik, esakunea dan lez, beharrizanak behar eragiten eutsan Karlosi” (Etxeita Josetxo). “Etzirean eguno premiñan edo ezeren beharrizanean aurkitu, Josetxo Ondartzan agertu zan ezkero” (Etxeita Josetxo). “Ez dauko beste Macpherson baten beharrizanik gure herritar literatura ugariak!” (Alzola Atalak ). “Etengabeko lan portitzak beharrizan oro gainditzen baitu, gorriak gogorraldian bezelatsu” (Ibiñagabeitia Virgili). “Presondegian dagona badaki eta edozeren men izango dana, edozeren beharrizana izango dauana” (E.Erkiaga Batetik Bestera).
Adjektibo modura be badarabilgu beharra. Halan esaterako: “Gauza beharrak dira munduan osasuna eta buru argia”. Baina sartaldeko euskeran jazoten dana da, behar adjektibo modura erabilteko.
Adjektibo kategorian beharra, gazt. ‘necesario’ erabilera normala izan da eta da gaur be. Beharra baduzu, beharra izanez gero, beharrik balitz eta halakoak ohikoak eta normalak dira gaur egun, baina batez be euskerearen erdialdetik ekialderantz. Halan darabil, esaterako, Agirre Asteasukok XIX. mendearen lehen partean: “Kontuz ereitea gauza bearra da, fruturik izango bada, (baina ezta oraindik asko abuztura iristeko” (Erakus 443).
Baina Hegoaldeko eremu zabalean, behar oin-hitzari -zko atzizkia erantsirik beharrezko garatu da adjektibo kategoriarako. Halan esan daroagu: beharrezkoa da, ez dira beharrezkoak, ez dot beharrezko ikusten etab.
Idazleetan: “Gizadia akitu eztadin, ezkontza beharrezkoa da” (Iraizoz YKBiz). “Beren siñisteko egi beharrezkoenak aldatuz dabiltza beti” (D. Inza), “Edestiaren ikastea onurakorra ezeze beharrezkoa ere baida. Orezpaileenak (escépticos) ez dute arduragetzen” (Zinkunegi Criterio).
Gure aurreko belaunaldiko, 1945 inguruko pasadizu bat kontauko dot labur, behar izan aditza dala-ta.
Bizkai erdialdeko herritxo baten, Ameriketatik diruz ondo horniduta etorri zan gizon batek, edadez aurreratu samarra bera, hango baserri bateko neska gazte fin bati begia ezarri ei eutsan. Neskatilea be konturatuta egoan, antza, haren begirakuneen bidez haren gurariaz, baina, ondasunak gorabehera, ez eban gogoko gizon hori. Etxekoek be ba ei ekien, antza, guraez horren barri.
Neska-mutilen arteko hartuemona egiteko, aldi haretan usu zan gure herri txikietan, gizonezkoa bera edo honen bitartekoren bat zuzentzea neskatilearen familiko buruagana, etxekoandreagana sarriago, etxe horretako urliagaz ezkondu gura leukela mandatua egitera.
Halan joan ei zan amerikanu hori egun baten, ilunabarrean badaezpadan be, baserrietxeko atartera. Jo ei eban atea, eta urten ei eban atartera etxe horretan buru egiten ebanak. Gurasoak gazte zirala hilda, eta neskatila horren neba zaharrenak urten ei eban. Eta senargai izan gurako gizonezko horrek agertu ebanean neskatila horregaz ezkontzeko borondatea edo gogoa ebalakoa, honelan erantzun ei eutsan neskatilearen neba zaharren horrek: “Guk hau etzien do(g)u biher. Ta eurrera in biko zu, hau ahaztute”.
Etxean dogu behar hau, esatea lez, etxean daukagu honen beharrizana, edo gazt. “es imprescindible en casa”. Umezurtzak ziran etxe haretan, eta neba-arreba kuadrilea, seguru.
Adolfo Arejita