Abuztuaren 15ean ospatzen da Andra Mariaren jaia. Gure inguruan hainbat herritan dira jaiak egunotan, baina oraingoan Begoñakoari helduko deutsagu.
Begoñan Andra Mari egunean eta urriaren 11an ospatzen da jaia, bigarren horretan Pio X.ak 1903an Bizkaiko zaindari izentau eban egunagaz bat eginda. Izan be, urte horretatik aurrera Bizkaiko jaurerriko zaindaria da Begoñako Ama.
Ha ta guzti be, lehenagotik be erromes eta otoitz leku indartsua da gaur egun basilikea dana, lehen ermitea, biztaitarrentzat. Eleiztarren emaitzakaz eraiki zan, eta geroago be hainbat barrikuntza horretara egin da, beti dagoalako jentea Begoñako eleizan.
Jaiegun biotan jentetza handia batzen da Begoara, eta ohitura da oinez joatea. Askok Zazpi Kaleetatik gora doazen eskilaretatik egiten dabe ibilaldia, baina Bizkaiko herri guztietatik hasita Bilboraino oinez joaten dira beste asko. Erromeria handia egiten da bertan.
Horrez ganera, egun seinaladuetan Ama Birjinaren irudia atera eta Bilbora eroan izan da, uholdeak, izurriteak, koronazinoko urrezko ezteguak izan diranean, kasurako.
Aparteko debozinoa deutsie itsasgizonak. Itsasora joan aurretik Begoñan mezea entzutea ohikoa izan da; itsasontzietan hainbatek dauke Begoña, Begoñako Andra Mari, Virgen de Begoa eta halako izenak; etxera bueltan itsasotik eleizea ikusi orduan ohitura zan, antza, Salve esanez agurtzea, hainbesteraino inguru horrek La Salve izena dauka.
Horren lekukotza itxi eban Gorgonio Renteriak poema honetan:
Begoñako Amari
Indietatik Ama laztana
Nire gomuta doa zugana
Eta jartzen da zure oinpean
Jarri nintzan lez agur eitean.
Ni naz harako hobentzailea,
Gomutau zaitez Ama maitea!
Gorde nagizu zeure menpean
Esan eutsuna agur eitean.
Ni naz harako belaunbikorik
Eta begiak malkoz beterik
Jarri nebana bular ganean
Zure irudia agur eitean.
Gomuta egizu baita laguna,
Nire lurreko kutun-kutuna,
Hortxe egona neugaz batean
Ama laztana! agur eitean.
Gorde gagizuz gaur arte legez
Nahiz itxasoan ta nahiz lehorrez
Laster batzeko zeure aurrean
Egon ginan lez agur eitean.
Zaindari eder Jaungoikozkoa
Bizkaian Ama Begoñakoa
Egizu, arren, gure artean
Esan neutsuna agur eitean.
Manilan, 1903ko urriaren 11n (Ibaizabal, 1903)
Hona Begoñako Andra Mariaren kanta:
Begoñako Andra Mari
Bizkaiko zaindari.
Zure seme maitaleak
Zugana kantari.
Itsas gizon sinesdunak
Zugan dabe kabi
artzain gaixo menditarrak
Zugan euren begi.
Lugin eta langileak
Zuri otoilari.
Aberatsak ta txiroak
zaituela argi.
Ama maite bihotzeko
bigun eta garbi.
Bizkaiko seme-alabak
hartu ta zain beti.
Argazkiaren iturria: www.bizkeliza.org