Euskeraz guztiok darabilgu gitxi-asko, batzuk. Batzuk eta batzuek indarrean dagoz biak. Baina ezaguna da batzuOK be, ezta? [BATZUK] [BATZU-EK] [BATZU-OK]
Ana Oar-arteta Labayru Fundazioko irakaslea, eta lankide izan dodanari zor deutsat puntu hau mahai gainera ekarri izana. Asko erabilia ez ei da, baina Urdaibai aldean, Ibarruri goienean dagoan Ajuria auzoan honeetariko esaldiak berbaz berez-berez esaten ei dira: “BatzuOK halan pentsetan dogu, beste batzuek beste eretxi bat euki arren.”
Gaur egungo hiztunok, gehienok behintzat, ez dogu bereizkuntzarik egiten batzuk zehaztubakoaren eta batzuak/batzuok zehaztuen artean. Batzuk/batzuek darabilgunean, hor dogu -ek mugatzaile zaharraren errastua atzean, baina era formalean bakarrik, balio semantiko propiorik ez deutso gehitzen batzu zaharrari.
Baina lehenago bereizkuntza egiten zan zehaztubako-zehaztu balioen artean: batzuk zehaztubako lez erabilten zan, gaur lez, baina ‘unos, algunos’ adiera zehaztubakoaz. Eta batzuak, balio zehaztuaz, ‘algunos de ellos’ adiereaz.
XVII. mendeko Bilboko euskeratik hartu ditut Mikoleta gramatikariak idatzirik dakarzan hurrengo esaldiok:
– Batean, batzuak darabil: “ondo serbidua izaiteko zerren daukanean gizonak kriadu asko, bazuak besteakaiti eztaude gauzarik egiten artez” (Modo breve 211, 6). Batzuak besteakaiti, gaur esatea lez: ‘los unos por los otros’.
– Bestean, batzuok darabil: “‑Angoak edo dira pinturok edo erretratuok. ‑Batzuok, zerren besteok Italiarik etorriak”. Bigarren esaldi honetan batzuok eta besteok egitura banatzailean agiri dira. Gaur normal eta errazago: honeetariko batzuk eta besteok esango gendukezanak; gazt. ‘unos / algunos de estos / ellos’ / ‘otros de estos / ellos’.
Idatziz, dana dala, batzuok gitxitan agiri da, baina berbaz hondino bizirik dago, apurren bat baino ez bada be. Batzuok, hurrean dagozan batzuk aditzen emoteko. Eta errazago, egitura banatzaileak bigarren osagarritzat besteok hartzen dauenean.(…)
Bi zenbatzailearen gainean eregitakoak ditugu bestetik: bitzuak eta bitzuok. Goiko batzuak eta batzuok baino bizitasun handiagoz iraun dabe bitzuak eta bitzuok zenbatzaileek. Gaztelaniaz ‘ambos’ erabilten dan kontestuan erabilten da batez be. Eta baita multzo bi alkartzeko: hau da, ‘batzuek eta besteak’ alkartuta, bitzuak edo bitzuok.
Mateo Zabala bilbotarraren esaldi pare bat: “ezta barru edo biotzekoa bakarrik bere, ezpada bitzuok erabatera bear dira (Bermeo), “Baia bitzuok ezkonduak badira, iru pekatu mortal ikaragarrizkoak izango dira: batak eta besteak alkarren lagunari egiten deutsen bidebakoagaitik bi, ta kastidade edo garbitasunaren kontrakoa irugarrena” (Bermeo), “gizonari grazia emoitea, emazteagaz bakean ta ondo bizi izaiteko, eta bardin andreari, senarragaz ondo biziteko, eta bitzuoi, alkar maite izaiteko” (Bermeo).
Adolfo Arejita