ASKOTARIKO gaur zabal eta indarrean dabilen berbea da, eta batez be berbaz, sendo sustraitua. Tradizino idatzian ez hainbeste; edo ez behintzat, XX. mendera arte. Hiztunok pluralez darabilgu ia beti. Izan be, askotariko dinogunean, bitik gorako aniztasuna seinaletan dogu. Batzuetan gauzak (bizibakoak), beste batzuetan bizidunak (gizakiok barru) izaten dira askotarikoak; hau da, ‘era askotakoak, klase askotakoak, mota askotakoak’, gazt. ‘variados, diversos’. Adibide soil batzuen bidez on egin daigun: Askotariko jentea joaten da zinera, ez gazteak bakarrik. Denda horretan askotariko jeneroak daukazuz salgai. Jentearen zaletasun eta gustuak askotarikoak izaten dira; bakotxak berea.
Hizkuntzaren historiaren aldetik datu ohargarri bat. Hitz honen aldaera bat, Uribe-kosta aldean eta Butroialdeko herri batzuetan (Urduliz) entzuten dana: askotaringo. Hitz aldaera horren atzean -reango atzizki bikotxa dogu: askotareango, ablatibo zaharraz eta -ko gen. lokatiboaz osotua.
Hara idazleen erabilera batzuk. Santi Onaindia: “Zaldi-gain dabiltz gazteak, neska ta mutil, txeraketan, krabelin eta askotariko apaingailuz ñabar bertxinduak” (Santa Teresa). “Udazkenak askotariko igaliak jalkiarazten ditu” (Andima.Ibiñagabeitia Virgili 92). Gabirel Jauregi: “Askotariko karearriak dagoz” (Kimia). Mitxelenaren luman be behin baino sarriago agiri dan hitza: “Aurkituko genduke nori galdegin. Galdera asko eta askotarikoak: iritziak, usteak, gogoak eta asmoak” (MIH 135). “A. Omaetxebarriaren jakitea eta gogo ernea gai askotara eta askotarikoetara hedatu izan da” (MEIG II 128). “Horietan askatzen dira bere batasun askotarikoak dituen elkar-ukoak” («Contradicciones») (MEIG IX 116).
Askotarik adizlagunaren gainean eregia dogu askotariko izenlagun-adjektiboa. Beranduko eraikuntza bat da. XX. mendekoak ditugu, gerraostekoak gainera, honen lekukotasunak, nahiz eta berbaz segurutik aspalditik datorren berbea izan.
Klasikoen artean askotarik bai irakurten dogu, baina ez askotariko. Halan Olaetxearen dotrinan: “Igaro osasuneko egun santu onek, dibersiño askotarik […] apartetan gareala; bestetan baiño limosna geiago egiten dogula” (Dotrinea).
Gaur egun sano indartu da askotariko hitza. Berria egunkariko adibide bat lekuko: “[Biltzarrak] askotarikoa izan behar zuen […] beti ere […] gatazka konpontzeko borondatea daukatenak bilduko direlarik” (Berria 7-2-2004).
ASKOTAKO berbea, ostera, gitxi erabilia da gaur egun, baina tradizino zaharragoa eta aberatsa dauka, batez bere sartaldeko berbetan.
J. A. Mogel idazlea dogu honen erabiltzaile sendoetarikoa. Baina goiko beste horregaz zerikusi handirik ez daben beste esangura edo adierakaz erabili izan da. Bi, oinarrian. Lehenengo, gazt. ‘hábil, diestro, versátil’. Hara Mogelen esan batzuk: “M. Ez dakit topauko dan inon andrakume euskaldunak baino sendoagorik. P. Nik bere ez dakit, Maixu Juan. Dira sona, dulabre eta askotakoak” (Mog PAb). Bere alegietariko baten dino: “geiago balio dauela askotakoa, azartua eta azkorra izatea, indartsua izatea baino” (Ip 8). “Danerakoa, edozertako gai” izatea aditzen emoteko.
Bigarren adierea, ezezgarriagoa da: ‘maltzur, malmutz’, gazt. ‘astuto’ adierakoa. Hara esaera batzuk, idazle beronenak: “Ipuin onek esan gura dau, gizon gaisto, mausari ta askotakuak billatu daruezala euren gisako lagunak, ta egin kalte asko argal, errubagako ta berba egiñaz dongago izango dabenakaz” (Ipuinak), “asi zan keia igoten, jagi zan garra, ta bildurturik erre etzeitian arrano kumiak bertan, biurtu eutsazan azerijari beriak kalte baga, irakasten ebala askotan geijago balijo dabela askotakua, azartuba ta azkorra izatiak, indartsuba izatia baiño” (Ipuinak). “Askotakoa egin bazaitue urteak, ni bere bai, jakiteko nun zer dagoan” ( Ipuinak 38). Askotakoa izan, trebetasun edo baliabide askokoa; edo esperientzia aberatsaren jabe bihurtu.
Adolfo Arejita