Berba bakarra da bata-bestea, nahiz marratxoaz idazten dana, nahiz bereiz: bata bestea. Gure eretxian, marra-lotureaz hobeto eta argiroago erakusten da hitz bakar izate hori, nahiz konposatua izan. Funtzino sintaktiko bakarra daukagu hitz horretan, eta ez bi; batzuetan batak bestea idatzirik dakuskunean, pentsa eragin leikigu izen sintagma bi dirala, subjektua eta objektua, baina erreprozitate-markatzat darabilgunean hitz bakarra, funtzino bakarrekoa, dogu hor.
Hitz bi eta funtzino bi diranean, sintaxia be diferentea daukagu: aditzagazko akordioa singularrez, batez be. Halan esana geinke:
Ahari bi hasi dira topeka, zuria eta baltza, eta batak (zuriak) gehiago egin deutso besteari (baltzari). Era laburrean: Batak besteari gehiago egin deutso (Ahari buruzuriak ahari burubaltzari).
Baina sintagma biok bakar bihurtzen diranean lexikalizazinoaren indarrez, hitz konposatu izatera datorrenean, sintaxian be eragina dauka. Hau da: batak bestea, batak besteari, bata besteagaz hitz alkartu izatera etorririk, aditzagazko akordioa bestelakoa da: subjektuari dagokionez plurala eta bata-bestea izenordain alkartuari dagokionez, singularra. Alkar izenordainagaz jazoten dan antz-antzean. Halan esaten da, eta idatzi be:
Ahari biek bata(k)-besteari itzelezko topekadak emon deutsiez (dizkiote).
Neska-mutilok bata-besteari sendo oratu deutsie (diote), ibilian jausi ez egiteko edo.
Morfologiaren aldetik, banan idatzi ezkero osagaiok, ergatibo-atzizkia mantentzea toketan dala dirudi, nahiz eta ahoskatu ez. Marratxoaz alkartu ezkero, ezabatu daiteke: bata-bestea, bata-besteari.
Aditzagazko akordio horren frogatzat, autore modernoen lekukotasun batzuk:
Bata bestearen ondoren kaleratu zireaneko ta Maripak eskinitako ur bedeinkatuaz zer egin ez ekiala (R.M. Azkue Bein da betiko) [ziraneko eta ez zaneko]
Eta bata-bestearen zereginak aldatu egin behar ebezala otu jakon (F.Bilbao IpuinBarreka) [ebezala eta ez ebazala]
Holan, bata-bestearen eredu zirala, onbidezko larrosa eder-onuratsuak egunoro-egunoro sortzen ebezan (Maariko Ipuinak) [zirala eta ez zala]
Semantikaren aldetik neutroa da bata-bestea. Bardin erabili daiteke gizakientzat, bizidunentzat zein bizibakoentzat. Bata-besteagaz ez daukie zerikusirik dinogunean, izan leitekez lagun bi, katu bi zeinda auto bi.
Zein kasutan erabili ohi dan sarrien izenordain alkartu hau? Hara hemen:
Nork kasurik ez dago. Ezin da esan bata-besteak.
Nor kasuan ohikoa da. Halan: Neska-mutilok bata-bestea barik ezin dira bizi be.
Nori kasua be behin baino sarriago agiri da. Halan, Berrio-otxoa dontsuaren gutuneko hau: Alkar ondo hartu beie, batak besteari bere faltak sufrituagaz.
Beste guztien artean ugariena, maiztasunik handienekoa, noren-zeren genitiboa dogu: bata-bestearen ondoan-gainean-kontra-atzean-ondorik Hara adibide batzuk: Zoritxar guztiak bata bestearen atzean etorri jakuz. Txiki txikitatik, umetatik, Aita ta Ama esaten ikasi genduanetik, bata bestearen lagun izan arren, aspaldiko urteotan alkarregaz bizi izanda bere, ez ete dogu, bada, alkar ezautu? (Azkue Bein da betiko). itzek ezpanetatik belarrietarako bidean sailean ta bata bestearen ondorik ibili bear dabela (Azkue Latsibi), Ango aukerazain Andraka zarra eskolara eroanda, bata bestearen ganean itaune bi onetxek zuzendu eutsazan (Azkue Latsibi).
Nogaz eta zerez kasuak be ugari antzekoak ohi dira. Halan: Noz dau bere lagunik hilotzik botaten, / inoz bata besteaz aserratu arren? (Arrese-beitia Gerrea). Ahunzkumeak, behingoan ez baina, astindu eben noiz edo noiz amaren hutsak emotsen bihozmina eta bata-besteagaz olgetan hasi ziran (F. Bilbao Ipuin-barreka). Euren buruen jabe ta eskuko izango diran giza-batzak ipini nahi dabez, eta gero, ondo balitz, bata besteagaz alkartu, baina guztien buru izango dan jaurgo ta agintaritza barik (J.B. Eguzkitza Gizarte-auzia).
Amaitzeko, itaun bat: alkar eta bata-bestea erreproziate-izenordain badira biak, zertan datza euren arteko diferentzia?
Jatorri berezia dabe batak ta besteak. Erakusleak (ha, har-) ditu batak, zenbatzaile mugatuak ditu bigarrenak. Lexikalizatze zaharragoa dauka lehenengoak, eta oraintsuagokoa bigarrenak. Euskera osora hedatua da lehenengoa, baina bigarrenaren lexikalizazinoa erdi eta sartaldean garatu da gehienbat.
Iturriko
2016-03-10