Bart gaua ez dago berez zuzen esanda, atzo gaua ez dagoan moduan.
Bart, Iparraldeko tradizinoan barda, eta atzo adberbio kategoriako hitzak dira; ez dira izenak. Beste izen bategaz batera erabiltekotan, noiz, noizko, noiztik, noiz arte kasuan egon behar dabe izenok. Halan bada: bart gauean edo bart iluntzean, bart gaueko edo bart ilunzeko, bart gauetik edo bart iluntzetik, eta bart gauera arte edo bart iluntzera arte. Baina ez dogu esaten, kasurako: bart gaua zoragarria izan zala, edo bart iluntzea hotz-hotza izan zala.
Bart bakarrean be erabilten dogu sarri. Tradizino klasikora jota, Añibarro idazleak idatzita itxi euskun sententzia moduko bat gogoratuko dogu, heriotzearen ezusteko etorrereaz: “Ni bart il neindekean; berein il izango dira; gaur asko ilgo dira, eta bear bada ni lenen”. Eta urte batzuk beranduago J. Mateo Zabala bilbotarrak beste hau idatzi eban, bizitzea eta amesetea konparatuz: “Baia orduan, zer izan zala usteko dozue bizi izan zareen denpora guztia? Bart egin dozuen loa edo amesa langoa” (Bermeo).
Bart hitza beste batzuetan orduagaz batera darabilgu. Amodio-kantu zahar triste honetan erabilten da:
Bart hamarretan ezkongai nintzan,
hamabietan ezkondu.
Ordu bi santu goizekuetan
gelditu nintzan alargun.
Auxen da pena eta tristura,
pesadunbria ganera.
Ordubeteko senarragaiti(k)
alargun gelditutzia.
Bart adberbioa izen bategaz lotzeko bartko bihurtzen dogu; bartko afaria edo bartkoa, soilik. Lekeitioko abade nonbradu eta ospetsua izan zan Jose Antonio Aboitizek, orain mende bi eta gehiago, beste kanta askoren artean, Txantxon Piperri eritxoen pertsonaje barregarri eta jatun handiari eskeini eutsazan kanta-bertso batzuk. Bartko afaria aitatzen da kopla baten. Dino:
Lekeitioko kalian, bexigu denpora danian,
hogei txitxarro eta gehiago,
eta guztiak gabian
sartzen dodaz sabelian.
Orduan kontentuz nago
gaberdi osteragino.
Handik goizera neure sabela
beti dago gur gur gur gur,
bartko afaria agur!