Dakienak dakiHizkuntza

Barikua – ostirala – egubakoitza

Posted on

Barikua: abari bagako eguna. Ze beste izen dira ‘barikuari’ deitzeko? Zeintzuk dira barikuari jakozan izenon jatorriak?

Asteko bosgarren eguna izendatzeko euskeraz diren izenen banaketari ohartzen bagaiakoz, tradizinozko euskera biziaren lurraldean bost eremu nagusi bereizten dira. Bizkaiera eremuan ‘bariku’ da forma nagusia, baina sartalde horretan ekialderantz ‘barixaku’ aldaera da erabilten dana, Lea ibarretik Deba ibarrera bitartean.

Eguakoitza edo eguakotxa dogu bigarren izena: egun bakoitz edo bakotx dogu oinean; eta bakoitz/bakotx hori bere esangura zaharrean: ‘bakarra’. Debagoieneko herrietan (Oñatin, Araotzen, Leintz Gatzagan, Arrasaten eta Bergara inguruan), ‘egubakoitz’ formaren aldaerak erabilten dira egun hori izendatzeko: eguakoitz, egubakotx, ibuakotz, ebaikotz. Baina Arabako lautadan be, gaur tradizioko berbetea aldendua dan lautadako herritxoetan be (Etxaguen, Gopegi, Eribe…), orain ehun bat urte egin ziran inkestetan ‘egubakotx’ izena edo horren aldaerak (eguekotx, eubakotxa, ebakotxa) batu ziran Euskaltzaindiak eraginda egin zan atlas hasikin harretan (Erizkizundi Irukoitza).

Gipuzkoaren erdialdetik ekialderantz, eta Nafarroaren sartaldean ‘ostiral’ izena, edo honen aldaerak erabilten dira (ostirel, ostiel, ostel, ostiele).

Nafarroaren erdialde eta ekialdean, Lapurdin eta Nafarroa Behereko zati handi baten, ‘ortzi(r)ale’ eta honen aldaerak dira nagusi (orziale, orziale, ortziela, ortzila, ortzilere, ortzillere…). Eta azkenez, Zuberoan eta Nafarroa Behereko parte baten ‘ostirale’ forma edo honen aldaera den ‘ostiale’.

Barikua kristinau tradizinoan barau eguna izan da, edo mehe jateko eguna. Eta horretatik bada esaera bat, familia eta etxe pobreei egotzi izan jakena: astean bariku bi egitearena, edo egin beharra, behar dan beste janari ez etxean eta. Pobreagaz ezkontzearen patua, eztasunean bizi beharra, esaera horregaz irudikatu izan da herri tradizinoan. Herri kopla batek dinoan lez: “Astean bi bariku izango dituzu” (Eguzki. Arrazola).

Adolfo Arejita