Barik postposizinoa, bagarik zaharragoaren era laburtu modernoa, eta erdi eta ekialdeko hizkeretako gabe (bage) atze-hitzaren ordain gardena dogu bizkai euskeran. Beronen esangureak ez dauka ezkuturik: aurretik daroan izen, aditz edo dana dalako hitzaren esangurea ezeztatu egiten dau.
Baina ugaria baizen askotarakoa da. Eremu gitxi batzuk bereizi daiguzan.
Oinarrizko eremua: Barik aurrean izen bat edo izen multzo bat dauela, berari loturik darabilgu sarritan. Aurreko izen hori, ostera, egon daiteke mugatu barik (a), mugagabea dan -ik partitiboaz lagundurik (b), edota mugaturik, singularrez edo pluralez (c): lagun barik, laguntasun barik, lanik barik, geure lagunak barik.
Aurreko izena (edo izen sintagma, gura bada) mugatu barik dala darabilgu gehienetan, baina ez da ahaztu behar aurreko izenori mugaturik egotea be zilegi eta legezko dala. Eta horrexegaitik berorregaitik agertu daiteke izenordain bategaz be: Nora zoaz gu barik, Ezer be barik urten dau. Zenbatzailedun edo adjektibodun izen baten ondoren be agertu leiteke: Beharrizan handi barik sekulako kalteak egin ditu, Atxakia asko barik beteten ditu bere zereginak.
Baina gorago esan dan lez, izen sintagma mugatuakaz be berez eta legez erabili daiteke: Matematikako ikasliburua barik ez da gauza eskolea emoteko. Ha ez doa inora bere andrea barik.
Aurreko izenari -ik partitiboa dautsala erabiltea zilegi da, eta gramatika aldetik zuzena, berez. Hiztun askok halan erabilteko ohiturea dabe. Baina, ha ta guzti be, barik aurreko izenari partitibo-atzizkia txertatzeko derriorrik ez daukagu; ha barik be zuzena da eta esangura aldetik ez dau ezer be galtzen: Adore barik dago ezer egiteko, Indarrik barik nago inora joateko.
Bigarren erabilera bat, berbaz sarritakoa, agindu-emoteaz zerikusia daukana da; agindua ezezkako emoteko, jakina. Halan, dinogunean: Zu, etorri ardura barik, ondo hartuko zara eta! dinogunean: eta ez arduratu! esan gura dogu. Kontuz, jausi barik! esaten dogunean, ez zaitez jausi! esaten gabilz. Eta norbaiti dinotsagunean: Inori ezer esan barik, gero!, dinotsaguna da: ez inori ezer esan, gero!.
Hirugarren eremua, eta ugaria bera, aditz partizipioaren ondorik darabilgunekoa da. Halan: Inork ezer esan barik egiten ditu behar guztiak dinogunean, adierazoten doguna da: eta inori ez deutso ezer esaten. Ikusi be barik daki hemen pasetan dan guztia dinogunean, Ikusi ez arren kontzesibo balioa daukala esan lei. Ezer esan barik aurrera segidu eban bere bidean dinogunean, juntadurazko hartuemona daukagu oinarrian: Ezer be ez eban esan eta.
Laugarren eremu bat notatu gura neuke, denporeagaz zerikusia dauena, ordu edo denpora-une jakin baten aurretik, baino lehen, baino arinago zeozer jazo dala adierazo gura dogunean, barik ohi darabil hiztun askok zenbaki sintagmaren atzetik: Nora zoaz ordubatak barik? Hondino goizegi da eta!. Domingo Agirrek Kresala-n dakarren esaldi hau erakusgarri: Begiratu eutsien gazteok alkarri, eta Josepak, beste agurrik barik, Txartela nahi dozu? itandu eutsan Artoberori. Hau da, agur egin orduko.
Bostgarren eremu bat bereizi geinke: ezezkako esaldiaz baieztapena zorrotzago marketako darabilgunekoa. Ezbai giroan, sarritan: Zu lo egon zara! Ez, ez naz egon. Ez, zera, egon barik!, esatea lez: Bai egon zara! Jakina egon zarana! Seguru egon zarana!.
Seigarren eremua, arteragoko estilo-ohar baten jorratu genduana da, bizkaiera modernoari guztiz lotua. Ordezko aukerea adierazo gura dogunean, juntagailu aurkari moduan erabilten da sarri atze-marka hau, sinonimotzat dituala -en ordez, -en lekuan postposizinoak: Geldian egon barik, mogidu zaitez!. Edo: Amorebietako bizi-alarguna, / bakarrik egon barik, hartuizu laguna dantza koplakoa. Juntagailutzat darabilguneko kasu honetan, sintaxi berezia gordeten dau: lehenengo juntagaiaren atze-atzean ipinten da eta osagai horretako aditza isildu egiten da, edo osorik, edo adizki jokatua; bigarren osagaian ipinten da agirian aditza. Aho-korapilo antzeko hitz joko ezaguna da harako: Jan barik joan barik, jaizu jan!. Beste era honetara berridatzi daiteke: Jan barik ez zaitez joan, janda baino.
Zazpigarren eremu bat osotuko leukiee, beronegaz eregitako lokuzinoek: eta beste barik esamoduak balio propio apartekoa gordeten dau egitura batzuetan, horregaitik bakarrik edo nada ms, solamente (por) gaztelaniazkoaren hurrekoa. Halan esan geinke: Beraren gustukoa ez dala-ta beste barik alde batera itxi dau.
Eta lokuzinotzat edo esamodu finkotzat jotekoak dira adberbio egitura jakin batzuk be, hitz oinaren aurkako balioa adierazotekoak, gazt. in-, des- eta antzeko aurrizkiakaz eregiten diranak, eta euskeraz barik honegaz egituratzen ditugunak; hitz segida eginak dira, esateko moduan: geratu barik/eten barik/lotu barik, kezka barik, ardura barik, bildur barik, gehiagoko barik, akordu barik (ohartzeke) eta beste hainbat.
Gaurkoz asko da.
Iturriko
2014-02-06