Bake hitzak latinean dau sustraia. Bake da era nagusia, pake, gipuzkera eremuko aldaera, eta fake be bai Nafarroa aldean.
Arana Goirik, gentz, gentza bultzatu eban bere eta bere aldiko garbizaletasun lehiak eroanda, bake hitzaren mailegu sundea uxatu gurean, nonbait. XX. mendearen lehen erdian idazle garbizaleek erabili izan dabe gentza, gerora arrakasta handirik irabazi ez dauen neologismoa, baina bai itxi dau errastua emakume-izen baten: Gentzane modura ezagutu ditugu, gazt. ‘Paz’ edo ‘Mari Paz’ izenaren ordain gisa hartu izan daben hainbat.
Bake izena, edozelan be, emoitsua gertatu da, bai eratorrien sorkuntzan, eta bai berba alkartuetan eta esapideetan. Adjektibo ezagunak dira: baketsua, bakeosoa, bakeorra, bakezalea edo bakegina langoak. Zer esanik ez baketu aditza. Eta adizlagun edo adberbio batzuetan: bakearren, baketan edo bakez. Nork ez dau entzun inoizkoren baten: “Bakean dagoanari bakean itxi”, edo baketan adizlagunaz. Hara Paulo Zamarriparen esaldi burlazko hau: “Esan behar deutsat neure gizonari, bakearren, ez dagiala aitatu be egin gerrako bakerik, gerrea amaitu artean…” (Zaparradak).
Aditz multzo ezagunak dira honangoak:
Bakea egin eta bakeak egin dogu ezagunen antzekoa, eta bigarrena, bakeak egin, ugariagoa. “Haserratu arin egin zarie. Ordua dozue bakeak egin eta atzera adiskidetzeko”.
Beste aditz batzukaz be sarri darabilgu: Bakea galarazo. Bakea galdu. Eta beste batzuk. Hara gure idazleen testigantza on batzuk.
Bakea hausi. Toribio Etxebarriak Eibarko berbetan jasoa: “Bakea hausten dabenak, galduko dau gerrea, gerrarik bada” (Eibar).
Bakea ipini, berbakera zaharretik datorren aditz multzoa. Kapanaga mañariarraren dotrinan dator: “‑Nortzuk dira bakeosoak? ‑Bakea ifinten dabenak euren personetan”.
Esakuntzetara bagoaz, hemen be hainbat dira bakearen ardatzean. Hara batzuk:
Bakea erosteaz dihardu Isasti historiagilearen bat: “Fakea ezta diruz erosia” (Isasti 35).
Bakea eta gerrea aurkez agertzen dituenak dira ugarienak, ikuspegia batetik bestera aldatzen dala. Batzuetan, itxuren eta barru-sentipenen kontrajarpena agiri da: “Danak ahotan bakea, baina bihotzean gerrea” dakar Tor. Etxebarriak (Eibar). Duvoisin idazleak idatzia da: “Nik Jaunaren bakera deithu, eta zuk gerlara jo.” (Led.). Eta Gazteluzar poeta bardinbagearen hitzak dira: “Gure gerlak ixil daude, / bertzeak dire altxatzen; / zeru-lurrek bake dute, / ifernua da kexatzen”.
Bakea inoren lepotik, besteren bizkar jarestea aitatzen dabenak be badira: Oihenartek dakarren hau kasurako: “Otsoak eta horak ahuntzaren haragiaz bake” (Prov. 388).
Bakea konformidadeagaz kidetzen dabenak be ez dira falta. Oihenartek dakarren batek dino: “Hobe da bakeareki arraultzia, ezi ez aharrareki bilarrauzia” (Prov. 243). Bilarrauzia: ‘txahala’.
Bakea eta legea be kidetzen dira Domingo Egiaren XVII. mendeko kantu-poema baten. Dino: “On lizate bakea, legerik baliz”.
Adolfo Arejita