Gogoak ditut, gaztelaniazko “tengo ganas de” adierazoteko esan dala dirudi hor. Baina euskaldunok, gogoak ditut, holan pluralean, ez dogu esaten, gogoa daukat edo gogoa dot baino, singularrez.
Beste berba askogaz be jazoten da, kontestu batzuetan, euskeraz singularrez dinoguna erderaz pluralez esateko: “tener intenciones de” esateko asmoa daukat edo asmoa dot normalagoa da euskeraz, pluralez baino. Ameriketara joateko asmoa daukat hobe esandakotzat joko dogu, asmoak ditut edo asmoak daukadaz esanda baino.
Kirol kontuan be sarri entzuten da aukerak ditu, gola sartzeko, irabazteko, hamaikakoan sartzeko…, gaztelaniazko “tener posibilidades” edo “haber oportunidades” adierazoteko: erea izan, aukerea izan, modua izan euskeraz hobeto erabilitakotzat joko dogu, *aukerak, *ahalbideak eta abar baino.