Txorierriko herriak izendatzen dituan errefraurik ezagunena berau dala esan daiteke. Txorierriaren bihotza edo guna diran herrien izenak aitatzen dira berean: Derio, Zamudio, Sondika ta Loiu, asko erein ta gitxi koiu. Zamudion hasi eta Loiurainoko herriak zerrendatzen dira. Ibar luze horren sakonerantz dagozan herriak, ostera, ez dira aitatzen: Lezama eta Larrabetzu. Izan be, XIX. mendean Txorierritzat joten ziran herrietan artean ez ziran ia agiri, ez dira aintzat hartu izan herri biok. Itsasalderantz, ostera, Erandio Txorierrikotzat jo izan da beti, eta Leioa be bai larri-larri, baina herrion aitamenik ez da egiten errefrau aldaera horretan.
Destainaz eta burlazahar antzean bertako jenteari egotzi izan jakon errefraua; esatea lez, Txorierri parajeko lurrak lugintzarako behar dan gaina onak ez diralakoa edo. Barre-burlaz sorturiko ironiazko esakuntzea, edozelan be. Izan be, lur mamin emonkorren entzutea euki dau beti Txorierriak.
Azkuek harean diferente dakarz errefrau beronen bertsinoak. Eta eurotan aitatzen diran herriak be ez datoz aurrekoakaz bat guztiz. Asua eta Erandio aitatzen dira batetik ‑udalerri bera izan arren, zeinda bi balira lez, eta Sondika eta Loiu bestetik. Eta lur-langintza, lugintza be, modu zehaztuagoz deskribatzen da eurotan: artoa eta garia izentauta. Lehenengoak dino: “Asua ta Erandio, Sondika ta Loiu, arto erein ta gari gitxi koiu” (EY III 1514). Bigarren aldaeran artoaren aitamena soilik. Baina bi-bietan gitxi koiuten dalako seinalea: “Asua ta Erandio, Sondika ta Loiu, ahaleginak egin arren, arto gitxi koiu” (EY III 140). Beste errefrau aldaeretariko baten, herri baten izena aldatu, eta Derio plazaratzen: “Derio ta Erandio, Sondika ta Loiu, ahalegina egin arren arto gitxi koiu” (EY III 1543).
Herri- edo leku-izen ezagunak errefrau edo esamolde bidez ahotan hartzea, gehienetan ziri gaitzesgarriaz zamaturik egin ohi da. Mundu guztiak daki, Txorierria izan dala Bilboren ortu-baratza guri oparoa, Bilboren sabela janariz asetu dauena, bendejaz, hegaztiz eta haragiz hornidu dauena Bilboko uria zati handi baten.
Herriak banan-banan izentatze horrek berak indar apartekoa damaio, errezitadu bat balitz lez: erritmo orekatuaz eta errima ziurraz, Loiu herri-izena eta koiu aditza esakuntzearen joskile dirala.
Koiu aditza asko eta sarri esan eta entzuna da Txorierrian, etxeko berbetan ikasi neban koidxu-ren aldaera aruzkoagoa. Uribekosta eta Butroi aldean kosi entzuten da, kosidu osoagoaren era laburra. Baina etorriz, koixidu genduke aldaeron guztiok era zaharragoa. Orotariko Hiztegian kojitu sarrerapean batzen dira aldaerok.
Koiu eta hartu ez datoz, dana dala, esanguraz bat, guztiz behintzat. Koiu indartsuagoa da hartu baino; “harrapatze” esangureaz entzuten da sarri: arrainak koiu, txoriak koiu e.a.
Azkuek kontakizun baten darabil behin: “Eskuz gura gaine arrain koiu neuzala” (Batxi.Guzur). Eta beste behin: “Biregarrotan bere kolkokadea koiu neuen” (Batxi.Guzur).
Pedro A. Añibarro arratiar idazle klasikaok XIX. mende hasieran kojidu darabil: “Erraz ezta oneek [azeariak] kojietea” (Lora.Sorta). Baina oraintsuago Paulo Zamarripa txorierritarrak, ume baten eskutxoakaz ogi-apurrak harrapatzea dala-ta dino: “Zure eskutxuak botako’tsezan / anpurrak koixu gurean” (EEs 1917, 197).
Baina Gipuzkoa partean be ezaguna da kojitu, urri erabilia dirudi baina. Hara Txirritak, ijitoen kontura onduriko bertso-atal hau: “Sasiyetako oialak eta / ollo kojitzen atsuak” (II 66).
Adolfo Arejita