Gernikaldean entzun eta batu neban aspaldi esakuntza hau, gaur be hondino polito entzuten dan esakuntzea. Ez da, edozelan be, ugaria euskal errefrautegietan. Baina badauka aldaera itsusiago bat be, G. Garatek bere Atsotitzak bilduman dakarrena: «On billa, on billa, kaka pilla» (Garate Atsot 10592).
Ahaleginak ahalegin, huts emotea borondaterik onenaz egindako beharraldiak. Baina ahalegin guztia ona hobetu beharrez egiten danean, asti gehiegi hartuta beharbada, huts egiten dala emaitzan. Hori da mezua.
On bila edo onaren bila beste esakuntza gehiagotan be agiri dira. Hurrengo honen mezua ez da aurrekoon bardina, baina zeozertan badau antza: «Onaren bila, gaizkiaren igesi; horrela bizitzea, ez du merezi» (Garate Atsot. 10665). Ona eta gaizkia aurkakotzen ditu. Eta hurrengo beste honek be antzera, ona eta txarra, sintaxi berezi bategaz: «Onaren hoa billa ta txarrari makilla» (Garate Atsot. 10667).
Gaztelaniaz bada esakuntza guztiz ezagun bat, goiko errefrauaren mezu berbera damaiguna: «Lo mejor es enemigo de lo bueno». Euskeraz be badau ordain hurreko bat, ona eta etsaia aurkakotzen dituana: «Onena, onaren etsai». (Garate Atsot. 10737). Eta berba beretsuakaz honen aldaera batek dino: «Hobea, maiz onaren etsai» (Garate Atsot. 6926).
Eta perfektotasun gehiegiaren bila dabiltzanen kontura, ia mezu berbera gogorazoten deuskue hurrengo biek. Batak dino: «Norbera da bere buruaren etsairik haundiena» (Garate Atsot. 10203). Eta beste batek: «Guk dugun etsairik handiena, geure burua dugu» (Garate Atsot. 4574).
Adolfo Arejita