‘Babak eltzetik atera’. Entzun dozu lokuzino edo esapide hori inoiz? Gaztelaniaz ordain zuzena, ezagunagoa dauen esapidea da: “sacar las castañas del fuego”.
Mezua bera munduan zabal dabilena da, eta berau aditzen emoteko irudiak be ugariak dira, euskeraz, zein ezein beste hizkuntzatan.
Nafarroan batuak dira, D. Intzak bere bilduman dakarzan batzuk. Bat: “Besteren behatzarekin muskarra zulotik atera”. Bigarrena: “Besteren isatsarekin euliak kendu” (Esaera zarrak. 1927).
Iparraldeko Eskualduna aspaldiko agerkarian irudi berberaz onduriko lokuzino bikaina idoro dogu: «Errexago da ‘bertzeen buztanaz ulien-khentzea’«. J. Mokoroak gaztelaniazko ordain-lokuzino bi eskaintzen ditu aurreko honen kide gisa: “Dejar a otro el sacar las castañas del fuego” eta “Embarcar a otros y quedar en la playa”.
Labayru Hiztegiaren fraseologia partean honako ordainak egotzi jakoz gaztelaniazko gaztainak sutatik ateratzearen horri. Lehenik, babak eltzetik ateratearen irudia darabilena: “Gurasoak dira sarritan babak eltzetik ateratzen dizkizutenak”. Bigarrenik, euliak kentzearen irudia darabilen hori: “Beti ez dozu eukiko euliak nork kendu”. Eta hirugarren bat, txingarra (surtatik) ateratearen irudia darabilena: “Gure familian amona izan da beti txingarra atera duena”.
Adolfo Arejita