Dantza-kopla baten hitzak dira izenburu horretakoak, gaurko gizartean belarrira ondo joten ez dabenak, baina tradizino-gizartea horrelakoetara ekanduta euki dabenak. Amak alabea saldu daianean, kukurruku egingo dau esaldi horretako perpaus biek etorkizuneko egoera batera garoez, eta gaztelaniaz esangura beretsua adierazoteko subjuntiboaz baliatzen diranen idekoa dogu.
Kopla horren eretxi beretsua darabil XVI. mendeko errefrau honek: Ezkon ezak semea nai doanean / ta alabea al dagianean. (RS 382).
Bata eta bestea berresango gendukez gaur egun egiteerako adizkiekin: saltzen dauenean eta ahal dauenean.
Subjuntiboa deritxagun aditz jokoa, jakina da atzeraka joan dana euskeran denporearen joan-etorrian, eta oraindino bizi bada, esangura jakin batzuetarako eta mende-perpaus jakin batzuetan dirau batez be. Gaur egun, subjuntiboaren iraute-egitura printzipalak honeek dira:
- Helburuzko mende-perpausan, zertarako itaunaren erantzun egituretan: Mezua bialdu deutsut, datorren domekakoa akorduan euki daizun, edo ahaztu ez dakizun behintzat.
- Aginduzko perpausak eregiteko: Esan daigun egia. Emon daiala bakotxak berea.
- Mendeko perpaus osagarriak eregiteko: Esaiozu bihurtu daiala eroandakoa. Gura genduke ahalik eta borondaterik onena erakutsi daien.
Goian ipini ditugun antzeko denporazko mende-perpausak, -nean atzizkiaz josiak ea erabilten diran itaun ezkero, eurek ez dituela erabilten esango deutsue leku askotan. Batzuek beharbada, inoiz entzun izan dituela, baina erabili nekez edo bapez. Nik Gernikaldean entzun ditut behin eta barriro edade bateko jentearen ahotik. Ondoko hau, esaterako: Ez eiozu deitu hori esateko. Etxera etorri daitenean esango jako, minik ez emoteko. Edo beste hau: Esku artean daukadan beharra amaitu daidanean helduko deutsat horri. Itxaroizu apur baten.
Izan be, -nean atzizkidun denporazko mende-perpausetan iraun dabe gure artean luzaroen subjuntiboko adizkiak, goian aitatu ditugunak aparte itxita. Bai da tipoko adizkiek, daitenean erakoek, bai du tipokoek, daianean erakoek. Ez dago zer esan, nori pertsona bako adizkiek batez be: daitenean eredukoek askoz gehiago dakizunean eredukoek baino; daigunean eredukoek gehiago, deiodanean eredukoek baino.
Aditz trinko gehienakaz adizki berberak balio deusku egiteerarako zein subjuntiborako; hau da, orain momentuko ekintza bat adierazoteko zein etorkizunekoa espresatzeko. Herri-kantu baten hitzetan agiri dan datorrenean, etor dadinean adierakoa dogu: Ama datorrenian, aita datorrenian, etxetik kanpora bialduko zaitu. Baina bardin agiriko da beste kontestu batzuetan, etorten danean adieraz. Mogelen adibide bategaz on egingo dot aoristo balioko subjuntibo hau, gaur galdu antzean dan ikusi aditzaren jokoaz: Zurturik geratuko dira nire umeak zu zakusenean, hau da, ikusi zagiezanean klasikoaren, ikusten zaituenean gaur egungoaren ordaina.
Aditz laguntzaile subjuntiboaz eregitako denporazko mende-perpausak uste baino ugariagoak izan dira oraintsura arte, eta gure idazle klasiko eta klasiko modernoak dira horren lekuko. Jan daigunean erdiraino emongo deutsut edaten ardaoa dirautso Peruk Maisu Juani Mogelen elaberrian. Ez bizkaieraz bakarrik, gipuzkeraz diharduanean be bardin: Baina ez die lekurik ematen; ezagu dezatenean etsaia, arpegi ematen die. Frai Bartolome etxebarritarra dogu hurreko beste eredu bikain bat: Baita gauza ona da, gero naustuago eta edadean sartuago egin ditezanean, guztiak erabatera ostera barriztetea bere.
J. Mateo Zabala bilbotarraren denpora-perpauson egiturak be adierazgarriak dira, azpian datzan mezuaren zorroztasuna bazter itxita: Gero gura ez dana jazo dakienean, semeak burubako ezkontzaren bat egiten deutsenean, alabearen okeluetako nasaikeriak guztien begietara agertuten direanean, orduan dira negarrak. Etorkizunari buruzko ekintzak markatzen dira hiru mende-perpausetan; lehenengoa subjuntiboaz, beste biak egiterako laguntzailez markatuak. Gure ustez, egitura bikoiztasun horrek erakusten dauena da aditz konposatu eredu biok bardintze bidean sartuak zirala ordurako.
Mendeko denpora-perpausok, -nean atzizkiaz ez eze, -n artean, -n baino lehenago, -neko/-nerako eta osteango beste mende-marka batzuez hornidurik agiri dira beste batzuetan. Lehenengo eredua, Mogelen testuetarik hauturik: Itxi egiezu bakean eurenez jagi ditezan artean, Itxaran egizu puska baten, itaune bat edo beste egin dagiedan artean. Mehatxuzko berbak dira, hatan be, idazle beronen alegi batetik jasoriko honeek: Aurra kanpora, bertan amaitu zaidazan baino leenago!. Aurra kanpora!, gaur Ala, Ea, Benga kanpora! esango gendukenerako.
Beste denporazko mende-marka bat n orduan dogu, oraindino, Arratia aldean hondino be sarri entzuten dana, baina P. I. Barrutiak laguntzaile subjuntiboaz edertotxu finkaturik itxi euskuna: Kontatzen asi didin orduan / jarririk eskaratzean, / ene kulpea jausiko da / alabearen gainean.
Erlatibozko perpausetan be subjuntiboak iraun dau, baina gehienbat adizki hori aurretik ahal modalidade-markaz lagundurik doala, edota ahal izan aditz lokuzinoaren barruan. Lehenengo ereduaren lekuko ditugu ondoko esaldiok: neure semea, ain balio andikoa da konseju au, eze berau baga ez dabe ezer balio nik emon al daizudazan zuzenbide guztiak (Aibarro Lora Sorta). Parkatuten dau inpernuan pagau bear dan zorra. Baina ez dau parkatuten norberak emen pagau al dagiana (Frai Bartolome). Bigarren ereduaren erakusgarri: Barrutia: Al dagidana egingo dot nik neure podere guztian / krutze baten isetearren (esegitearren) Jerusalengo mendian. Aibarro: Eldu zaiteze damu umil bategaz, ta al daizuen gogo sendoaz propondu, ez biurtzea beste bein onelako utsegiteetara (Lora Sorta).
Aoristoko adizkion bidez euskal hizkuntzak ekintza prozesuaren egoerari buruzko argibide bat eransten dau, euskera modernoan egiteerako aditz konposatuen egiturakaz estaldu edo neutralizatu dana: etorkizunean bete daitekela ekintza hori, baina segurtasun barik, agian, beharbada, akaso. Aditzotan aspektu marka ziurrik ez dago (nahiz aditzoina aspaldi galdurik egon sartaldean). Aditz egiturotan aoristoko laguntzailea dogu (subjuntiboa), ekintzaren gertagarritasuna adierazoten deuskuna.
Oraingoan denporazko eta erlatiboaz eregitako egituretara mugatu nahi izan dogu gure idatzia, hurrengo baterako lagata baldintzazkoak, konpletiboak eta osterantzekoak, laburzurrrean.
Guztia amaitu daigunean, kukurruku egingo dogu etxe bazterrean.
Iturriko
2017-05-19