Atseden da hitzaren era zaharra eta forma landu nagusia. “Atsedenaz atseden dait. Con morir descansaré.” (RS 252). Lazarraga arabarrak: “Eben atseden eta gero / joan zatezke, kaballero, / andiro mejoradurik” (Lazarraga B16, 1201v). “Sei egunean egin zuan Jainkoak mundua, ta zazpigarrenean atseden zuan» (Ubillos).
Baina atseren aldaerea da markinar idazle klasikoetan nagusi. Halan. Mogelek: «Bide luzeren baten sartu danak atseren bear dau zerbait, ta atseren au ez da bidea largatea, ta bai indar ta arnasa artutea aurrera ibilteko gogo barriagaz» (Konfesino Ona). “Zerren egun onetan atsereban Jainkoak bere egite ta lanetatik” (Erakuspena).
Atseden, aditz kategoriako izatetik izen kategoria izatera be aspaldi etorri zan. Aditz modura deponente tipokoa izan da: Luzaroan atsedengo dogu. Izen modura dirauela dirudi gaur egun askoz gehiago: Atseden ederrean emon zituan bere azkenengo urteak. Izen modura hartu dauen indarra dala-ta, aditz kategoriarako aditz multzo egiturak hedatu dira gehiago: atseden hartu, atseden egin, atsedeten egon.
Izen modura atsedenleku be aspaldi garatu zan: “Zerren egunau da, zeinean biztu zan Jesu Kristo, igaroteko betiko deskansu edo atseren lekura” (Erakuspena).
Euskera bizian atseden hitz zaharkitu bihurtu da gehien bat, adin batetik gorakoek baino ez darabilena. Markinaldean, esaterako, lan neketsu eta luze baten ondoren atseen ein, atseen hartu esaten izan da. Eta erdialdeko hizkeretan, hara G. Garateren testigantza: atsedeten daude (G-azp, AN-gip) (Erderakadak).
Aditz zaharra izanagaitik, hizkera moderno landuan atzera hartu dau indarra, besteak beste ‘deskantsau’ eta ‘deskantsu’ mailegu-hitzak saihesteko, nahiz herri-berbetan nagusi izan.
Eguzkitza idazle klasiko modernoaren lekukotasun bategaz burutuko dogu idatzia: “Lotu egiten naioek –diño txakurrak–, egunez atseden dagidan, gabaz itzar egoteko” (Gizarte Auzia).
Adolfo Arejita