Galdera da: errazoi edo esplikazino hori emonda badago, zelan ete dago hobeto? EmoTEA, EmonA ala emon IZANA?
Egitura zuzenak hiru mende-perpaus osagarriak dira berez. Hau da, mende-perpauson aditzak, jokatubakoak, emotea, emona edo emon izana dirala. Edozelan be, esaldi horretan, errazoi-emote, argibide-emote edo esplikazinoa emonda dago honezkero. Gaztelaniaz be ordaintzat esan leiteke ingurune berean: ‘por darme (una explicación)’ edo ‘por haberme dado (una explicación)’.
Non dago bata edo bestea erabiltearen aldea? Esplikazino bat emoTEA denporan orokorra da, neutroa. Bardin izan leiteke lehenean, orainean edo geroan. Baina, esplikazino hori honezkero emonda dagoala zehatz adierazo gura badogu, emon IZANA erabiltera joko neuke nik. Aditz partizipio burutuaz eregiriko egitura bikotx hori dogulako ziur, argi eta zehatzena.
Eretxi hori aurretik emonda, argitu daigun zaharragoa eta ugariagoa dala emonA eredua, emon izanA baino. Hau da: Esplikazino bat EMONA eskertzen dot esatea, artez eta zuzen adierazoa izateaz ostean, zaharrena be berau dogula. Egitura horrek be, igarota dagoan esplikazino-emotea zehatz eta argi adierazoten dau.
Egindako edo burututa dagoan ekintza bat, mende-perpaus konpletiboaren bidez aditzen emoteko, aukera bereizgarri nagusiak bi horreeexek dira: emona eta emon izana. Eta esangura aldetik ez dago diferentziarik bataren eta bestearen artean.
Tradizino idatzira joten badogu, argi dago emona ereduko aditz partizipio mugatua dala menderakuntza konpletiboan nagusi izan dana. Aditz nagusi izendatuakaz agiri izan da normalean. Ezagunenetarikoa damutu/damu izan edo garbatu.
Geure idazle hurreko bi aitatzearren:
– Mogelenean honako aditzakaz agiri da. Damu izan aditz multzoaren azpian: “Damu dabee geiago ezin ostua” (CO). Ezagutu aditzaren azpian, baina ezagutu ‘autortu’, ‘reconocer’ balioagaz erabilirik: “Ezagutu biar da ondo egina, edo mesede artua” (PAb). Ondo egina, ‘ondo egin izana’ aditzen emoteko, eta ez ‘ondo egindakoa’, eta mesede artua, ‘mesede hartu izana’ aditzen emoteko, eta ez ‘hartutako mesedea’ adierazoteko. Gogoan izan aditz multzoagaz: “gogoango dozu nozbait nire esanak ez egina” (Ip). Igarri aditzagaz: “igarririk uts egina, lagunaren kaltean dagozala txito pozik” (CO). Ukatu aditzagaz: “Ukatu gura badau dongaro egina, artuten dabe mila kontu aterata” (CO).
– Mateo Zabala idazle sermoilari bilbotarraren lumaz idatzirik: “Garbatuten jako lapurrari ostua” (Irun). Garbatu, gaur urri erabilia dan aditza, damu izan/damutu aditzaren baliokidea da. Ezagutu aditz nagusi dala be idazle beronek idatzia da: “Nik san Pedrori ezagutu eragin neutsan bere deungaro egina” (Jerus).
Emon IZANA tipoko konpletiboa urriagoa da berez emonA tipokoa baino. Baina aspalditik datorrena, bigarren hau be. Aldi baten, aste santuko eleizkizunetan sarri kantetan zan misino-kantu baten lehenengo bertsoaren hitzak dira: “Damu dot, Jauna, bihotz guztirik / zu nahigabetu izana. / Ez, ez gehiago pekaturikan, / nere Jangoiko laztana”. Doinu gozo lirikoaz kantatua. Eta denporan atzerago jota, hara Gerriko idazle sermoilari klasikoaren esaldi bat: “Birtutearen nekeagatik damu balu jaio izana; kristau izatea; edo deseatuko balu abere izatea” (Saiakera II).
Damu izan aditz nagusi dala, horren mendeko esaldi osagarria, aditz partizipioz josia danean, sarri erabili izan da izana aditzaz osotua.
Neure eretxian, esplikazinoa EMON IZANA eskertu eredua gomendagarriagotzat daukat gaur egun. Arrazoia? Emona soilik dinogunean, ‘emondakoa, emonikoa, emon dana’ erlatibo-balioa errazago ulertzen da kontesturik gehienetan. Askoz erabiliagoa da emona partizipio mugatzailedunaren esangurea erlatiboko perpausetan, funtzino konpletiboaz baino. Eta hizkuntzaren ibilian emon izana garatu badau euskal hizkuntzak, anbiguitate puntu hori uxatzeko egin dauela esango neuke; emona soilaren ordez emon izana konplexuaren bidez balio eta funtzino konpletibo hori zehaztasun gehiagoz espezifikatu eta diskriminatzeko.
Adolfo Arejita