Arte berbeak, euskeraz be, esangura diferenteak ditu, ertigintza albo batera itxita be. Arte arbola-izena, toponimian ugaria dana (Artetxe, Arteta…), itxura berekoa izan arren, bestelako hitza da guztiz: homonimia garbia da bataren eta bestearen itxura berekotasuna.
Baina pluralaz sortua dan esamodu hori, arteak hartu ezinik egon, sartalde euskeran ugaria izateaz gainera, bitxia eta adierazkorra da benetan be. Errazoi diferenteakaitik egon leiteke bat arteak hartu ezinik. Eta ez dot gitxitan entzun, norbait egoera horretan ohi dagoala, gaztelaniaz «no pudiendo soportar» dalakoaren ordain gisa.
Artea, hitzaren adiera honetan, ‘sosegua, egonarria, patxadea, trankil egotea’ da. Gitxi batzuetan baiezka erabilia da: Arte osoan egon, ‘nasai eta trankil egon’ adierazoteko, baina ezezkako egituran sarriago entzungo dozu mila bider, behin neuri jazo jatan antzera: Andaluzian be ez dago jentea arte osoan aspaldion.
Artea, arteak, arterik itxurapean, arte izenagaz esamodurik finkatu eta hedatuena, hartu aditzagazkoa dogu. Singularrez, artea hartu, baiezka be erabili ohi da. Baina pluralez, arteak hartu, ezezka erabili ohi da sarriago, arteak hartu ezin, edo hirugarren bat, arterik hartu ezin, -ik partitiboduna. Adberbio funtzinoan gehienbat: hartu ezinik, hartu ezinda. Beti be, ‘trankildu, sosegua hartu’ aitzen emoteko.
Baiezka urriagoa danez, hara emazteak senarrari emondako aholkua: Artea hartuizu, gizona!
Ezezkakoa esangune diferentetan erabilten dogu:
– Arteak hartu ezinik dago = nasai egon ezinik (Morga). Beroagaz arteak hartu ezinda ibili da gau osoan = lorik egin ezin dauela. Eta umeen kontuan: Ume gaizto honegaz ezin dogu arterik hartu. Kirikiñoren adibide bat gehituko dogu, gerra aurrekoa: «Han dabil Pradera zoratuta lez arterik hartu ezinik, gaztelarrak eurak baino be txarrago» (Aberria, 219).
– Eta pertsona baten izakerea deskribatzeko be, geldi egon ezinekoa dala esateko, perifrasi hori berori erabilten da: Arteak hartu ezinekoa dala.
Aditz bat be garatu da arte izenagaz, era positiboan: artetu, «arteak hartu, senera etorri’ adiereaz. Eta adjektibo bat be bai, goranzko kualidadeaz: artetsua, pertsona bat sosegu handikoa dala esateko.
Zabalago dabil, ostera, arte berba honegaz garatu dan ezezkako adjektibo zahar bat: artega, izen soilari -ga atzizki pribatiboa dautsala. Pertsona bategaitik, artega dagoala dinogunean, ‘urduri, arbin’ dagoala esaten gagoz. Gaixorik, nerbioak hartuta, patxadarik hartu ezinik dagoanagaitik be esaten da: Ospitalean egon dan denpora guztian artega egon da. Edo: Gau osoa artega pasau dau. Eta gurasoakaz seme-alaben arteko sarritako egoerea dala-ta be entzuten da: Gurasoak artega egoten dira seme-alabak etxeratu artean. Eta norbaiten maltzurtasuna agiriratu danean: Guztiz artega jarri da, bere asmoak igarri deutsiezanean. Berbeta batzuetan, artekadua dala esaten da ‘artegea, urduria, kezkatsua’ danagaitik. Persona artegadua, Bermeoko berbetan esanda.
Eta artega adjektiboaren aditza, artegatu: ‘urduritu, larritu, kezkatu’ esateko. Esaterako: Artegatuta nago, ea zegaitik telefonoz deitzen ez deuskuen.
Lau haizetara
Adolfo Arejita