Hedabideetan alkarrizketatu bati entzuniko esaldia: “Gauza asko gertatu leitekez hemendik eguaztenera arte.”
Noiztik noizera edota noiztik noiz arte da esaldi honetan aditzen emon gura jakuna. Baina zelan erantzun daroagu, denpora-epe bat osorik seinalatzeko, hasten danetik amaitzen dan arte?
“Gauza asko gertatu leitekez hemendik eguaztenera arte”, ondo esanda dago berez.
Baina badira beste formula batzuk denpora-epe baten hasierea eta amaierea zehatzago esateko. Nik bitartean postposizinoa erabili gurago neuke eta denpora-tartearen ikuspegia erantsi: hemendik eguaztenera bitartean. Baina idea bera adierazo daiteke artean postposizinoa erabilita be: hemendik eguaztenera artean, berez tradizino zaharragokoa. Denporearen tarte, bitarte edo iraupen osoa zehazten da marka bi honeen bidez, ez denporearen azken mugea, atze-mugea. Azken muga horretarako erabilten da gehiago arte, eta Iparraldean daino. Halan, itaun egiteko: noiz arte edo noizdaino.
Bide batez esanda, badaukagu beste marka zahar bat, -dino, atzizki erantsi lez erabilten dana: Oraindino, noiz artino eta abar.
Kontestu batzuetan ez da behar postposizinorik be. Esan lei: Gaurtik biharrera edozer jazo leiteke. Edo: bihartik etzira ez dot uste gauzak asko aldatuko diranik. Era leunagoak dira, ez hain markatuak.
Gaztelaniaz be “hasta” erabilten da batzuetan eta “mientras” beste batzuetan, lehenengoan denpora-iraupena eta bigarrenak denporearen atze-muga adierazoten dauela. Baina euskeraz ez dabe beti bardin funtzionatzen arte, artean eta bitartean postposizinoek.
Adolfo Arejita
Lau haizetara