Aditz diferente bi darabilguz hemen aidean eta nahastean. Bata da irazi (irizi), eta bestea da irabiatu (iribitu). Arrautzea zotzagaz ‘irabiatzea’ da bat eta esnea edo isurkari bat ‘iraztea’ (iriztea) beste bat.
Arrautza bat irabiatu egin daiteke zotzagaz, eta zuringo mehea eta gorringo lodiagoa, zotzari eraginda, mehetu egin daiteke, ia isurkari bihurtzeraino.
Irazi aditzak beste esangura-arlo batzuk be hartzen ditu. Halan:
– Diru eta ondasunen gorabeheran erabili izan da irazi aditza antxinatik eta sarri. Bada errefrau bat, Azkuek jasorik dakarrena eta dinoana: “Zelan irabazi, halan irazi” (Dicc.). Irazi, ’gastatu, eralgi’ adiera hartuta. Antzeko esangureaz (‘malgastar, dilapidar’) agiri da birritako aldiz errefrau zahar bitan. Batak zahar aurrezleen lan ahalegintsua osteko belaunaldiko gazteek “harriko zulotik” zelan isurtzen daben gogoratzen dauena: “Zarrak sagastia ibini, gazteak irazi” («cuela») (RS 177). Eta: “Gaxoto irabazia iratxoen da irazia” / «Lo mal ganado es de la fantasma exprimido» (RS 301). Eta Azkueren belaunaldian Otxolua idazleak be halantxe: “Eurok [diru eta ereztunok] gorde ezinik edo zetan irazi bururatu ezinik, burua zoratu-zoratu eginda, ez bakerik, ez arterik eneukelako izango” (Bertolda).
Zer irazten (irizten) da gehiago?
Zornea (apostema) edo handitua irazten da ebagi bat eginda. Añibarroren luman: “Anditua, zaldarra, sustarra danean, kanpora istanda egiten danean, esperanza da osatuko dala” (Geroko Gero).
Oihala edo ehuna irazten da (urdir el lienzo). Eta horri atxikia da iraztaska berbea be, Mogelek, jostunek lan egiten eben ehuntegiak zehaztean, izen alkartu bitan darabil irazi aditza. Behin iraztaska izenean, ariltegi sinonimotzat emonda: ‘urdidero’: “Iraztaskea o ariltegia”; eta beste behin Iraztramaak izenean, gazt. “aspas”(PAb 84).
Lurra irazten da, laiakaz edo kako-atxurragaz iraultzen danean.
Gizakiok be irazi edo irazitu egiten gara, osasuna hobetuz argaltzen garanean. Azkuek Gernikan batu eban irazitu adiera honegaz: “adelgazarse, mejorando de aspecto”.
Isurkarien gorabeheran darabilgu sarrien irazi, gazt. ‘colar, filtrar’ adieraz. Esnea irazi esan ohi da sarri. Halan: “Lelengo iraziten da ezne batu barria” (J. A. Uriarte Dialogos).Mahats garaunetatik irazten da mahats-ardaoa be. Añibarrok konparantza baten dinoan lez: “Bardin ikusiko dozue, egiten dala, mats garau irazietatik ateretan dan ardaoagaz” (Lora Sorta).
Bibliaren itzulpenean Leizarragak holan dakar: “Gidari itsuak! Eltxoa irazten duzue, eta kamelua iresten” (TB Mat 23).
Adjektibo modura be ezaguna da irazia, pertsonen gorabeheran berariaz, ‘mehe, argal’ adieraz. Halan: “Soin me, txairo ta irazia / loturik estuegi dakarrela gerria” (Euskalzale 1897, 362) (Arrese-Beitia).
Adolo Arejita