Dakienak dakiHizkuntza

Arratiako euskera-modua

Posted on

Arratiako Bedia herrian, lehenagokoek Kolazino esaten eutsien horretan, Arratiako berbetearen ganeko berbaldi txorta bat hasi da iragako astean, ibar horretako berbeta-moduaren edo moduen ganean zehaztasuntxu batzuk azaltzeko berbabidea emoten dabenak.

Arratiako euskerea dinogunean, lehenengo argitu beharrekoa, ibarra edo eskualde geografikoa eta bertabeko berbakerearen mugak bat ez datozala guztiz. Arratiako berbakerearen edo berbakeren mugak zabalagoak dira, ibarraren esparrua baino. Zeberio, kasurako, askorentzat ez da Arratia, zeharreko ibar bat baino, Arratia eta Nerbioi-Ibaizabal ibarrak lotzen dituana. Ugao aldera dagoan Zeberioko berbetea hurrago dago, beharbada, Arrankudiaga-Ugao aldekotik. Galdakao eta Usansoloko hiztunak berbeta aldetik Arratia barruan sartu beharrekoak al dira, edota noragino bai eta nondik hara ez? Usansolo Arratiatzat joteko arazorik ez leuke egon behar, kontizu, berbakereari joakonean. Ibarretik goi zelaira igon ezkero, behin Barazar eta Dimako portuak goitu ezkero, lurrak Zeanurirenak zein Dimarenak dirala, hango berbeteak ez dauka Arratiakoagaz zerikusi esturik, Ubidekoak edo Otxandiokoak, esan gura dot. Goi zelaiko berbeta horrek Arabako lautadakoa dau seniderik hurrenekoa.

Uribe merindade zaharraren hegoaldera dago Txorierria be. Larrabetzutik Erandio-Leioa ingurura arte doan ibarreko euskereak Arratiakoaren antz handia dauka; diferentziak gorabehera, senide hurrekoak dira, eta batzuetan igarten errez be ez, zein nongoa dan. Gaur Uribe-kosta deritxogun parajean, ostera, hainbat urruntzen da, ostera. Paulo Zamarripa sondikaztarrak ia bardintzat joten zituan Txorierriko eta Arratiako berbetak.

Arratia barruan be goia eta behea dira, goitia eta behetia. Arratia goitia Zeanuritik Igorre ingurura arte ailegetan da, Dima barru dala. Eta beheitian, harik Galdakora doan alderdia. Goikoek gehio esaten dabena, behekoek geao esaten dabe, edo goikoek berbotsa esaten dabena behekoek berbalotsa, adibide pare bategaz erakusteko alderdi bakotxean badirala berezitasunak, eta areago hondino, herri batetik bestera be bai, hurrean.

Euskera zaharraren gordeleku

Ez da guzurra, Arratiako berbakeran badirala beste leku batzuetan gorde ez diran berba, adizki eta esakera batzuk, zaharrak edo itxura zaharrekoak diranak. Baina hori ez da Arratian bakarrik jazoten. Oinatira goazala, Markinaldera goazala edota itsasaldean Bermeo edo Ondarroara goazala, nahinon idoroko ditugu zelango edo halango arkaismoak, moduren baten esanda.

Horren arrazoitzat behin baino sarriago joten da Arratia edo arratiarrak bakartuago bizi izan diralako dala hori. Lehenago-lehenago halan izango zan hori, baina Arratian ezeze, beste leku askotan be bardintsu, ibar edo haran batekoak auzokoaz urrunagokoen barri nekez ekien denporetan. Arratia inguruakaz bidez ondo lotuta egon da aspaldiko belaunaldietatik, bai Arabako goi-lautadeagaz eta Bituriegaz, eta zer esanik be ez Bilbogaz. Zalpurdiak, eta idi-buztarriak be, aspaldiko denporetatik ibili dira atzera-aurrera, goitik behera laborea, ardaoa eta laborantza-generoa ekarten, eta behetik gora burdinea eta bestelakoak gorantz eroaten, Arratian zehar. Zerbait harritzekoa izan daiteke, Gasteiz eta Bilbo aspaldi erdaldunduak izanik, erdi-erdian dagoan Arratian euskereak hain bizi, hain oso eta hain indartsu, hitano eta guzti, zelan iraun dauen. Eta, ostera, Gorliz eta Plentzia lako betiko itsas herri euskaldunak, Bilbotik urrun barik baina ondoan be ez, zergaitik erdaldundu diran hain arin. Arratiarrek euren berbeteari izan deutsen eraspenak eta harrotasunak be zerikusi euki lei horretan. Arratiako tranbiaren kontuak, ia geure egunetakoak diranak, ez da zertan aitatu. Arratiarrak Bilbon birik baten egon dira Bilbo Nagusiaren industrializazinoa hasi zanik gora, eta lehenagorik be. Neskatila asko etorten zirean krida eta gizonezko asko errio hegaletako moiletara zama-ontzien karga-deskarga beharretara. Erderea, gaztelania, berez lez ikasi eta ezagutu dabe arratiarrek aspaldirik, Txorierriko bendejerak eta beharginek egin daben moduan; honeek be euren etxe-, auzo-, herri-berbeteari tinko eutsiaz.

Egina izan leiteke, beharbada, Arratiako euskaldunek uri nagusietako erdaldunakaz euki izan dabela kanpo-hartuemon gehiago, beste eskualde euskaldunetakoakaz baino; esan gura da, Orozko eta Nerbioi aldekoakaz edo Durango aldekoakaz baino. Beste era batera esanda, euskera egin izan dabenean, arratiarrakaz egin dabela askoz gehiago, beste euskaldunakaz baino. Horretan egon daiteke, beharbada, arratiarren euskal berbetearen berezitasunaren eta zahartasunaren giltza. Bat behintzat.

Literatura eta herri literaturaren gordeleku

Bizkaiko su beroa deitu izan deutse behin baino sarriago Arratiari. Ekialde bazterreko lurraldean legetxe, Bizkaian eta Hego Euskal Herrian, hemen gorde izan diralako hainbat balada edo erromantze zahar, herri literatura genero zahar sundako bat aitatzearren. Frantzie-kortekoa baladea dogu eredu bikain bat.

Literatura idatzian, Arratiagaz zerikusi handia daben idazle bi, alkarren segiduko belaunaldikoak: Pedro Antonio Aibarrom Areatzako semea, eta Juan Mateo Zabala, bilbotarra, baina amatatik jatorriz Areatzakoa. Amaren euskerea edonondik dario sermoilari honi bere idatzietan.

Denporan hurragora etorrita, gogoan hartzeko idazleak dira Larrakoetxea anaiak, Juan Kruz Eguzkitza lemoarra, Gabirel Manterola zeaniztarra edo Lino Akesolo dimostarra, guztiok bere maila goreneko idazleak. Horrek ez dau esan gura, euren idatzietan arratiar tasun hori erakustera jo dabenik guztiak, ezta hurrago be.

Arratiako berbaikunearen ezaugarri ganetiko batzuk

Arratiako euskerearen ezaugarri batzuk, edo han gorde diran berezitasunak

  • Fonetika aldetik, ezaugarri askotan, Arratia eta Txorierri aldeko berbaikuneak batera antzean datoz. Izan be, Gallo eta Erletxeta bidekurutze dirala, mendi aldraparik igaroteko behar izan barik, leun-leunean baterik bestera erraz joteko ibarrak dira bixeok.

Halan, yan, yoan, yausi, yosi lango aditzen lehen hotsean batera datoz. Halanda be, ezaguna da horraitino j hotsa be, Jangoikoa, Jaune, anajea eta halango berba bakan batzuetan. Zehatzago izateko, Jaune eta yaune ez dira bat arratierako legean, bata zerukoa eta bestea etxaguntza ederren batekoa izan leitekez.

  • Morfologiari jagokonez, izen-adjektiboetan, mugatzaileak bokalez amaituriko berba bategaz joten dauenean, Arratiakoa da bokal-bikoteen era zaharrenak gordeten dituana. Hori izan daiteke, arratiarrek euren euskerearen ganean daben harrotasunaren arrazoietariko bat. Alabea eta plazea entzungo dozu; edo etzea eta merkea. Berbak -i bokalez amaitzen diranean, -ie batera zarratzen da -ia zaharra: ogie, ardie, mendie eta zaldie entzungo dituzu. Berbearen azken bokala -o danean, bere horretan batuko dira: astoa eta sendoa. Eta -u amaierakoetan be -ue zarratze txikia: mundue eta zerue. Zeozegaitik gure sartaldeko klasikoek, Aibarro eta J.M. Zabalak eutsi eutsen euren ahoskera legeari, Markina eta ekialdeko idazleenari barik: merkea eta ez merkia, handia eta ez handija; osoa eta ez osua, mundua eta ez munduba.
  • Izenordainetan, Arratiako leku batzuetan nahinor, nahinon eta nahinoz gordeten dira hondino (Zeanuri), erdialdeko hizkeretan darabilezan nornahi eredukoak, baina atzekoz aurrera. Bizkaieraren ganetiko eremuetan nagusi diran edonor, edonon, edonoiz/edonoz eredukoen aurrez aur.

Galdetzaileetatik datozan eratorrietan bizirik dirau hondino nonbaisten (Zeanuri) berbeak. Horren atzean nonbaist dago, -baist hitz aldaera zaharra gorde dauena, ekialdeko bait- hizkiaren sartaldeko ordaina. RS bildumako errefrau zaharretan bada bat dinoana: Zelangoa baista amea, halangoa ohi da alabea. Nonbaisten berban hizki berorixe daukagu.

  • Zahar usaina darien erak badira, deklinabidearen eta aditz jokoaren morfologian be.

Halan, deklinabidean, -n inesibo zaharraren azterrena daukagu, beste leku batzuetan -an ebaten diran honelango berbetan: beharren (beharrean, lanean) edo lapurren (lapurretan). Ablatiboko atzizkia, lekuaren eremuan -ti entzungo dozu sarri, beste leku batzuetan -tik ebaten dan kontestuetan. Halan: handi-horti-hemeti, basoti, menditi Txorierrian be horretan bardintsu jokatzen dabe.

  • Aditz jokoan be zahar sundako honetariko jokoak entzungo dituzu: joan zirean edo esango deustat (esango deuat).

Hitanoa be franku entzungo dozu, gizonezkoen artean behinik behin. Andrazkoen artean, Arratian be, beste leku askotako antzean, gitxiendu, erkindu eta urritu egin da itzelean iragoko belaunaldietan. Mehats entzuten da gaur. Baina berori tratua hondino be ez da guztiz galdu. Arratian, hondino hontsura arte, eleizgizon eta halangoai ezeze, guraso zaharrai berorika egiteko usua egin da. Zeanurin halan izan dala, behin baino sarriago entzun deutsagu Ander Manterola jaunari.

  • Atzizki graduatzaileetan -to atzizkia handitzeko eta -xe, -txe atzizkia txikitzeko, Arratiako euskeran agiri da garbiroen, beste bizkai lurralde batzuetan be ezagunak izan arren. Harako bertso-kopla batzuen berbak adierazgarri onak dira: «Abadearen lapikotxea txikina baina gozoa / ikazginaren lapikotoa, handia baina harroa».

Atzizki hanpatzaile lez agiri da -to berba askotan: nagitoa (nagitzarra, nagi handia), lapurtoa (lapurtzarra), gizontoa (gizontzarra) edo andratoa (andratzarra) berbetan. Atzizki biak batera dirala be bai: nagitotzarra, lapurtotzarra.

  • Lexiko arloko berba zahar itxurako batzuk aitatu daiguzan:

Gizaki-izenetan, senidetasunekoetatik hasita: aitaxea eta amaxea, beste leku askotan ‘aitaginarreba, amaginarreba’ diranak. Edo aubea, ‘amaginarreba’ esateko. Amae, ‘birramama’ esateko. Arratiar baten esanean: Amamaren ama, amae». Amandrea be ‘amama’ esateko erabilia da leku batzuetan (Bedia).

Senidetasunaz ate, etzanderea, ‘ugazabandrea, propietariea’ esateko; beste berba baten, errentadorea ez dan emakumea.

Kridua eta kridea, holan laburtuta, beste leku askotan, osorik,’ kriadu, kriada’ edo lehenago ogitukoa, esateko.
Abere, pizti, koko eta enparaduen artean aitatu leitekez: Apoa edo apotxarria, ‘txarri ar heldua’ esateko, gaztea ordotsa dala. Azuria, ‘bildots jaiobarria’ esateko. Giberrria, ‘ahume, antxume’ esateko. Edota giberritoa, urtebetez gorako ahumeari. Uretakoen artean, txubelaixoa, ‘ugaraixo, igel’ esateko.

Etxea, etxe barrua, etxe ingurua: labrantza-etzea (baserri-etxea), behesua (behekosua, supazterra) (fuego bajo); edo suitea, lehenagoko segetea, beste lekuetan sutea, sukaldea edo ezkaratza esaten danerako.
Etxe inguruko objektoetan, bi aitatzeko:itxuskia, ginarra edo erratza esateko; edo zarandoa edo zandoa, ‘otzara txikia’ esateko.

Soineko eta jazkera kontuan, frakak esaten jake beste leku batzuetan ‘prakak’ edo ‘galtzak’ deritxenei.

Geografi eta eguraldi fenomenoetan be badira berba berezi antzekoak: abaroa, arboladi zarratua gehienetan, ganaduaren babesleku izaten dana. Abazuzea, ‘txingorra’ esateko, Uribealde osoan zabal dabilena. Inizitua, ‘oinaztua’ esateko. Burrutsa (aldapatsua, terreno costanero). Edo zurdea, ‘izotza’ eta zurdatu ‘izotza egin’ esateko entzun daiteke herri batzuetan.

Denpora esparruan, urrilelangoa eta urribigarrena deritxehondino Arratiko leku batzuetan irail-urriei.

Elikadura, jan-edan eta uzta eremuetan: babagorria (indaba/babarrun gorria) (alubia roja), edabea, ‘edaria’; laborea (cereal), edo zekalea, gazt. ‘centeno’. Arabako goi-lautadako kontzeptuen erreferentzia beti hurrago, Bizkaian itsasorantzago dagozan lurraldeetan baino.

Material edo gai izenen artean: burrinea eta firua entzuten dira ‘burdinea’ edo ‘haria’ esateko. Eta josten dauena, joskilea, Uribealde osoan zabal dabilen berbea.

Gizakiaren jarrera, sentimentu eta erreakzinoei jagokezan hitz batzuk: Estukurea, estura, esturasuna esateko. Gedar, gedar egin, gedarrez, beste lekuetan ‘deadar, aldarri, hots, oihu’ ohi danerako.

Zenbakietan: brimila, «birmila» zaharragoa metatesiaz, besteok darabilgun bi mila ordez.

Adjektiboak

Berbatia, ‘berbaldun’ esateko. Esan onekoa edo esanekoa, esangin edo obedilea esateko. Lejitoa: arratiar lejitoa (legtimo, verdadero, autntico). Txibiza, ‘mizkina, gozozalea, kusa’ da leku batzuetan. Baina ‘bekaitzez betea’ esangurea be badau. Horretatik, txibizkeria.

Aditz kategorian aitatu daiguzan: Aforrau (zaitez) (izorratu zaite, te fastidias). Erantau, ‘altzau, jaso, asmau’: guzurrakerantetan. Eragon, ‘ekin, jardun’ esateko, aditz jokatu lez entzuten da: behar eta behar daragoio. Ifini entzungo dozu, ‘ipini, imini, jarri’ esateko. Irun: ‘hilar’. Trabenera andrea,/ badozu liorik?/ Arduaren trukian / irungo dodaz nik. // Liua badot baye / ondo iruteko,/ andra ardozaleak / ez dau ondo irungo. (Zeanuriko koplak). Laurkindu, lau zati egin adierazoteko. Txikirtu, beste leku batzuetan txikertu edo txikitu ohi danaren lekuan. Usigi: ausiki, sugeak kasurako. Usikada, usigiteko ekintza. Zogotzi edo zorotzi, zelatan, jagoten egon adierazoteko. Zolitu, heldu esateko.

Adberbioen artean: Adinon (bizi): kili-kolo (ms o menos, justito, no mal pero tampoco bien). Alozo, ‘alazo, eroso’ esateko. Barrien barri, ‘barriro’ esateko. Beren-beregi (nahita, gurata, apropos) (conscientemente, intencionadamente, a propsito). Galapan, arin-aringa esateko, Txorierrian be asko erabilia. Osteian eta osteiko, ostean, atzean eta osteko, atzeko esateko. Tertzioz (sasoiz, garaiz) (a tiempo). Komenientziarren (nahita, por conveniencia). Zemaika: amenazuka, mehatxuka. Zuzian, ‘tximistan, txistu bizian’ joan, etorri edo igaro, adierazoteko.

Postposizinoen artean: Atxina: Postposizino hau sarri entzungo dogu nondi kasuari dautsala: handi atxina, handik aurrera esateko, edo hemendi atxina, hemendik aurrera esateko. Goiti beheiti: gora behera: gitxi goiti beheiti: gitxi gorabehera.

Esaldi adberbioetan: Ameneko, ‘beharbada’ esateko. Aurki, Uribealde osoan zabaldua.

Hurrean, ‘antza, dirudienez’, Txorierrian be zabal dabilena.

Gaurkoz asko da.

Iturriko
2014-11-07