“Alperrik zuk errazoia euki, kartzelara behar dozu” “Alper da Maria makilatu, berdin berez behar du”
0. Sarrera
Euskal gramatikan menderakuntza kontzesiboa izenaz aitatzen dan gramatika-alderdian, nekez azaleratzen da alperrik adberbioaren papera mendeko perpaus mota horretako baliabideen artean.
Eztabaidatzekoa izan lei, ea menderakuntzaren barruan sartu beharrekoa danentz ala komunztadura barruko azpisail legez aztertu beharrekoa. Izan be, alperrik horregaz hasten dan esaldiko aditzak ez daroa ezelango menderagailurik, atzizkirik zein aurrizkirik, menderakuntza bermatuko leukenik.
Baina gauza ber jazoten da, menderakuntza barruan aztertu ohi diran beste eremu semantiko batzuetako markekin be: ze (eze, ezen ) edo zerren aurre-markakaz be, deigarrien bi aitatzeagaitik.
Morfologiaren estutasunak alde batera itxita, ezin da ukatu, alperrik adberbio-markaz hasten dan perpausa horrek, semantika ikuspegitik behintzat, menderakuntzaren betekizun berberak beteten dituala, formalismo guztien gainetik. Halanda ze, atal horren barruan astinduko dogu marka “kontzesibo” honen arloa.
1. Alperrik eta alper aurre-markak eta euron eremua
Alperrik adberbioa da berez, baina perpaus hasieran perpaus-marka modura jokatzen dau. Sarriroen alperrik izan aditz lokuzinoaren barruan erabilten da, nahiz aditza eliditurik egon gehienetan, baina eremu batzuetan alperizan aditz lokuzino barruan; berariaz Bermeo eta inguruetako berbetan.
Menderakuntza kontzesiboaren gramatika-baliabideen artean gitxitan aitatu izan da. OEH corpusean be, balio kontzesibodun egiturak testuen artean jasorik egon arren alfer eta alferrik sarreretan, era sistematikoz eta taiutuz ez da aztertu izan puntu hau.
Eusebio Maria Azkueren bertsoetako adibide batzuk alfer sarreran eta honen seme Resurrección-en bat edo beste dira adibiderik gardenenak. Aitarenak:
“Leiora agertu jakon / gelako txoria / zeruko atera legez / barruko gloria, / ta alper ilargi barik / gaba zan iluna, / laster ezagutu eban / kanpoko laguna” (Azc PB 141). “Biba Isabel segunda, / ona baino obea, / Isabel lenengoan / birloba noblea: / alper biziko gara askoz urrunago, / ezta Erregina izango / emen maiteago” (Azc PB 209).
Resurreccion semearena, hurrengoa:
“Alper urrezkoa izan, saldu egin bear izango dau”. (Euskalerriaren Yakintza III).
Sartaldeko hizkeretan erabilia da batez be, bizkaieran eta gipuzkeraren sartalde alderdian, baina sartalde horretan be eremu batzuetan dauka berbazko bizitasuna: kostaldeko herrietan gehiago barrualdean baino, eta Lea-Artibai aldetik ekialderantz gehiago mendebalderantz baino.
Ahoz, berbaz, bizitasun handiagoa erakutsi dau idatzizko tradizinoan baino. Horregaitik igaro da, beharbada, ia estalian kontzetsibo-marka zorioneko hau.
Neure ikasle euskaldunak izan ditut ahozko erabileraren testigu onenak menderakuntza honen kontuan. Halan ikasi neban zein ugaria eta ohikoa zan kostaldeko herrietan alper marka kontzesiboaz hasten ziran esaldien erabilera. Bermeoko behinolako ikasle batena, hurrengoa:
“Alper zuk klasie emon, gu ezkariez dxungo klase orretara” (Bermeo. 1992-VI).
2. Sintaxi egitura
Perpaus bi alkartzen diranean, bata kontzetsibotasunaren adierazlea eta bestea ekintza nagusiarena, lehenengo lekuan agiri ohi da (beti edo ia beti) mendeko kontzesiboa dan perpausa, eta perpaus horren buruan, hasieran, ipinten da menderagailu-marka, alper edo alperrik; bata edo bestea, leku bateko edo besteko hiztunen ohituren arabera.
Perpaus buruan ipiniriko alper edo alperrik horren oinean aditz lokuzino osoa daukagu: alper izan edo alperrik izan, nahiz eta adierazkizunaren arabera, izan aditza barik, beste aditzen bat agertzen dan, eta sarri askotan aditza eliditurik, aldendurik, egoten dan. Alper da edo alperrik da egiturak dira perpaus buruan nagusiro agiri diranak.
Mende-perpaus horretako aditzaren erabilerak diferenteak izan ohi dira. Hara nagusiak:
– Aditza agirian, baina jokatu barik, partizipio erara. Aditza azaltzen danean, hauxe, partizipio egiturakoa, da gaur egun sarrien erabilia dan egiturea:
“Timoteok, alperrik esanak esan, ez eban karrerarik ataratzen, beste hiru edo lau aldiz be entzun eban bere ugazaba arroskoagandik” (Juan San Martin Eztenkadak).
“Alperrik euria egin, jente asko batzen da san Martin hurrengo domekan Bermeoko azokara eta asko saltzen da” (Bermeon entzuna).
– Aditz jokatuaz gitxitan baino ez da erabilten, eta ez da erabili izan, kontzesibotasun-egitura hau. Aditz jokatu horrek, halanda be, ez daroa ez atzizki, ez aurrizkirik; aditz jokatua bere soilean agiri da, perpaus nagusi baten egiten dan legetxe.
Baina Mogelen hurrengo hau ondo erakusgarria da:
“Alperrik soldadu erkin, koldar ta guperea zapalduko dozu zemaiz ta agiraka garratzez; alperrik ondo esanagaz eregauko dozu; baldin jatorriz ta berez legez ezpadakar biotzeko azkortasuna, ez deutsee berbaak zirkinik eragingo” (Peru Abarka).
– Aditzaren elipsia da sarri jazoten dana. Lekukotasun bi. Bata, XIX. mendeko gabon-kanta baten lauko biak:
“Alperrik Gabonetan / eguna laburra,/ mendi ta ibarretan / sarritan edurra;/ pozak berotzen ditu / gizonen biotzak,/ inor kikildu barik / ez haize, ez hotzak” (J.A.Uriarte Poesia Bascongada).
Bigarrena, Aita Baertel sermoilari ospetsu durangarraren sermoi batetik hartua:
“baiña alperrik inpernu guztien urrumada kiñutuak, geure fede ta sinistea ez deuskue kenduko” (1886ko Durangoko Sermoia).
3. Atze-posizinoaren salbuespena
Kontzetsibo-egitura perpaus nagusiaren ostean gitxitan baino ez da erabilirik agiri, portzentaiari jagokonez. Horrek ez dau esan gura, erabilia ez danik edota izan danik.
Mogel idazle handiak behin baino sarriago darabil atze-posizino horretan. Halan:
“Urtik bat esaten bajako, alde egingo dau maiaren alboti […]; alperrik izango da gosesto salobrea!” (Peru Abarka), “Ez dago nire etxean beste gizon gauzarik, ementxe gagozanak baino; alperrik aratuko dituzu zokondo ta bazter guztiak” (Peru Abarka).
Oraintsuagora etorrita, aitatzekoa da Balentin Berrio-Otxoa elorrioarraren kasua, eta bere euskerazko gutunak ditugu euren laburrean alperrik kontzesiboaren ispilu gardena. Amari idatzitako gutunak dira, berbatik harako euskeran idatziak. Bera Elorrioko semea izan arren, ama Antzuolako alabea eban. Bien berbeta-erregistroan, ezagun-ezaguna ez eze, bere-berea eben ama-semeok egitura hori. Hara, atze-posizinoko esaldi baten lekukotasuna:
“Berorri gusto emotearren, artu dot plumea, kartea itxi ta gero lau berba baiño ezpadabe esateko, alperrik zeregin andiak euki.” (Berrio-otxoa, 8. gutuna)
4. Esangura eta adierazkortasun indarra
Alper da edo alperrik da aditz lokuzinoek sekulako indarra dabe, adierazkortasun apartekoa, egitura kontzesiboak eregiteko. Gaztelaniaz be, marka kontzesiboen artean, “aunque, si bien” konjunzinoek baino “por mucho que” eredukoek indar handiagoa daben antzera, halantxe jazoten da alper/ alperrik da eredukoakaz be, -arren, -agatik, nahiz eta tipoko marken aldean.
Indar berezi horren adierazgarri da amodio-kopla zahar baten lauko bat, Xahoren kantutegiak jasorik dakarrena: “Alperrik izango naiz / etxean asarre,/ zeurea izango naiz, / ilten ezpanabe” (Xahoren bilduma)
5. Klasiko, moderno eta berbazko lekukotasun osagarriak
Tradizino idatzian oihartzun urria euki dauela kontzetsibo-egitura honek aitatu dogu gorago, baina halanda be, euki izan dauen erabilera eta lekukotasuna be ez dira gitxi baino aitatu izan; oharkabean igaro dira.
Idazle diferenteen eredu batzuk ekarriko ditugu aurrera, egon dan erabilera historikoa on egiteko, besterik ez bada.
Aztarrenik zaharrena, Lazarragaren poema batekoa dalakoa daukat:
“Nik eztot galduko esperanzea; / alferrik izango da kurelago, / naiz beatza begit, naiz alago.” (Lazarraga 1153vb.)
Mogeldar osaba-loben testigantza ugariak dira klasikoen artean aitagarri:
“Eztago nire etxean beste gizon gauzarik, ementxe gagozanak baiño, alperrik aratuko dituzu zokondo ta bazter guztiak” (Peru Abarka), “Au berau jazoten jako gure arimeari: alperrik nekatuko zara atxurtu ta simaurtuten egite onakaz” (Krist. Erakauspena).
“Alperrik irakurri ainbeste eriotza beingo bateko, edo ikusi eureen begiakaz, ez dabee iratzartu gura” (Juan Jose Mogel Etxeko Eskolia).
“Alperrik ausiko dot / nik neure burua, / lengoa izango da / aurrera mundua” (Bizenta Mogel Gabon Kanta 1829).
Osteratxoago Pedro Astarloa durangoarra daukagu, 1816 inguruan honelan idazten dauena:
“Alperrik batuko dira gizon, aingeru eta demonino guztiak, Jaunaren agindua beteko da” (Urteko domeka I).
“Alperrik agiraka egingo deutsazu, alperrik jo eta azotaduko dozu, […] baiña aintxe biotz barruan geratuko da sustraia” (Urteko domeka II).
Mateo Zabala bilbotarra be lekuko ugaria eta ziurra dogu egitura honena. Bat hautatzeko:
“Alperrik izango da botikakoa osasungarria, ta danik onen onena; oker emoten bajako gaixoari, gatx egingo deutso” (Irungo sermoitegia).
XX. mendearen lehen erdian, Domingo Agirre ondarroatarrak Zumaian egoala inguruan egiten zituan sermoietatik esaldi bat hautu dogu, bata bestearen atzean esaldi kontzesibo bat baino gehiago kateatzen dituana:
“Alperrik ibilliko da lurreko gozotasun guztien susmoan, alperrik jaditxi edo atxituko ditu lurreko ondasun ta era on guztiak, alperrik izango ditu lurreko ezti danak beretzat; ezta bein ere aseko biotza, ezta bein ere pakean egongo bere Jaungoikoagana dijoan arte’ (Sermoiak).
Berbazko lekukotasunen oihartzun gisa, bego Eibarko euskeratik Toribio Etxebarriak batutako esaldi hau:
“Alperrik milla bidar esan, berea egin beharrekoa, temoso zatar ha.” (Etxba Eib)
Honenbestean itxiko dogu oraingoz alper / alperrik markaren balio kontzesiboaren gaineko idatzia.
Iturriko
2020-04-07