Ze diferentzia dago gertaera baten arrazoia emoteko orduan, hitzordu bat hartuta euki, eta bertara ez joatearen arrazoia emoteko, batetik badinot: “Eguraldi txarra egoalako ez nintzan joan”, eta bestetik badinot: “Eguraldi txarra egoala-ta ez nintzan joan”. Gauza bera ete dira egoalako eta egoala-ta? [-LAKO kausala] [-LA-TA edo -LA ETA kausala]
Aditz jokatuaren menderagailu hori, -la eta / -la ta, aurreratu daigun, sartalde hizkeretako menderagailu marka bat dala batez be. Zenbat eta erdirantzago goazan, edo ekialderantza, beste atzizki-marka batzuetara joten dogu euskaldunok arrazoi-emotea, kausalitatea menderakuntza bidez adierazoteko.
Zein balio adierazoteko garatu da euskeraz -la eta / -la ta mende-marka, aditz jokatuari dautsala? Balio nagusi bi adierazoteko darabilgu berariaz: kausalitatea, arrazoi-emotea nagusiro; baina bestetik, sintaxi eremu mugatuagoan, ‘eretxi, uste, susmo’ adierea garatzeko.
Hartu daigun adibide gisa: berandu dala-ta mende-perpausa. Zer esateko darabilgu berandu dala-ta?
– Batetik, zergaitik edo zer dala-ta itaunaren erantzun modura. Esaldi nagusiaz horniduta, esan nahi: Berandu dala-ta, taxian etorri naz. Taxia hartzearen arrazoia, arinago edo sasoiz etortea izan da: berandu dalako, hain zuzen.
Bietara emon geinke erantzunean arrazoia: Berandu dalako etorri naz taxian / hartu dot taxia, edota: Berandu dala-ta etorri naz taxian / hartu dot taxia. Bietara erantzun daiteke, baina dana dalakoaren arrazoia emoteko ikuspegi diferenteak dira. Berandu dalako hartu dot… dinogunean, arrazoi-emote hori objektibo modura aurkezten dogu, guztientzat balio dauen arrazoia. Berandu dala-ta hartu dot… dinogunean, ostera, norbere arrazoitzat aurkezten dogu arrazoi-emote hori, ekintza edo gertaera nagusian partaide dan subjektoaren arrazoia, arrazoi subjektiboa, esaldiaren ekintzan partaide dan harena, baina ez guztientzakoa.
Batek esango baleu: Gaixorik nagoala-ta bape ez naz joan beharrera, gaixorik dagoala atxakia edo arrazoitzat hartuta beharrera joan ez danaren arrazoi-emotea da; berarena bakarrik, eta ez beste inorena. Baina esango baleu: Gaixorik nagoalako ez naz joan lanera, emoten dan arrazoia guztiontzakoa da, guztiok baliokotzat emon beharrekoa.
Kirol arloko adibide bat: futbol taldean partidu bat jokatzeko jokalarietariko bat hamabikoan onartu edo ez. Talde hautatu horretatik baztertua danak arrazoi hau emon lei: “Ona ez nintzala-ta edo aurreko partiduetan ondo ez nebala jokatu eta, hurrengo partidurako ez nabe hautatu izan”. [Entrenatzailearen arrazoia, ez beste guztiona].
Gaztelaniaz, arrazoi subjektibo hau, ‘por el hecho de que’ aurre-marka konplexuaz adierazoten da sarritan. Eta aditza bera be subjuntiboz emoten da sarri, ez beti.
Kausa-marka honen inguruan, -ta eta/-la-ta honen goruan, hiztunok sarri darabilgun esapide bat garatu da, baietza eta ezetza josten dituana: dala eta ez dala. Halan esaten da: “Zeu zarala ta ez zarala, beharrera joan barik geratu naz”. “Umeak dirala eta ez dirala, beste zeregin guztietara ailegau ezinik gabilz”.
Tradizino idatzian XIX. mende barruan hasi zan erabilten -la eta / -la-ta kausalidade marka hau. Eta sartaldetik erdialderantz hedatzen joan dala esan lei. Mateo Zabala bilbotar idazle predikaria dogu beronen erabiltzaile gardenenetariko bat. Hara bere sermoietako esaldi bi. Bata, heriotzea uste-uste barik etorri leitekela-ta, norbera ondo prestauta egon behar dala ohartarazoten dauena: “Bai, bai. Zagoze epetasun andian [zabalean, bake onean], ustez uste baako eriotza subituak baratxi [meatz, gitxian] ikusten direala-ta” (Biurrera). Eta bigarren honetan, gurasoek euren seme-alaba gaztetxoei erromerietarako biderik emon ez deioen: “Itxi eioezue bere ibilten danza ta fiestetatik, joaten erromeria ta beste ibilte nastekoetara, txikerrak direala-ta; eta gero ikusiko dozue” (Bermeo).
– Menderagailu honen bigarren erabilera eta esangurea, ‘susmo, eretxi, uste’ adierakoa, sintaxi egitura murritzagoan ohi darabilgu: -la ta egon. Halan esan geinke: Berandu dala-ta nago. Edo: Guzti-guztian seguru egon ez arren, arrazoia daukazula-ta nago.
Bigarren adiera hau aditzen emoteko, ezagunagoa eta zabalago darabilguna da honako bese egitura hau: -lakoan egon edo -lakoan izan. Esan nei, kasurako: Berandu zalakoan nengoan. Berandu zalakoan hartu dot taxia. Oinean eta azpian ideia berbera dago: berandu zalako susmo, eretxi edo ustea izan.
Bigarren egitura hau -lakoa atzizkiaz be markatu geinke, nahiz gitxiago erabilia dan. Berandu dalakoa daukat, edo nahi bada, berandu dalako susmoa / ustea / eretxia daukat.
Adolfo Arejita