Amorebieta-Etxanoko Udalak urte birik baten deitzen dauen Aita Santi Onaindia Ikerketa Beka 12. deialdira heldu da.
Azkenengo ikerketa argitaratu
2009ko deialdian Miren Ibarluzeak eroan eban beka, literatur itzulpenaren kritikaren ganeko ikerketa egiteko. Lan horren emaitza orain argitaratu dabe Zornotzako Udalak eta Labayru Ikastegiak Literatur itzulpenaren kritika. Lehen pausoak: dibulgazio-kritikaren azterketa izenburuagaz.
Itzulpen-praktika handia da gurean, itzulpenaren teoria eta kritika, ostera, ez doaz maila berean. Horregaitik, ikerketa honetan egileak egoeraren argazkia egiteko lehenengo pausoak ezarri ditu, euskerara itzulitako literatur testuen dibulgazio-kritikaren azterketaren bitartez.
Hasteko, itzulpen-kritikaren egoeraren barri emoten dau, gero metodologia eta oinarri teorikoa azaldu, eta amaitzeko emaitzak aurkeztu ditu.
Miren Ibarluzea Santisteban (Mungia, 1984) Itzulpengintza eta Interpretaritzan lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean. Hizkuntzalaritza eta Euskal Filologia masterra dauka, eta master-tesi gisa aurkeztutako lana da hemen plazaratutako ikerketa.
Hurrengo deialdia zabalik
2011ko deialdia be iragarrita dago. Euskal literaturako gaien gaineko ikerketa-egitasmoak uztailaren 1era arte aurkeztu daitekez. Behin ebatzia emonda, urtebeteko epea eukiko dau bekadunak lana egiteko eta 9.000 euroko saria. Lana, ganera, argitaratu egiten da.