Bilbon urteokaz egin dan moduan, aurten be ‘Ikusi eta ikasi‘ programea zabalduko dabe Udalak eta Euskaltzaleen Topaguneak. Barrutietako 15 udaltegietan programa zabala eskainiko dabe, urtarrilaren 16an hasi eta maiatzaren 26ra bitartean.
Aurten ganera, erabiltzaileen adin tartea zabaldu egin dabe, 0-10 urtetakoentzat izango da-ta eskaintza, adinaren arabera egokituta.
Helburua da aisialdia euskeraz egiteko aukerea emotea Bilboko ume guztiei, eta doan ganera. Alde batetik, naturea eta kulturea ezagutuko ditue, bestetik, edaderako aproposak diran ikuskizunak aukeran izango ditue: magia, ipuin kontalariak, zirkua, jantzak…; eta tailerretan, sukaldaritzea, eskulanak, bedarrak, buruhandiak eta magia landuko ditue besteak beste.
Horreek danak presentzialak izango dira, eta bertan parte hartzeko ezer ordaindu behar ez bada be, izena emon behar da. Baina horrez ganera udaltegietako ekintzen osogarri, beste bost tailer online emongo ditue.
Ez dago atxakiarik, etxe ondoan eta gura besteko eskaintza euskeraz gozatu eta bizi ahal izateko.