Dakienak dakiHizkuntza

Aditza eta joskera ezaugarrien arteko loturak

Posted on

Euskeraz mende-perpaus gehienetan joskera ezaugarri batzuk agertzen dira aditz jokatuari lotuta. Esaterako:

Amak ikusi gaituaNEAN…
Inork ez dakiaNEZ
Berak esan daueLAKO…
Egia daLA…
Gugaz dagozaN umeak…

Joskera ezaugarri horreek (-NEAN, -NEZ, -LAKO, -LA, -N…) aditzagaz lotzen diranean, lotura-hizkia behar izaten dabe sarritan. Euskera batuan lokarria -E hizkia da, baina bizkai euskeran -A da, salbuespen batzuk gorabehera.

-GO, -I eta -U amaieradun aditzak: -A

nago > nagoana | nagoala | nagoanean
daki > dakiana | dakiala | dakianean
gaitu > gaituana | gaituala | gaituanean

3. pertsona pluralean -e pluralgilea daukien aditzek oposizinoan -A lokarria behar dabe singularrean:

Berak dakiala dino.
Eurek dakiela dinoe.
Amak ekarri gaituan galdetu deusku.
Gurasoek ekarri gaituen galdetu deusku.
Hori dinoana burutik eginda dago.
Hori dinoenak burutik eginda dagoz.

-Z pluralgileaz eta nork 1. pertsonearen -T / -DA morfemaz amaiturikoak: -A

dakit > dakidana | dakidala | dakidanean
jat > jatana | jatala | jatanean
naz > nazana | nazala | nazanean
dakarz > dakarzana | dakarzala | dakarzanean

-A, -E, -U, -KE eta -KO amaieradun aditzak: lokarri barik

zara > zarana | zarala | zaranean
da > dana | dala | danean
dabe > dabena | dabela | dabenean
jake > jakena | jakela | jakenean
leiteke > leitekena | leitekela | leitekenean
jako > jakona | jakola | jakonean
daukagu > daukaguna | daukagula | daukagunean
deusku > deuskuna | deuskula | deuskunean

-KE ahalerako ezaugarria amaieran daben aditzei berez, eta tradizinoaren bidetik be, -A lokarria jagoke, baina hainbarik idazteko joera nagusitzen doa:

neinteke > neintekela / neintekeala
leuke > leukela / leukeala
leike > leikela / leikeala

-R, -L amaieradunak: -E

nator > natorrena | natorrela | natorrenean
dakar > dakarrena | dakarrela | dakarrenean
dabil > dabilena | dabilela | dabilenean

-AU amaieradunak: -E / -A

Berez -A lokarria bajagoke be, -aben / -abela egin izan da tradizino idatzian. Hagaitik bada -e / -a aukeran emongo dira oraingoz.

nau > nauena / nauana | nauela / nauala | nauenean / nauanean
hau > hauena / hauana | hauela / hauala | hauenean / hauanean
dau > dauena / dauana | dauela / dauala | dauenean / dauanean…

Pluraletan:
nabe > nabela…
habe > habela…
dabe > dabela…