Aditza zelan egokiago? Ba ete da gure artean… ala Ete da gure artean…? [ETE DA ala BA ETE DA?] [ETE DAKI ala BA ETE DAKI?] [BA- aditz aurrizkia]
Auzia hauxe da. Itaun erretoriko bat, erantzunik eskatzen ez dan itaun bat egiten dogunean, eta itaun esaldi horretako aditz trinkoari ete zalantza balioko hizki modala eransten deutsagunean, eta itaun-esaldi horretan aditza bera bada indartu gura doguna, zein bide hartu? Ba- aurrizkia erantsi adizki trinkoari, ala ez? Beharrezko dan ez dan, komeni dan edo ez, zein joera hobetsi?
Itaun-esaldiko adizki trinkoa da, daki, dabil bada, esaterako, zelan erabili? Ete da ala ba ete da? Ete daki ala ba ete daki? Ete dabil ala ba ete dabil? Biak ontzat emon? Zein dogu zaharra eta zein barria? Gaur egungo euskal hiztun zeheok zein darabilgu eguneroko berbetan?
Itauna aditz trinkoaz egiten danean eta ete/ote modu-markaz lagundurik dagoanean, tradizinoan ez da ba- aurrizkiaz indartzeko joerarik izan, ez Iparraldeko tradizinoan, ez Hegoaldekoan.
Mogel markinarraren erabilera erakusgarri batzuk: “Ete dago ogirik?” (Astete). Ez dino: Ba ete dago ogirik? Ba- aurrizkiaren beharrizanik ez dago hor, ez orain, ez lehen. Bigarren bat: “Eta gurasoak (…), ete dauke umeak egiteko obligazinoerik?” (Erakuspena).
Argiago ikusi daiteke joera hori bera, esaldi horretako zer-nor Izen Sintagma -ik partitiboaz agiri danean, ze orduan argiago ikusten da aditz trinkoa dala indartzen doguna eta ez -ik atzizki partitibodun izen sintagma. Hara Mogelen esaldi-eredu bat, zehar itaunean eregia: “batari miina atera eragin, ugarrik, zetakarik edo kortikarik ete daukan” (PAb).
I. Iztueta zaldibiarraren pasarte hau itaun perpaus nagusi bati dagokio: “Lurrarekin burruka ari oi diran nekazariak, eta baso eremuetan ikazgintzan diarduten langilleak ainbat neke izerdizko egiten dabenik, eta maizago egarritzen danik ote da besterik?” (Kondaira).
Lauaxeta poeta mungiarrarena dogu hurrengo hau: “Haizeari itaundu deutsazu legunki, / berak, baina, jolas dagi zeure ulean. / Ete dakie ezer izarren unean? / Mosu dagitsue guztiak kutunki” (Bide barrijak).
Eta Morgako idazle bat aitatuko dot hurrengo. Felix Bilbao Ganbeko semeak Ipuin Barreka bilduman honakoak darabilz: “Ete dago, ostera, mundu honetan ikasi ezin danik?” darabil behin. Eta: “Zuk dinozuzan barreok, ete dira gero benetakoak, barrutikoak?”, beste behin.
Aldi modernoan ekialdetik erdialderantz hedatzen joan da ba ote da (batzuetan bai ote da idatzirik) egiturea, eta gaur egun eredu estandarrean nagusitzen doala dirudi. Elizalde Zerbitzari lapurtarraren eredu bat: “Aragorria baino landare hedatuagorik ba ote da Euskal-Herrian?”. K. Mitxelena errenteriarraren idatzi bikainetatik hautu dot hurrengo hau: “Ba ote da geure burua adiskide minez inguraturik ikustea bezain gauza ederrik?” (MIH 136 ). Eta Bixente Barandiaranen prosatik hurrengo hau: “Pizti guzietan bai ote da txantxangorriak aina meritu duanik?” (Lanik gabe).
Joera garbia dago gaur egungo prosa landuan, Ba ote da? Ba ote du? Ba ote dakar? ereduak erabiltekoa, baina ete daukagu berez horren preminarik? Bitasuna onartu, beste biderik ez dogula dirudi. Baina edozelan be ez daigun ahaztu, egitura zaharra, euskera zabal osoan esango neuke, ba- aurrizki barik erabiltekoa izan dala ote-ete modalagazko aditz indartuetan. Zuberotar kanta zahar batek, Etxahun poetarenak, dinoan lez: “Ote da munduan gizonik, / ni bezen malurus denik? / Egunak joanez geroztik, / maitea, zuganik aditurik, / ez naizela jinen gaurdanik. / Xerka dezadala bertzerik!”.
Adolfo Arejita