Meriendea, hamarretako eta hamaiketakoa legez, apurka-apurka zabaldu da azken hamarkadotan. Etxean gordetan eukiten zan jeneroa meriendetan zan normalean, gauza handirik ez: gaztai zati bat, txorizo muturren bat, frutea Hainbat etxetan, bestalde, esneak eukiten eban bitsa gorde egiten zan eta meriendetako ha ogi ganean botaten zan azukre apur bategaz. Erleak eukezan etxeetan ezti apur bategaz bustitako ogi-zatiak jateko ohiturea egon zan. Etxeko ume eta gazteei gehien gustetan jaken meriendea, baina, txokolatea izaten zan, nahiz eta aldi baten eskasa izan bakotxari toketan jakon errazinoa: ontza bat emoten jakon ume bakotxari eta, halanda be, pozik ibilten ziran.
Jente nagusiagoa be meriendetan hasi zanean, jateko berezitxuagoak preparetan hasi ziran, esaterako, makailao errea: makailao zatia txapa edo beheko suko parrillaren ganean ipini, erre orduko handik kendu, zatitu eta ganetik orio gordina botata eta ogi zati bategaz jaten zan.