Dakienak dakiEtnografia

Hizkuntzeagaz olgetan

Posted on

Sasoi baten berba-jokoak euria eta hotza egiten ebanean denpora-pasarako erabilten ziran. Gaur egun, ostera, umeen ahoskerea, lexikoa eta buru-argitasuna aberasteko, izan be, laso eta geldian egiteko olgetak dira eta.

Denpora-pasok izan ohi dira aurreko hitzaren azkenengo silabea eta hurrengoaren azkena batzea, aldrebeskeriak, errima barregarriak, aho-korapiloak edo hizkera kriptikoak erabiltea.

Aho-korapilo en artean daukagu esaterako:

Akerrak adarrak okerrak ditu,
adarrak okerrak akerrak ditu,
okerrak adarrak akerrak ditu.

Goratxuago hizkera kriptikoa aitatu dogu, baina zer da? Hitz egiten dabilzala, silaben artean beste silaba bat tartekatzea (beti bera edo aurreko silabaren bokalari eutsiaz). Normalean pi, ti, pe edo te izaten dira. Umeek gustukoa dabe ingurukoek ulertzen ez daben moduan berba egitea. Honakoak euskeraz nahi erderaz egin izan dira. Esaterako:

Arratsaldean amagaz Bilbora joango gara.
Aparrapatsalpadepeanpa apamapagazpa Bilpiboporapa jopoanpagopo gaparapa.
Aperrapetsalpedepeanpe apemapegazpe Bilpeboperape jopeanpegope gaperape.

Horreezaz ganera, alkarrizketa itxurakoak be badagoz. Ikusi daigun eurotariko bat:

Kukurruku!
Zer biozu?
Buruan min.
Zeinek egin?
Oilarrak.
Nun da bera?
Basuan.
Zer egiten?
Txotxak batzen.
Txotxak zetako?
Sua eiteko.
Sua zetako?
Abadiarentzako.
Abadia zetako?
Gure arima salbatu ta zerura joateko.

Barregarrien artean honakoak daukaguz, kasurako:

Bihar artio!
Egon xutik eror artio!

***

Trilili ala tralala!
Kantu guzien ama da.
Nik ogi eta xingarra,
hik idi baten adarra.
Trilili ala tralala.

***

Baratzian porru!
Tripan mila debru!

***

Intziri ta intziri!
Astoaren putza hiri,
behiaren esnia niri.
Zirri-mirri!

Etniker Euskalerria. Juegos Infantiles en Vasconia.
Bilbao: Labayru Ikastegia, 2006, 589-626 or.

Argazkiaren iturria: Gasteizko Udal Artxiboa. E. Guinearen argazkia. Atlas etnográfico. Juegos infantiles en Vasconia. libururako itxitakoa.