Labayru Ikastegiak Juan Bizente Gallastegi durangarraren Tontorretik begira izeneko liburua atera barri dau Sutondoan sailean. 230 orritan, bizitzako oroitzapenak garanduten ditu egileak, datu biografikoakaz batera inguruko datu historiko, etnografiko eta ganerako jakingarriak emoten dituala.
Abadetzan urrezko ezteguak bete orduan hasi zan gero liburu bihurtuko zan idazlanerako lehenengo pausoak egiten. Hasierako asmoa han hor hemen idatzi eta argitaratatutako artikuluak eta aldi baten Arrate Irratian Oiztik Anbotora saiorako prestautakoak batzea zan, horreri gehituta ibilbide biografikoa. Egitasmoa apurka-apurka moldatzen eta egokitzen joan da eta azkenean oroipenen bildumagaz osatu da testua.
Ordena kronologikoan datoz kontuak. Hasteko, Durangoko umetako bizipenak, ikasketak, futbola, gerrea eta holangoakaz osotuta datozenak.
Gero, Comillasen gaztetako ikasketa garaiak hartzen dau leku handia. Izan be, atal hau interesgarria da euskaldun asko joaten ziralako hara ikasten. Ikasketa programak, irakasleak, metodologia, ikasleen bizimodua eta prestakuntza nahiko zehatz azalduta datoz.
Behin abade eginda, Durangon meza barria emonda, abade karguak Bizkaiko hainbat lekutan ibiliazo deutso. Batez be Markina, Etxebarria, Durango, Iurreta, Elorrio izan ditu bizileku, eta bere bizipenen gertaleku.
Musikarako zaletasuna, euskalzaletasuna, gizartean azkeneko berrogeta hamar urteetan gertatutakoak, politika, kultura eta erlijinoan egindako aldaketak agirian ikusiko ditu irakurleak. Idazlearen esperientziaren begietatik azalduta, jakina, baina gizarte zati handi baten esperientziaren lekuko.
Testua bizkaieraz idatzita dago, erraz irakurteko moduan. Aurretik Adolfo Arejitaren sarrerea dauka, liburua zelan taiutu dan, zer dakarren eta zelangoa dan azaltzen dituala.