Bat zenbatzailea edo beste zenbatzailea bigarren osagai modura hartuta, eta honen, horren, hain lehen osagaia dala, gramatikan zenbatzaile zehaztugabeen kategorian sartzen diran hitz konposatu txorta bana garatu dira: batetik, hainbat, horrenbat, honenbat dalakoa eta bestetik, hainbeste, horrenbeste, honenbeste dalakoa.
Ez dago esan beharrik, -beste osagaiaz osotuak dirala ugarienak eta edonongo euskeran zabalen dabiltzanak, eta -bat osagaiaz eregiak, urri-mehats erabiliak, gero eta urriago eta mehatsago denporearen joanean, eta forma batzuk hizkera askotan guztiz aldenduak.
Oraingo idatzi honetan -bat osagaidunez jardungo dogu labur, -beste erakoak hurrengorako lagata.
Txorta bakotxa honen-, horren-, hain- hurrenkeraz azalduta agiri bada be gramatikarik gehienetan, guk atzekoz aurkeztea gurago izan dogu, hau da, zabal eta ugarienetatik hasita urrien edo bakanen erabiliak diranetara: hainbat, horrenbat, honenbat, hurrengorik hurrengo.
Berez konparatiboak dira, bai hainbat eredukoak, bai hainbeste eredukoak, gaztelaniazko tan, tanto, tantos tipokoen kideak. Baina euron konparatze-balioa makaltzen joan da denporearen ibilian, neurri baten behintzat.
Hainbat, zenbat zenbatzaileaz korrelazinoan azaltzen da sarri konparagarriak egiteko: zenbat… hainbat…. Halan: zenbat behar dozun, hainbat eskatu. Baina sartaldean, dana dala, hainbat horren lekua hainbeste markak hartu dau gero eta gehiago.
Konparatze hori goranzkoa izan ohi da sarri, -ago atzizki gehitzailea lagun dala: zenbat… -ago, hainbat… ago. Frai Bartolome eta Lardizabal lango idazle klasiko biren adibideez on eginda: Ez dago dudarik, neure entzula onak, gauza ona izan ezkero, zeinbat andiago, ainbat naiago ta maiteago (Bartolome); zenbat geiago esan, ainbat aren indarra goragotzen da (Lardizabal). Aldi modernoan, zenbat / hainbat korrelazino-markak eta juntagailuaz indartzeko joerea nagusitu da: zenbat eta, hainbat eta Halan: Zenbat eta gehiago esan, hainbat eta txarrago.
Baina korrelazino-egiturez ostean be, bai ago, bai en atzizki konparagarriakaz batera behin baino sarriago ikusiko dogu. Batetik: hainbat okerrago, hainbat txarrago, hainbat hobeto. Bestetik: hainbat arinen, hainbat lasterren, hainbat gehien.
Bizkai euskeran baino gipuzkeratik ekialderantz askoz gardenagoa da hainbat horren konparatze-zeregina. Iztuetaren Kondairako pasarte biotan, adibidez: Otsozar gaitzgilleak, basoak ugariago ziran denpora doatsu aetan ainbat ezpada ere, ardi-jabeak nai baino geiago agertzen dira Gipuzkoako mendietan., eta: Lurrarekin burruka ari oi diran nekazariak eta baso eremuetan ikatzgintzan diarduten langilleak ainbat neke izerdizko egiten dabenik, eta maizago egarritzen danik ote da besterik?.
Hainbat zenbatzaile zehaztugabe soil legez erabilia da bizkaierazko tradizinoan gehienbat: asko, anitz eta nahikoa, polito, dezente marken erdibideko balioaz, gitxi gorabehera. Zenbat kostau jatzu? Hainbat; uste baino gehiago.
Gure klasikoetan konparazino aztarrena badau hondino hainbat honek, baina konparatze-erreferentziarik agiri ez dala. Barrutiaren pasarte bat: Iregi bidi lurra, iruntsi nagi. / Sekula ainbat pena eztot eugi. XIX. mendekoa dogun Pedro Astarloak pasarte honetan darabilen baliotik hurrago dago gaur egungo sartaldeko erabilera, konparagarri balioetatik baino: Liburu onetantxe dauka euskeraz, berorrek anbat lan, neke, izerdi, gaubela, ibilera, eta ainbat eriotzako arriskuz zaindu daben legea. Baina oinarrian hor datza, gaztelaniazko tanto horretan legez, konparagarri izatea. Idazle beronen hurrengo pasarteak darakus garbiro, hain, hainbat eta hainbeste esanguraz eta sintaxiz kide hurrekoak izan dirala gure tradizinoan: Alan neure kristinauak, ezta mirari Jaungoikoa ain aserraturik egotea; ainbat gatx, ainbat lan, ainbeste neke, ainbeste gerra gure ganera bialdutea, bere izen santua oin azpian zapaldurik darabilenen ganera.
Hainbat marka, zenbatzaile numeral bategaz, eta juntagailua tarte dala be erabilia izan, gaur egun eta piku darabilgunaren balioaz. Barrutiaren honek on egindako egitura: Salsatako zeruak kakin zeinbat intsaur jo ziran, / Liau lau bere, liau lau bere, ondo nago kontuan, / salsa jaiten iru motrallu pedazadu nituan, / Liau lau bere, iruntsi ditu eunda ainbat gaztaa. Gaur egun be guztiz gomendagarria egitura hau, maileguetara joten ibili beharrik barik.
Horrenbat, sartaldeko tradizinoan gitxi erabilia izan da, baina halanda be, bizirik dirau hiztunen artean. Neuk Mendatan jasoa da ondoko erabilera itaun-erantzun kontestuan: Zenbat kosta jatzu: mila hogerleko edo? – Bai, horrenbat. Konparagarritzat erabilia da bete-betean hor: horrenbat: horrexen beste inguru. Otxolua mundakarrak horrenbaten darabil balio beretsuaz, hau da, adberbioturik: Bai, pizka bat; ez da, bada, holan esateko pisua bere: amabi kintal, horrenbaten. (Ipuin-Mipuin)
Gure sartaldeko klasikoen artean be urria da horrenbat, baina erabilia, halanda be. Adierazarria da, edozelan be, Mogel markinarrak, gipuzkeraz diharduanean darabilela zenbatzaile hau: Baina euskal errietan ez dago orrenbat gari, Ez nuen, Jauna, nik uste orrenbat kalte zegoanik janean.
Eta beste hainbeste jazoten da honenbat zenbatzaileaz be. Mogelek gipuzkeraz darabil, baina bizkaieraz ez: zor dituela onenbat meza, emateko urteoro onenbat diru, Ez dute infernuko gaizkinak onenbat eskubide.
Sartaldeko euskeran denporan guztiz atzera jo behar da honenbat eta horrenbat idatziz ondo dokumentaturik ikusteko. Lazarragaren erabilerak dira gardenenak. Darabilzank aldaerak: oneinbat, orreinbat (orrinbat). Izenaz batera sintagman: Udabarri guztiz alegerea, / maiatzeko lora ederraena, / ze indazu beti oneinbat pena, «?Oi, nox zenbiltzen / orrinbat gatxez munduan?» (45r)
Gipuzkerazko tradizino klasikoan, ostera, bai honenbat, bai horrenbat ondo sustraiturik agiri dira, batez be Beterritik ekialderantz. Agirre Asteasukoa dogu horren lekuko egokia: Baia non ta nor da, nere kristauak, egungo egunean, bere anima salbatzeko egiteko andi onetan onenbat kezka ta izerdi artu nai duena?, Ta nondik zuri, nondik niri onenbat ontarte, edo mesede?.
Gaurkoz honenbategaz asko dalakoan, itxi deiogun arloari.
Iturriko
2018-07-13