Atzizkia, -ik edo rik aldaerez erabilia, berau dautsan hitz oina kontsonantez edo bokalez amaitua dan, huts-ik edo zoro-rik, izen deklinabideko ablatibo zaharraren marka bera da formaren aldetik, baina gramatika funtzinoaren aldetik beste balio bat garatu dauena aspaldi zaharretik.
Soiltasunez esanda, adberbio funtzinoak edo kategoria lexikalak sortzen ditu gaur mintzagai dogun ik atzizkiak.
Emonkorrena eta malguena aditz partizipioekin dauen erabilera da: emon-ik, ikusi-rik, gaitasuna daukana ko atzizki genitiboa erantsirik funtzino adnominalak beteteko: agindu-riko berbea, esan-iko egiak. Adberbio funtzinoko egitura gramatikal konplexuak garatzen dira beronen bidez, perpaus menderatuak, balio semantiko anitzak eskeinirik, modua eta denporea, besteak beste.
Baina zuberotarrez berbarako, sintagma predikatiboak markatzeko be bai: Gizona joan-ik da. Beste hizkera batzuetan esango litzatekena: Gizona joan-a da, edota sartaldean beste honetara: Gizona joan-da edo etorri-ta dago. Gramatika eta funtzino erabilera zaharra dogu, edozelan be, zuberotar hizkeretakoa: bidea egin-ik da, gainerako hizkeretan galdua edo bakandua dana.
Baina adjektibo kategorietan, edo honen hurreko diran izen edo aditz partizipioakaz, garatu dauen balioa dogu oraingoan aztergunea: bizi > bizirik, ero > erorik, bete > beterik eredukoena.
Gramatika liburuetan ik honi eratorkuntza atzizkien trataera emon ohi jako: adberbio kategoriako eratorriak sortzeko euskereak sortu dauen mekanismo bat dala, azken baten, -ki, -ro edo ka diran modura. Eta beronen esangura esparrua moduarena izan ohi dala, modalidadea, zelakotasuna adierazotekoa.
Oinarrian halan da izan, baina beronen berezitasunak ditu, dana dala. Atzizki lexikala dala baino hobeto esanda legoke, lexikal-gramatikal bitarikoa dala; bestetara esanda, erdi-lexikal, erdi-gramatikala dala, baina ez osoro lexikala. Zertan oinarritzen dogu adierazpen hori?
a) Errepika egituretan darabilgunean, -ik bigarren osagaiari bakarrik eransten jako, eta ez lehenengoari, beste batzuk ohi diran modura. Geldiro-geldiro esaten dogun moduan, ez dogu esaten *bizirik-bizirik, ezpada bizi-bizirik. Atzizkia ka danean, aukera biak dira zilegi: salto-saltoka edo saltoka-saltoka. Baina ik atzizkiagazko errepika-egituretan lehenengo osagaia soilik darabilgu beti eta bigarrena bakarrik markatzen da atzizkiaz. Halan ohi da bete-beterik, huts-hutsik, isil-isilik, itsu-itsurik, oso-osorik, zabal-zabalik edota beste edozeinegaz.
b) Atzizki graduatzailea, -txu/-txo hartzen daben adjektiboei be arazo barik eransten jake ik atzizkia: isiltxurik, kasurako: Ixiltxurik lotsatuta etxeti joan bearrian, eztena aterata, burua jasota, begi gorriak edegita, usigi gura izan eban gizona, suge esker dongakoak (Mogel, Ipuinak).
c) Gramatika unidade konplexuagoei atxikirik be erabilten da ik adberbiala. Burua makurrik joan da, Belarriak apalik urten dau ereduen atzean perpaus adberbial bana dago: burua makur dauela, belarriak apal dituala. Mogelen pasarte hau be adierazgarri bikaina da: asten da oinak arinik artutera aurrean ekusan gizona (alegia).
d) Maileguzko adjektiboakaz, eta horren zaharrak ez diranakaz, erabili izanak salatzen dau atzizki honen bizitasun eta emoi ugari zaharra eta zelanbait berorren gramatikaltasun zaharra. Mogelek darabilen umilderik, berbarako: ta biurtu biarrean umilderik beragana, joatea gero beste konfesore bategana, esateko gura dana. Lazarragaren poesian ugari-ugariak dira mailegu-adjektiboakaz agiri diran atzizkidun kasuak: librerik: Librerik eta ardura baga / oi ta dirade ebili; egon joazen tristerik, ezkon bazatez eongo zara / ardia legez mansarik; Bere laztana dakusenean, / ebili utra graberik; Mila ta bosteun / urte alkarri erantzi, / irurogeta / lau geiago ganeti / da jaio zala / Jaun zerukoa justorik; Suori barriz, / oi, beti soberbiorik (48v).
Ugariagoak dira bigarren osagaitzat hutsik dabela erabilten diran egiturak: burutsik, oinutsik / ortozik, arkondara-hutsik, mauka-hutsik / manga-hutsik, bilusik/bilosik. Azpian datzan egiturak izen-adjektibo multzoak dira: buru huts, oin huts, arkondara huts, mauka huts, bilo huts. Honetarikoen lexikalizatze gradua askoz handiagoa da, dana dala.
Adjektibo askok portakizun gramatikal bitarikoa dabe adberbio funtzinoan: hitz soil mugagabea eta ik atzizkiduna. Bitasun horren arrazoiak beti ez dira bardinak. Arrazoi diferenteak egon leitekez horren atzean.
Kontestu gramatikalen arabera bata edo bestea erabilten da hitz batzuekin: gordin eta gordinik. Hau okeleau gordin dago hondino; ondo erre barik. Baina Arraina zein okelea, gurago dau gordinik jan, erreta baino. Gazte eta gazterik: Urteak gorabehera gazte dago hondino. Gazterik ezkondu zan. Gazterik hil zan. Gazterik joan zan Ameriketara.
Beste hitz batzuen kasuan, zahar-barri edo zaharkitu-moderno diferentzia dagoala dirudi era bataren eta bestearen artean. Triste mailegua gaur egun horretara darabilgu gehienok adberbio gisa: Triste dago. Triste bizi izan ziran ama barik. Triste dauka barrua, gizona hil jakonetik. Baina gure koplategian ezagunak dira beste honeek be: Tristerik nago tristerik, ez daukat adiskiderik, adiskide txarra baino, hoba dot bizi bakarrik, edota: Tristerik nago tristerik, ez daukat alegrantzirik, bostehun urteko agure bat / ohian daukat neuk gaixorik.
Esangura banangoak ezkutatzen dira beste kasu batzuetan era bien artean, bizi eta bizirik kasurako. Ardao apur bat edanda, bizi ikusi dot dantzan, hau da, bizitasun handiz. Arnasa estua dauka, baina hondino bizirik dago, hau da, ez dago hilda.
Atzizkiak zeharo lexikalizatuak dira hitz jakin batzuk, eta adberbio gisa halan erabili ohi ditugu beti (edo ia beti). Zutik edo zutunik (zutinik) esaten dogu, baina nekez *zutun edo zut, atzizki barik. Hutsik dagoala etxea esaten dogu, baina ez huts dagoala. Baraurik joan behar izaten zan lehenago komulgetara, baina ez *barau.
Alper eta alperrik biak dira ezagunak, baina adberbio legez bigarrena nagusitu da: Alperrik da zuri esatea, ez dozu kasurik egiten. Baina errefrau ezaguna da: Alper da Maria makilatu, berdin berez behar du.
Gaur berbaz ez darabilguzan edo mehats darabilguzan -ik atzizkidun adberbio batzuei, edo hainbati, zahartasun sundea dariela esan geinke. Bermeon entzuna da: Ze alabatxi! Hordirik zatoz oin be goizaldeko orduetan?. Hordirik adberbio zaharkitua da, baina hordi hitza bera be bai. Gaur egun gazterik guztiz ezaguna dan moduan, zaharrik ez hainbeste; baina klasikoetan ohikoagoa zan: Arkituten zan leoe bat zaarrik, gaixorik, erkindu ta adore bagarik (Mogel). Beste adibide batzuk: gosez dagoana goserik dagoala, gortuta dagoana gorrik dagoala, norbaiti harrera hotza egitea esateko, hotz-hotzik hartua izan dala; soineko bat garbigailuan sartu ezkero, garbirik geratzen dala eta halako beste hainbat.
Adberbio batzuk, lehen ik atzizkiaz erabilten ziranak, edo mugagabez edota beste atzizki batzukaz erabiltera etorri dira: gorrik barik gortuta, samurrik barik samur, duarik barik duan, argalik barik argal
Amaiera emoteko, poesia generoan era honetako adberbioek euki daben oihartzun zabala nabarmendu gura neuke, ederrik eta galantik formula ezagunaren bidez ezagunak diran ahapaldi biren bitartez: ?Itsu gaisoa, nondikan zatoz, / nondikan zabiltza / bide galdu onetati? / ?Kirrin kirrin kirrin kin. / Lengo batean nik ikusi det / zure emaztea ederrik eta galantik. / kirrin kirrin kirrin kin.» (Azkue CPV, Orio). Gure ortuan sagarra loran, / Donianeko eldurik, / aren azpian uso bi dantzan / ederrik eta galantik. (Azkue CPV, Legutio).