Bada eleiz kantu ezagun bat, berariaz Aste Santuan, eta lehenago gure herrietan egiten ziran Garizuma aldiko misinoetan sarri kantetan zana, hasierako berbak honeek dituana: Erdu pekataria, erdu eleizara. Horren ahapaldietariko batek hau dino: Ez egon pekatuan, ez egon luzaro, damu IZAN EZ DAIZUN, alperrikan gero.
Damu izan, beharbada lehenago damu eun (edun), aditz lokuzinoa dogu, aditz konposatua, damu izen mugagabeaz eta izan (edun) aditz guztirakoaz eregia. Eredu honetako aditz multzo asko ditugu euskeraz, batzuk guztiz ezagunak eta ugariak, zaharrak izateaz ostean: behar izan, ahal izan, gura izan edo nahi izan Beste batzuk modernoagotzat dagozanak: balio izan, merezi izan, falta izan
Honetariko aditz multzoez aurreko idatzi bitan jardun genduan: lotsa izan eredukoez (2017-12-29) eta zor izan eredukoez (2018-01-05), hau da, izan iragangaitzaz eta izan (edun) iragankorraz eregitakoez. Oraingoan, aditz multzook laguntzaile aoristoaz jokatzen ditugunean daben portakizunaz gogoeta egin nahi dogu, labur baino ez bada be.
Egite erako laguntzaileagaz batera darabilguzanean, da edo dau erakoaz, izen edo adjektibo atalaren bizi, falta, gatx, lagun eta laguntzaile jokatuaren artean izan partizipio osagaia tartekatzea edo ez tartekatzea aspektuaren araberakoa ohi da:
- izan agiri bada, aspektu burutu edo perfektoa adierazoten da.
- izaten agiri bada, aspektu ez-burutu ohiturazkoa adierazoten da.
- Geroko edo gertakizuneko aspektua adierazoteko, aukera bi dira: batzuetan izango tartekatzen da, baina beste askotan (gehienetan, esan leiteke) ko atzizkia zuzenean izenkiari eranstea nahiko izango da.
- Aditz perifrasi barruan izan agiri ez bada, aspektu puntukaria danaren seinale.
Honetara zerrendatu daitekez lau ereduok, kasurako falta izan aditz multzoa lagun hartuta:
- Falta da: oraintxe momentuan.
- Falta izan da: igaroa edo joana dan aldi baten: lehenago.
- Falta izaten da: sarri, behin baino sarriago, batzuetan, aldiro…
- Faltako da / Falta izango da: geroan, etorkizuneko aldi jakin baten.
Aoristo erako adizkiaz laguntzea be jazoten da batzuetan: dadin / daian, bedi / eizu, daiteke / leike, baledi / balei tipokoez. Horrelakoetan ze erabilera ditugu aukeran, eta zein gomendio edo hautu egitea komeni da?
Aurreratu daigun, gomendiorik ziurrentzat izan tartekatzea joten dogula. Izan sartu ezik, lehen osagaitzat aditza ez dan kategoria bat onartzen gagoz (izena edo adjektiboa, orohar), eta hori berez ez dator bat euskal aditzaren eta aoristoko laguntzaileen erabilera ohikoagaz: dadin, bedi ez ohi darabilguz euskeraz, ez bakarrean aditz autonomo gisa, ez aditz kategoriako ez dan beste kategoria bategaz batera. Izan tartekatzeak aditz nortasuna autortzen deutso aurreko osagaiari: balio soila barik, balio izan bikotxa, lotsa soila barik, lotsa izan bikotxa. Bestalde, izan aditza, bakarrean zein lagun gisa erabili, neutroa dogu aspektuaren aldetik: aspekturik gordeten ez daben adizki aoristoekin zein aspektu burutua daben adizkiekin buztartu leiteke bape arazo barik.
Baina hizkuntzaren pragmatikara etorrita, teoria horregaz beti bat ez datozan joerak badirala autortu beharra dago. Jo daigun, erruki izan aditz multzoa: erruki izan daigun litzateke teoria mailan gomendagarriena. Halanda be, izan bagako aditz perifrasiak behin eta barriro azaltzen jakuz gure tradizinoan. Erruki zakiguz errezu formula ezaguna dogu adibide garbi bat. Errukitu aditzaz errukitu zaitez gugaz esango gendukena, zu guri erruki izan argumentu-egituraz eta aditz multzoaz eregi izan da gure tradizinoan, baina izan barik.
Eta herri literaturan be eredu beronegaz, izan barik eregitako aditz perifrasiak ez dira falta. Txanton Piperri-ren herri kantu ezagunaren lehen ahapaldia lekuko: Txanton Piperri hemen dago, / limosna on bat baleuko. / Kantau bihar dot, / baldin ahal badot, / neure sabelen gosea, / erruki dedin jentia (Txanton Piperri).
Eta gure literaturara jo ezkero, beste horrenbeste: Jaungoikoak erruki ditzala gaxo oek (Gregorio Arrue), Erruki zazute alkar (Mendaro Txirristaka), Jainkoak erruki beza Erin gaxoa (Lizardi).
Baina J. Mateo Zabalak, hutsik barik erruki izan aditz multzo osoa darabil horrelakoetan: ta elexara etozanai erregututen, arren ta arren Jangoikoari eurakgaiti eskatuteko, euren erruki izan zidila.
Bildur izan aditz lokuzinoaz, ostera, zailago gertatzen da izan saihestea aoristoko adizkiekin. Bildur naz edo bildur ginan berez-berez eregiten ditugun moduan, nekezago erabiliko genduke: bildur gaitezen edo bildur dadin. Ezinbestean eskatzen dala dirudi izan sartzea: bildur izan dadin, bildur izan leiteke, bildur izan baledi, bildur izan zaitez.
Hobe izan, zabal dabilen aditz lokuzinoa dogu. Izan barik eregia da ondoko errefrau hau: Zeuk bazeunka, hoba zeunke (Mogel). Eredu berekoak ditugu: Hobe balitz, egingo neuke. Hoba genduke, holan balitz. Baina nekez eregiko genduke: hobe dadin, hobe daiteke, hobe bedi ereduko aditz perifrasirik, ezpada: hobe izan dadin, hobe izan daiteke, hobe izan bedi garatuko gendukez geure hiztun senak aginduta, euskal gramatikak on egingo leukez.
Gose izan edo egarri izan aditz multzoak hartuta be bardin jazoten da. Gose naz, egarri nintzan, gose balitz, egarri balira berez-berez darioez gure ezpanei, baina laguntzaile aoristoaz izan tartekatzea eskatzen deusku geure barru gramatikak: Gose izan ez gaitezan, egarri izan ez daitezan, gose izan leitekez, egarri izan baleitez
Beste aditz multzo batzukaz sarriago suertatzen da izan hori saihestea, laguntzaile aoristoa gorabehera. Baina gure gomendioak lehenean dirau: izan tartekatzea hobe genduke, hainbarik lotzea baino.
Laburzurrean, honenbestegaz askotzat itxiko dogu gaurkoa.
Iturriko
2018-04-20