Behin baino sarriago tokau jat entzutea (eta sufritzea) *Medikura noa eta ikasle euskalduntzat gela barruan izan dodan jente gazteagandik be bai inoiz, neure hiztun senak besterik agintzen ebala: medikuarenera esango neukela normalean, edo medikuagana, gitxienean be.
Berez ez dinogu gauza bera -(r)enera edo -(ren)gana esan. Albertogana (edo Albertorengana) goazala dinogunean, beragaz, pertsona horregaz egotera goaz, hau edonon egonda be. Albertorenera goazala dinogunean, haren etxera goazalakoa jatorku burura.
Toponimian apur bat azterka egitea nahikoa da, gure inguruan zenbat etxe-izen ditugun, -ena atzizkia dabenak euren izendapen jasoan, baina hiztunon ezpanetan -ene bihurtu diranak, mende bat edo bi lehenagotik behintzat. Abadena/Abadene, Sakristauena/Sakritauene, Peru(r)ena/Peruene, Matiena/Matiene, Dendariena/Dendariene, izen batzuetan pertsona-izena agiri dala (Anton, Maria), beste batzuetan lanbide edo ofizio izena (abade, errementari, dendari, sakristau, maistru).
Bizkaiko erdi eta sartaldeko inguruetan berariaz genitibo-atzizki izoztua -ena izan da, erabilieren puruz -ene bihurtu dana. Izan be, etxe-izenok ez ditugu gitxi baino, ez dira erabilten etxeak ze izen dauen jakiteko: Martin baten etxea Martinena dala jakiteko, eta bai ostera, urlia non bizi dan, edo nora doan, edo nondik datorren, edo nongoa dan jakiteko. Eta halan erabili izan ditue hiztunek: MartinenEan, MartinenEra, MartinenEtik edo MartinenEko formak, adierazte preminen arabera. Eta halantxe finkatu da, erabiliaren porazuz, MartinENE, hiztunen eta herrikoen usarioan, MartinENA jatorrian zana.
Nafarroa aldean, eredu bereko izenen ondoren, -arena izen arruntakaz eta -(r)ena izen bereziakaz finkatu dira nagusiro. Halantxe ArginARENA, ArotzARENA. Eta horretatik eratorria da -(r)enea, leku-denpora kasuetatik finkatu dan aldaera: ErrandoNEA.
Atzizki horren bidez, -en edute-genitiboa, -a mugatzaileaz lagundurik, etxe-jabe izan danaren izena sarrienetan aspaldiko jabea, gaur bertan bizi diranak be zein izan zan ez dakiena aitatzen da, eta -ena atzizkiorrek urlia horren etxea dala identifikatzen dau. Eredu honetako etxe-izenetan atzizki izoztua da, baina esangureak berean dirau: noren edo haren etxea.
Baina euskal eremu batzuetan, -ena barik -kua gaurko ereku landuan -koa litzatekena erabili izan dabe, pertsona-izenei lotuta izen bereziak zein arruntak izan honeek, noren edo zeinen etxea dan aitzen emoteko. Azkuek bere Morfologian argibide hau itxi euskun: «Sakristauko yerrementariko llaman en Elgeta, Azpeitia, Mondragn y Bergara a las moradas del sacristn y herrero:sakristaukoan en casa del sacristn, errementarikora a casa del herrero» (Morf 122). Baina, ofiziodunen izenakaz ostean, pertsona-izenakaz be eredu bera jagoten da hondino be bizkaiera ekialdeko eta gipuzkera sartaldeko parajeetan gitxienez: Kondekua izan daiteke kondearen etxea edo Milikua, Milia izeneko bat bizi izan zan etxea.
Baina, onomastikaz haruntzago, gramatika arruntean dirau bizi-bizi -en genitibo atzizki honek, urliaren etxea adierazoteko.
Maiztasun handiko erabilerea dau pertsona-izenordain pluralakaz gurean, zuenean, eta erakusle pluralakaz hareenean, horreenean, honeenean. Plurala erabili izan da eta erabilten da, hain zuzen, etxea etxekoena, etxeko guztiena dalako pentsaerea dagoalako euskal hiztunon gogoan.
Gurean ez da pasetan, beste etxe batzuetan pasetan dana: gure etxean aitzen emoten da. Zuenean aspaldi egon barik nago. Joan beharko dot halakoren baten: zuenean eta zuenera, zuek bizi zareen etxeagaz lotuta dagoz.
Gurekorik ikusi dozu inor hiletan? Ez, zuenekorik ez dot pentsetan inor egon danik. Gurekoa eta zuenekoa, gure etxekoaren eta zuen etxekoaren adierazle dira.
Hareenean be dana beharrizanean dagozala pentsetan dot. Esan gura da: hareen etxean. Horreenera ez joan badaezpadan, edozein berba txar arpegira bota ez deizuen be: horreen etxera, ulertzen dogu.
Senidetasun eremuko izenakaz be igarri-igarrian da ugaria -en atzizkia, leku-denpora kasuren baten atzizkia darraiola. Halan, berez-berez erabilten ditugu honetarikoak:
Amamarenera bialdu eban amak Txanogorritxo. Aititarenean orain ez da inor bizi, bera pasa dan urtean hil zan eta. Izekoarenetik nator, mandatu bat egiten joan beharra euki dot eta. Gure lehengusinearenean Gabonetan hondino be intxaur-saltzea egiten dabe.
Sistema hau orokorra dogu gure euskal sistema barruan, eta pertsonei jagoken edozein izenegaz joateko arazorik ez dago berez, baldin urlia horren etxe, egoitza, bulego edo egontoki bat badakar. Medikuarenetik datorrela esan lei batek; edo medikuarenean egon dala, edota medikuarenera doala.
Lehia antzekoa sortu da euskal erabileran -enera eta -agana/-engana marken artean. Psikologoanera doala dinoanak ondo baten esan dauela esango genduke, baina psikologoagana entzuten da beharbada gehiago. Biak dira zuzentzat jotekoak, gure eretxian. Bien arteko esangura muga non dagoan esaten ez dago beti erraz, ostera.
Txorierri aldean behin baino sarriago entzun dot honako errezitadua: Ai ene, ai ene, hagineko mie, medikuaie. Ai ene, ai ene, bidxotzeko mie, nobidxuae.. Euskera landuan, bata medikuagana da eta bestea nobioagana. Bardin esan leiteke nobieagana.
Pertsonen arteko hartuemona nagusi izaten da gehienetan, eta horrelakoetan -gana, -gandik dira ohikoenak: zuzendariagana, idazkariagana, langileengana darabilguz ohituraz. Baina pertsona bat bizi dan etxera edo lan- edo jarduera-egoitza dauen lekua bada adierazo gura dana, gomendagarriago ikusten dogu -enean, -enera, -enetik eta -eneko erabiltea. Baita, atzizkiok erabilteko ohitura gitxi daukagun izenakaz be. Esate baterako: Alkateanera joan (bulegoa izan daiteke); irakaslearenean azterketa berrikustea eskatu (bulegoan izan daiteke); lorazainarenetik etorri, Domusantu egunerako lora-txorta bat erosita.
Oraintsuan ikusi dogu Bilboko Arte Eder Museoan erakusketa bikain bat, izenburutzat euskeraz honetara ebana: MichelangeloTIK ArcinboldoRA. Pintore historiko ospetsu bi horreei, batari -tik eta besteari -ra ipintea argudiatzeko, pintore horreek bizi izan ziran garai, denpora edo aldia adierazo gura zala emon da arrazoitzat; horrelan zilegitzat jo leitekelakoan.
Ez neukez gomendagarritzat joko ZesarrETIK Carlo MagnoRA edo HitlerETIK PinochetERA tipoko ereduak, nahiz eta pertsona-izen bion atzean euren aldia edo garaiaren oihartzuna egon.
Leku edo espazio eremutik hur erabilirik ikusi ditut, ostera, honetarikoak: MogelENEAN berba hori ez da agiri. Edo: AxularrENETIK jasoriko hitza da hau. Edo: Bihur gaitezan barriro LeizarragaRENERA. Edute-genitibodun marken ostean ulertzen ditugunak, idazleon testuak, idatziak dira. Baina ulergarri gertatzen dira guztiz.
Eta denpora eremura zergaitik ez erakarri -enean, -eneko ereduko atzizkiak?Ezinezkoak ete dira era honetako segidak? MichelangeloRENETIK ArcinboldoRENERA eredua ez al dogu zilegitzat jo beharko?
Die Gedanken sind frei.
Iturriko
2018-03-23