Esteban Urkiaga Lauaxeta 1905eko abuztuaren 3an jaio zan. Lauaxeta pertsonaia ezaguna eta sinbolikoa bihurtu da euskal kulturan, literaturan batez ere. Jesuitetan ikasi eta intelekuala zan, irakurle handia, gainera. Ogibidez kazetaria, Bilbon ateraten zan Euzkadi egunkarian.
Lauaxeta Euzko Alderdi Jeltzalekoa izan zan, mitinlari, hizlari eta kazetari ezaguna abertzale eta euskalzaleen artean. Gerran Euzko-Gudarostea hornitzen, beharbada taldeak antolatzen edo prestatzen be akaso, eta gero Euzko-Gudarostearen Gudari aldizkariaren artezkari jardun eban.
Abertzale sutsua, idazlea eta euskal idazleen hauspoa izan zan, gure artean eta kultura ikuspegitik Pizkundea izenez ezagutzen dan aldian (1931-1936), II Errepublika garaian.
Gerra hasi orduan fusilatu egin eben, eta horrek bere irudia handitu egin dau neurri baten.
Olerkari legez da ezagunena, Bide barrijak, 1931 eta Arrats-beran, 1935 liburuen bitartez. Olerkian barritzailea izan zan, gai, joera, iruditeria, hizkuntza eta neurri barriak sartu ebazalako bere idazlanetan.
Baina antzerkia be idatzi eban, eta prosan be, kazetaritzaren bitartez batez be. Azken horretan, Euzkadi egunkariaren euskal atalaren artezkari alderdia batetik, eta berak idatzitako kazetalanen egile alderdia bestetik, bereiztu beharko litzatekez.
Egunkariaren bitartez, euskaldunak zirikatzen ebazan herrian herriko kantu, ipuin, esaera eta abar bialtzeko. Bera barritzailea izanda be, euskal jatorriko tradizinoari balio handia emoten eutsan, bere idazlanetan ikusten danez.
Testu bana ipiniko dogu, poesian eta prosan.
Mendigoxaliarena
Basaldua’ tar Kepa’ri
I
Mendi eze, ikurrin eder,
azke nai zattut axian.
Amar gasteren lerdena
makilla luzez bidian!
Mendi-bitxidor berdiok,
arin or duaz kantari:
Dana emon biar yako
matte dan azkatasunari.
Eta ixil dago arratsa
Euzkadi’ko lur-ganian.
Amar gasteren lerdena
makilla luzez bidian!
II
Gastedi orren didarra
bai-dala didar zolija!
Aberri baten samiez
urduri dabil errija.
Azkatasun-goxalderuntz
sugarra dira basuak.
Sugarra basuak eta
zidar argija itxasuak.
Or duan ozte-aldrea
aberri-minez kantari:
Dana emon biar yako
matte dan azkatasunari.
III
Gaste orreik goruntz duaz
abesti eta ikurriez.
Lauan bao tiro otsak:
bedartza dager odolez.
Ikaraz duaz usuak,
mendija dago ixillean,
Amar gasteren lerdena
bixitza-barik lurrean!
Eta illuntziko bakian
norbattek darrai kantari:
Dana emon biar yako
matte dan azkatasunari.
Zirika
Bizkaiko jaurlari ponpoxa etorri zan unean gauza guztiak arteztuko zirala-ta pozik gengozan. Haren hitzak entzuki itxaropena bihotzeratu jakun! Baina hitzak ederrak diran neurrian bakotxaren ekintzak ez dira egoten. Beti ez behintzat. Eta Sevilla horri be, beste horrenbeste jazo jako.
Asmo onak ekarri ebazan arren, ezerezean geratu dira. Garatzai aurrerakadea egingo eutsela? Lehen baino beherago dagoz. Bizkaiko gizerailketak eta iskilu-hotsak deuseztuko ebazala? Inoiz baino erailketa gehiago dakusgu.
Horri esaten jako: frakasua. Eta frakasau daben gizonak zer egin behar leukien, antxinatik dakigu: jaurlaltza itxi eta etorri ziran bidetik atzera joan. Odol lar isuri daroe Bizkaiko semeak bakez egoteko.
Gaizkin bat ez dabe atxilotuten, lapurrak eurek gurako leukien baino askatasun ederragoz ibili dabiltz eta egunero hogeta hamar mila lapurketa egin daroez. Garatz arazoak ikastera doa Sevilla jauna, geu poztuko gara eta.
Nok esan dau? Nok ez dau esan? Eusko Ekintzako abertzaleak izan ei dira Sestaoko gaizkinak. Hori dinoanari mihina ebagiko geunskio. Oindino ez dogu eusko izatea zein dan galdu.
Espainiar guztien leloa ikasi dabe Sestaoko gaizkinak be: inori errua emon eta kitu. Baina holako gaiztakeriak egiteko eusko odola barik espainiarren aiherra euki behar da. Guzurrik ez dogu sinistuten, bai?, eta oraingo guzur hau bere ez. Espainiarrak izan dira gaiztakeria horren egileak.
Neure bizian jazo ez jatana jazo jat oraingoan. Zer jazo jatzu, ba? norbaitek itaunduko deust. Ama hil jatzu, ala? Ez holakorik, Goikoari eskerrak. Mila laurlekoko ingia galdu dozu? Neuri ez jat mila laurlekoko ingirik galtzen, ez daukadalako. Zer dan? Katxeau egin nauela. Sekulan ez dot sentidu holakorik, baina igandean asaltoko batek esan eustan: Mesedez.
Eta goitik beheraino igortzi ninduan. Aldean zer neukan? Euskadiko ikurrintxu bat, hiru laurleko, ingi zati batzuk eta arkatza. Besterik ezer ez.
Jaupari batek emon deustan ingitxua arin irakurri dot. Gazteizen izango dan Gran Asamblea de Cuestiones Socialesera joateko deia zan. Ez dot barre gitxi egin ingi hori dala eta ez dala. Ze arraio (holantxe, arraio) gura ete dabe jaupari, kanonigu eta garaitiko horreek? Lau edo bost hitzaldi eder egin ezkeroan gizarteko arazoak arteztuta dagozala uste dabe? Bai zera. Eusko Langileen Alkartasunari eragozpenak jarri eutsezan gizon horreek, hitzaldi luzeak, eta berbaldi samurrak egingo dabez, baina ezer ez.
Hamaikatxu lelokeria eder egin daroe. Gazteizera orain ez noa, baina joango naz erromeriak diranean. Batzar horretan baino zeozer gehiago ikasiko dot bertan.
Sevilla horrek gura dauana esan daroa, Sestaoko herrian izan genduan batzar ikaragarrian notin gitxi izan zala dirausku. Tira ba, sinistu egin beharko jako. Jaurlariak eta Goiko Jauna bat ez badira, guztia dakie eta.
Hamabost anei edo mila bat diran tokian notin gitxi badago, bostehun batzen diranean, zer esango dogun ez dakigu.
Sevilla eta beretarrak gitxigaz asko eta askogaz gitxi egiten dakie.
Perez Madrigal euki dogu Bilbaon, baina inor ez da konturatu horrezaz. Hemeko izparkariak zetan dagozan ez dakigu, lotan edo ez badagoz. Ahaldun ospetsu hori Bilbaon izan eta tautik be ez deuskue esan.
Eta zetan etorri da, ba, Perez Madrigal? Sinistu be ezin zeinke. Oso eskumar bihurtu ei da gizon hori eta eskuma aldeko ahaldunakaz batera alderdi barri bat eratu gura ei dau. Ahaldun–batzarrean hainbeste basurdekeria egin ebazan hau eskumaldekoturik dabilela jakitean, barre-algarak egingo dabez.
La Liberala izparringian dirauskunez, Castron izan ziran Sestaoko endore eta garaitikoak. Eta igandean uri haretan izan zan hitzaldia gorabehera nasai joan zan eguna igaroteko asmoz. Galdakanoko endore jaunari leku-uzte eragin eutsan jaurlariak, Usansoloko iskanbilak zirala-ta. Ez ei eban bere arlorik bete. Baina igandekoagaitik ez deutso ezer egin Sestaoko endore horri.
Gero zuzutsa-zaratakaz etorriko jaku. Hamaikatxu gauza entzun behar izaten da eta.
Lauaxeta
1933-VII-12