Zuriz eta zuririk, edo baltzez eta baltzik, biak erabilten ditugu, leku batean edo bestean, zelan jantzita edo ze koloreko jantziak soinean dirala adierazo gura danean. Adizlagunak, edo hobeto esanda, adberbioak dira funtzinoz, perpausan horrelan darabilguzanean.
Hirugarren egitura bat be bada, aurreko biokin lehian: zuri jantzita, zuri hitza mugagabe dala. Eta hirugarren hau be artez-zuzen erabilia da, dudatzaka.
Izen kategoriako hitzak, predikatu funtzinoan jantzi legezko aditzakaz darabilguzanean, mugagabez markatzen ditugu. Aratosteak zein Inauteriak oraintsu joan dirala, nori ez jatorkoz akordura marro jantzi, koko jantzi, errabi jantzi edota, askotariko mozorroak erabili ohi diranez, andra jantzi, gizon jantzi, monja jantzi, fraile jantzi edota dana dalako erara marrotu.
Baina kolore-izenak kategoria bikotxekoak izan ohi diranez baltz, gorri, zuri, marroi, bitzuen sintaxiak onartzen ditue. Zuriz jantzita doana erropa zuriz edo kolore zuriz doa. Eta zuri jantzita doana, zuri kolorez edo zuri-jazkeraz. Horrexegaitik onartzen ditu, hatan be, zuriz, zuririk eta zuri, jantzi aditzaz lagundurik.
Janzkeraren gainean erabilten dira sarrien zuriz eta zuririk, edo baltzez eta baltzik. Instrumentalak (-z) zabalago eta ugariago erabilia dirudi, baina hedaduraz -ik adberbiala be Ipar eta Hego erabilia izan da.
Baltzik jantzita joatea, berariaz emaztea, senarra edo etxeko hur-hurrekoren bat hil ondoren, lege izan da; luturik joatea eta baltzik joatea bat zan. Eta hurreko senideak be ilunik jantzita. Gauzak hain aldatu dira ze, gaur gorririk be bardin-bardin joan daiteke hileta-eleizkizunera hildakoaren etxekoa, eta zuririk joateko be batzuetan ez da asko beharko.
Iparraldeko tradizinoan beltzik egotea, tristerik egotea izan da gehiago. Elizanbururen Solferinoko itsua poesiako ahapaldi ezagunak ondo darakusanez: Ene herrian gazte lagunak / kantuz plazara dohazi, / eta ni beltzik etxe zokoan, / irri egiten ahantzi.
Zuririk edo zuri-zuririk joaten ziran neskatotxoak lehenengo jauna-hartzera. Eta ezkontzara be zuririk dama gazteak, gizonezkoak ilunik sarriago joiazan bitartean. Begiak zuririk be esapide ezaguna dogu, gaztelaniazkoaren antz-antzekoa. F. Bilbaoren Ipuin-barreka-n esaten danez: Baju-bajutxuan hasi, apurka-apurka ahotsa loditzen joan, itzelezko tronpeteria atera, eta honetan… rra!, eskuak zabalik eta begiak zuri-zuririk ipiniaz, isil-isil geratu.
Gorririk be ezagun samarra da kolore kontuan. Aitatu barri dogun idazleari jasoa da hau be: Osterantzean ez uste nire bizkarra bakarrik, zeuen matrailok be gorri-gorririk aurkituko dozuez
behingoan. Baina gorri, soineko barik edo haragiak agirian dirala esateko be badarabilgu. Narrugorrian edo narrugorritan esan ohi da gure artean, eta biluzgorririk ekialderago. Eta holan huts-hutsik, gorririk, haragiak agirian edo bilozik esangureaz leku askotan esan ohi da.
Urdinik agiri dala zerua entzunda, behingoan ulertuko genduke, hodeirik ez lainorik ez dagoala ortzian. Eta kolore-gamatik asko aldendu barik, zerua dala-ta errazto entzungo ditugu baita, argirik eta ilunik adberbioak. Mikoleta bilbotarrak orain dala mende batzuk idatzi eban dialogo baten barruan: Zerren nik dakust argirik zerua.
Argirik eta ilunik, argitasun fisikoaz gainera, giza barne egoerea adierazoteko be sarri erabilten dira. Norbaitek gogoa argirik edo ilunik daueneko egoerak guztiz alderantzizkoak dira.
Baltzez eta baltzik ez ditugu beti testu-ingurune beretan erabilten. Baltzez, zuriz edo horiz pintatu geinke horma bat, baina nekezago baltzik edo zuririk. Bestetara esanda, baltzez, zuriz eredua ingurune ugariagoetan darabilgu askozaz, -ik atzizkiduna baino. Baina kontrara, baltzez ereduak erraz estaltzen edo ordezkatzen ditu baltzik adberbioaren inguruneak. Kalera zuririk urteten dauenagaitik errazto esan ginei zuriz (jantzita) urten dauela. Edota abadeak, lehenago gaur baino sarriago, erroiak lez baltzez zein baltzik ibilten zirala paseoan, sarritan brebiarioa eskuetan ebela.
Jantzi aditzaren eremukoak kenduta, zerez kasua da mila bider ugariagoa aditz askori laguntzen. Baltzez edo zuriz estaldu leiteke horma bat, itsusi badago edo desitxuroso erakustea gura ez bada. Gorriz eta zuriz apaindu geinke gela bat, kanpo-jentea etxera hurreratu baino lehen. Zuriz jantzita irudikatu izan dira aingeruak be sarri. Edo begiak zuriz gora dirala egon daiteke bat etxunda aratinik, zeinda hilda balego legetxe, arrainak be itsasoan zuriz gora agiri izaten diran antzera. Zuriz begitantzen ditu Lazarraga poetak be zaldunak bere olerkietariko baten: Zaldunik asko ekusi neben, / guztiak oriz janzirik.
Koloreetatik haruntzago, argiz eta ilunez maiztasun handiko adizlagunak dira, egunari eta gauari jagokezala sarri entzunak. Argiz etxera! edo Egun argiz etxera! mila bider etxetan entzun dogun gurasoen aholkua dogu. Eta gurasoen esana gorabehera, sarri ilunez etxera.
Etxeratzen bagara argiz etxera, nahiz eta ilunez joan ohera, hurrengo egunean tenple hobean egongo gara ilunez jagi eta argiz lanean hasteko.
Iturriko
2017-04-03