Jakina da euskereak aditzak sortzeko sistema zaharrean erabilen atzizkietariko bat -i atzizkia zala, beste n atzizkiaz batera. Gaur egun be hainbat aditz zahar ditugu i atzizki horri eutsi izan deutsenak: etorr-i, has-i, haz-i, ibil-i, ikas-i, ikus-i, itx-i eta taiu horretako zerrenda luze bat.
Jakina da, bestetik, aditz horreetariko hainbatek -tu atzizkia beregandu dabela euskera osoan edo eremu baten, eta horretara aditz eredu bitarikoak, aldaera bikoak, sortu dirala euskal hizkeretan barrena: ahantz-i/ahaz-tu, bereiz-i/bereiz-tu, bidal-i/bidal-du, estal-i/estal-du, iratzarr-i/iratzar-tu.
Jakina da, baita, arkaismo gisa gorde izan dirala taiu zaharreko aditz batzuk, batzuk aspaldi, beste batzuk gaurdaino: ohoini, zorrotzi/xorrotxi, iguini, aberatsi, zabali.
Jakina da, baita, esangura banangoaz iraun dabela egosi/egostu legezko aditz-bikote batzuk be.
Eta askoz gehiago dira hitz kategoria diferenteaz iraun daben aditz zaharrak: agiri/ageri, bizi, hertsi, izarrik, estarian, zoli eta beste asko.
Gaur egun sartaldeko euskeran zabal dabilen hotzitu, XVI. mende-akabuan agiri jaku ?RS 1596eko errefrau bilduma goiztarrean (449), eta aditz atzizki biak bildurik eregia da: hotz hitzetik *hotzi aditz zahar bat eratorriko zan eta horretatik hotzitu. Gaur egun itu amaiera daben hainbat aditzen atzean atzizki bikotx hori dogu.
Atzizki bikotxeko honetariko aditz argienak eta agirienak, gatz, hotz, putz, sats, hats, huts, baltz edo motz hitz monosilaboen eta amaiera afrikari hori daben horreetarikoak dira. Horrelakoxeak dira batez be, aditz kategoriak -tu atzizkiak sorrerazotean, -ztu/-tzitu banaketa ezagutzen dabenak, lehenengoa euskera-eremurik zabalenean eta bigarrena sartaldeko euskeran, aditz batzuk hedatsuago, beste batzuk estuago.
Gatz izenetik sortua da gazi adjektiboa, behinola aditza bide zana, baina aditz bihurtzeko gazitu bihurtu dana, bizkaieran ez eze, euskal hizkera zabaletan, gaurko zein lehengoetan. Gatzitu aldaera be badau, eta gatzatu edo gaztu erak be ezagunak ditu.
Hotz hitzak aditza era nagusi bitara garatu dau: hoztu eta hotzitu. Hoztu orokorra dogu eta bizkaieran be ondo funtsatua. Mogelek edo Frai Bartolomek dakarren modura esaten da gaur be gehienbat Artibai aldean, hoztu, baina hotzitu aditza be barrualdetik sakon sartzen da. Deba-Leintz ibarretan eta Oati aldean be bizi da.
Hotz eta hotzitu hitzon oinaz eregia da hilotzitu aditza be, gorpua hotzitzea adierazoteko gure balada triste batek darabilena: Orduterantxik hilotzitu zen Grazianatxu neuria (Dimako Bargondian Patxi Bilbaori 1980. urte bueltan jasoriko bertsinoan). Hiloztu dogu hitzorren forma nagusia. Eta hotzildu aditza be hotz hitz horren harian sortua da.
Huts hitzetik sortuak dira hustu eta hutsitu aditzak: hustu orokorra eta hutsitu sartalde euskerakoa. Hutsitu horrek adiera kuriosoak be garatu ditu, vaciar esangura nagusiaz ostean. Bata da, emakume seindun bategaitik darabilenean: hutsitu da, erditu da, seina egin dau. Bestea da, norbaiti bidera urtenda dirua edo aldekoak hutsitu deutsezala; lapurretan egin deutsela.
Putz hitzetik sortuak dira puztu eta putzitu aditzak. Errefrau zaharrean agiri dan puztxoan aditzizenaren atzean puztu dagoala dirudi, ez putzitu: Eztai iztanda puztxoan eztana. // Reventar no se har / quien no se hincha. (RS 181). Baina hori gorabehera, putzitu ereduaren erpeak Oati alderaino heltzen dira gitxienez: Putzituta dago jaso eban K. Izagirrek Arantzazu-Oatiko bere hiztegian. Bizkaiera eremuan putzitu zabal dabil, nahiz tradizino idatzian puztu nahi putzitu bakan erabiliak diran orotara. Eta puztu gehiago agiri dala idatziz, putzitu baino sartaldean be. Baten bategaitik jan-edan gehiegiaz puztuta dagoala esatea edo entzutea normala da Bizkai alderdian be, endemas Artibai aldean. Zenbat eta sartalderago, putzituago.
Hats izenak usain txar, kirats esangurea dau sartaldean sarriroen, eta horretatik sortua da hatsitu, bai aditz modura, bai adjektibo modura darabilguna. Ezkaratz guztia hatsitu da okela usaindu horregaz esan ginei, okelea egun luzeetan egon bada hotzitu edo izoztu barik eta bazterretan sundea zabaltzen hasi bada. Adjektibo modura be ugari darabilgu, zerbait usain txarrekoa dala esateko: ur hatsitua, botika hatsitua, leku hatsitua Edota persona batzuei be, garbitasun aldetik dana beharrean dabilzanean, esaten jake: Hatsituori! Ume hatsitua eta halakoak. Infernua honetara deskribatzen dau Juan Jose Mogelek bere liburusketariko baten: Sarrerea begitandu jatan kale estu, luze ta illun bat legez; beean, uste neban, ikusten nebala ur atsituzko pozu, antz andikoa ta piztia deungaz betea.
Hatsitu hitz ekarkorra izan da gure tradizino idatzian, eta gaurko berbaeretan be bada. Ez bakarrik usain txar, kirats esangurako kontestuetan. Urdaibai aldean bete-bete, josita esangura adierazkorraz be erabilia da. Otxolua idazlearen adibide biok lekuko: Diruz hatsitua, riqusimo, plagado de dinero. Zorrez atsitua, cosido de deudas. Hitz honek hedadura eta erabilera handiagoak hartu dauz, beharbada, -itu erako beste batzuek baino, erro bereko lehiakide zuzenik ez dauelako. Erdi eta ekialderantz kirastu eta beste hitz batzuek hartzen dabe beronen lekua.
Satsari, simaurra deritxo bizkaiera ekialdetik atxina. Bizkaierarik gehienean satsa. Baina aditz bikotxa garatu dau izen honek be: sastu eta satsitu. Simaur esaten dan lekuetan be esaten da sastu, esangura anitzetan, barritz. Satsitu, nekazaritza arloan erabilten da batez be, eta eremu nahiko estuan: soloa satsitu dinogunean, satsa egin, satsa zabaldu esaten gagoz. Lur-eremuz laburtzen joan da beharbada satsitu, baina 1596eko errefrauen artean agiri da. Ez da atzo goizekoa, beraz: Satsitu ta jorratu, ta garia artu. // Escardar y estercolar, y cojer trigo (RS 236). Ez dakit zein mirakulu bitarte dala, Orotariko hiztegiak ez dau beronen azterrenik emoten.
Bada taiu honetako beste aditz bat be, motzitu, Bizkai sartaldean behintzat itsusitu, ezaindu, zatartu esangureagaz erabilia dana, motz adjektiboak hor inguruan dauen adiera berorregaz. Moztu aditz ezaguna da euskara zabalean, eta esangura-eremu askoz zabalagoaz. Lehen be polit-polita ez zan, baina edadeagaz asko motzitu da esan lei txorierritar batek. Baina motzitu aditzak, moztu aditzak lez, ebagi esangurea be berea dau aspaldi zaharretan: ulea moztu zein motzitu. Halan dakarre Larramendik eta Aibarrok. Motzitu, itsusitu edo ezaindu esanguraz, Azkuek honetara ekarren XIX. mende akabuan: Euskerean izatea motzitu eta ezaindutea da gure ahoa iltea lez (Euskalzale).
Baltzitu aditza izango dogu gaurko zerrenda honetako akaburengoa. Baltz adjektiboaren gainean eregiak dira balztu eta baltzitu. Eta bigarren honen be sustrai zaharrak ditu. Landucciok Gasteiz aldeko eukerearen hiztegitxoa egin ebanean XVI. mende hondarrean, ennegrecerse, balzitu finkatu eban. Idatzi zaharretan, belztu eta balztu aditz ereduakaz batera, hainbat aldiz agiri da, gaur egun be zabal hedaturik dagoan baltzitu hori. Bizkaieraren aldetik aldera lekukotua dago, Deba-Leintz ibarretan zein Oati-Araotz aldean. Eta lehenago Arabako lautadan barrena be ondo sustraiturik egoan, harik eta hango euskal hizkerak erroiztu izan ziran arte.
Dan ginoan baltzituta be, belea dan baino baltzago ez danez egingo, gaurkoz askotzat jo daigun honenbestegaz.
Iturriko
2017-02-10