Dakienak dakiHizkuntza

Zeinda

Posted on
Zeinda … …-n

Moduzko konparazinoa eregiteko erabili izan da, batez be autore klasikoen artean, egitura hau. Gaur mehatzago erabilten da horretarako, eta hainbat gitxiago idatziz.

Zin edo juramentuen esparruan euki dau garapen apartekoa.

«zeruagaitik, zeinda labaina au eskuan daukadan, au olan da» (J.M. Zabala)
«eztira juramentuzkoak urrengo esaera oneek: zeinda emen nagoan, zeinda kristinaua nazan, zeinda urlia nazan » (J.M. Zabala)

zeinda … + Postposizinoa
zeinda … …-n moduan

Modua, edo modu-konparazinoa, era bitara marketan da: zeinda aurrekariaz eta moduan atzekariaz.

Gazt. «como si». Ahozko erabilera dau batez be; idatziz nekez aurkitzen da honen lekukotasunik.

Beti dabil besteen kontura, zeinda besteei dirua berez jatorken moduan.

Ezezka:
Edozelan darabilez liburuok, zeinda ezer balio ez daben moduan.

zeinda … ba-… lez

Modua eta baldintza alkartzen dituan egitura da: modua zeinda eta lez marken bidez, eta baldintza ba- aurrizkiaz. Gazt. «como si». Ahozko egitura da idatzizkoa baino gehiago.

Leku guztietatik ibilten da, zeinda dana berarena balitz lez.

Beti dabil inori destainaka, zeinda berak dana baleki lez.

zeinda … …-t(z)ea lez

Aurrekoaren antz-antzekoa da, baina mendeko egitura aditzizenaz osotua dala. Gazt. «como si». Ahozko egitura da idatzizkoa baino gehiago.

Andaluziatik orioa ekartea da, zeinda Nafarroatik ardao gorria ekartea lez.

Ezezka:
Hori da, zeinda lehenengo agindu eta gero bape ez emotea lez.

Batzuetan lez postposizino barik be erabilten da.

Hori esatea da, zeinda ezer ez esatea.

Arejita, Adolfo; Legarra, Hiart; Oar-Arteta, Ana. Bizkai euskeraren jarraibide liburua. Bigarren pausuak. Bilbao: Labayru Ikastegia, 2005, 341-342 or.