Ardaua edatea jaiegunetako apartekoa izaten zan
Ardaua egiten daben lurralde eta herrietan, Araban eta Nafarroa hegoaldean, betidanik edan izan dabe ardaua ia-ia egunero. Besteetan, ostera, Bizkaian eta Gipuzkoan, ardaua erosi eta ekarri egin behar izaten eben egurrezko kupelatan, burdien ganean, horregaitik iturriko ura zan eguneroko bazkari arruntetan hartzen zan edari bakarra. Sagardaua etxean egiten zan herrietan, ura barik hori edaten eben, urtean zehar egindakoa amaitu arte. Ardaua jaiegunetako apartekoa izaten zan.
Ardaurako dirurik egoten ez zanez, hainbat herritan lanak ordaintzeko erabilten zan, horretara auzolanean egindako beharren truke udalak ardaua emoten eutsien. Ondino be leku askotan jai eta erromeria berezietan parte hartzen dabenek ardaua doan eukiten dabe.
Mende hasieratik aurrera ardauaren kontsumoa zabaldu eta ohiko bihurtu zan, beti be gizonezkoentzat bakarrik baina; emakumezkoak eta gaztetxoak uragaz nahastauta edan behar eben.
Gaur egun jakina da ardaua dala Euskal Herri osoan edaririk zabalduena eta herrikoena. Etxe barruan ez eze, lagun taldeak eta kuadrilak txikiteoa edo poteoa deritzagun herriko tabernaz tabernako ibilbidea be batik bat ardaua edanez egiten dabe.
Dana dala, badakizue, ardauagaz afaltzen dauenak, uragaz gosaltzen dau, beraz, kontuz ibili!