Aldi batez tasunak eta keriak aitatzen ziran, holan huts-hutsik, kualidade positiboak eta negatiboak esanguratzeko. Bata eta bestea atzizkiak dira nagusiki, baina izen modura be, gitxitan bada be, erabili izan dira, hamazortzigarren mendeko idazle klasikoetan zein hogeigarreneko oraintsukoetan. Eta bata bestearen aurrez behin baino sarriago: tasunak, aldeko ezaugarriak adierazoteko eta keriak, kontrakoak edo ezestekoak diranak.
Lehenengoari karga positiboa egoztea eta bigarrenari negatiboa, eretxi geroz zabalagoa bihurtu da idazle eta erabiltzaile askoren artean. Eta predikari batzuek be sartu dabe ziria zulo horretan: zeru-inpernuen aurkakotasunetik abiatuta, batean maitasuna, bestean maitakeria, gizontasuna bai, baina gizonkeriarik ez, hitz eratorri errosario luze bat garatuz, batzuetan zuzen, baina beste batzuetan berbak indartuta.
Aurkaritza ikuspegi horrek eraginda, okerreko eretxi bat nagusitu da erabiltzaile askoren artean, hiztunek erabilera naturalari berez ez joakona.
Atzizki biok, -tasun eta keria, ez dagoz maila berean, hasteko. Lehenengoaz kualidadeak adierazoten ditugu gehienbat eta bigarrenaz ekintzak. Umetasuna da gauza bat eta umekeriak, beste bat. Harrotasuna, izaera mailako kualidadea izan ohi da, eta harrokeria edo harrokeriak, izaeraz harantzago, ekintzetara zuzendua dago gehienetan. Eta horrexegaitik erabilten ditugu pluralez handikeriak, faltsokeriak edo zorakeriak, eta askoz sarriago -tasun erakoak singularrez; zorotasuna, itsutasuna, handitasuna edo zorroztasuna. Banaketa hori ez da guztiz zehatza ez zorrotza, baina gehienetan halan izan ohi da.
Esangurearen aldetik be -tasun neutroa da, markatugabea, baina keria markatua da beti, ezetsi, txarretsi edo gaitzeste balioa gorde ohi dau. Ez dago txarrikeria positiborik, ez huskeria mesedegarririk, ez sorginkeria osagarririk.
Baina -tasun atzizkiagazko kualidadeak aldekoak zein kontrakoak izan leitekez, onerakoak zein txarrerakoak, ederrestekoak zein txarrestekoak. Tasun aditzizkia daroan izen eratorria positiboa edo negatiboa izatea ez datza atzizkiaren zaman, oin-hitzarenean baino. Itsu izatetik datorren itsutasuna negatiboa izango da, eta bide beretik zorotasuna, gaiztotasuna, nagitasuna edo zikintasuna. Eta itzulitara, edertasun, mazaltasun edo eztitasun positiboak badira, eder, mazal eta ezti positibotzat joten ditugulako da, ez -tasun atzizkiak berezko zama positiborik daukalako arrazoiz. Pertsona baten zorroztasuna, zuhurtasuna edo eguraldiaren iluntasuna edo lausotasuna aldeko zein kontrako kualidadetzat jo leitekez, ingurunearen eta erabiltzailearen intentzinoaren arabera.
Beste atzizki askok lez, -tasun horrek badau anaia biki zaharrago bat, -asun dalakoa, hatan be, aurrean kontsonante gorrik bakoa. Taiu zaharreko hitz eratorri batzuk asun horregaz eiho izan dira. Osasuna guztiok darabilgun izena, osotasun izenaz bestelako esanguraduna. Esturasuna batetik eta estutasuna bestetik. Gaur zorotasuna esaten deutsagunari Mogelen denporan zoraasuna esaten eutsen askok. Alabantza esateko goraasuna be idatzi eban idazle horrek. Eta hobaasuna, osasunaren hobekuntza adierazoteko. Iparraldeko bazterreko hizkeretan be, -tarzun atzizkiaren ondoan -arzun be gorde izan da berba batzuetan. Halan, elharzun, eritasuna edo gaixotasuna izendatzeko.
Gogoan hartzekoa da dasun atzizki-aldaera be, berariaz n kontsonantez amaituriko hitzen eratorkuntza zaharrean gorde izan dana. Ondasun edo ondasunak gure eguneroko berbetako hitza dogu, baina dasun ereduko eratorri ia guztiak tasun izatera etorri dira. Euskera idatziaren mende zaharretan ezagunak ziran honako izenak: lagundasun (laguntasuna), sorgindasun (sorgintasuna edo sorginkeria) edo nabarmendasun (gaur egungo nabarmentasuna).
Aurreretxi bat uxatu eta irakaspen bat jaso daigun, sikeran, gaurkoz. Kualidade negatiboetarako be bildur barik erabilten dala tasun atzizkidun eratorriak: aberetasuna (basati edo abere moduan jokatzea), alpertasuna (alper izatea), areriotasuna (arerio izatea), arintasuna (buruarin izatea), ezaintasun (itsusi izatea), eskerbakotasun (eskertxarreko izatea), jausitasun (gogo-hil edo depresinoa) edo zekentasun (zeken izatea).
Amaitzeko, gogorarazo, atzizki honek emoi ugaria dauela eta euskal hiztunok gaitasun osoa, hiztegietan agiri diranen gainera, beste asko eta asko sortzeko era libre batez, are gehiago idazle edo esataria irudikorra bada.
Iturriko
2016-10-28