Non, noiz edo zertan izen bategaz adierazoten dogunean -an atzizkiaz markatzen dogu izenori: mendiAN, bagileAN, ekineAN. Bardin adjektiboak, zein beste kategoria batzuk: ederreAN, zabaleAN, gorriAN, gureAN.
Baina badira kategoria jakin batzuk -(e)n inesibo soilaz darabilguzanak, bokalez amaituriko hitzekin -e- bokala tartean dala. Marka horri, -a- tarte bokala ez daukanari, inesibo zaharra deritxagu gramatikan; edo arkaikoa deritxoe beste batzuk. EguN da Santi Mamia kopla ezagunean, gaur esangurako adberbio horretan, azken -n hori inesibo zaharraren aztarrena da.
Denpora eremutik urten barik, ezaguna eta zabal dabilena dogu aurteN adberbioa, urte honetan esanguraduna.
Leku-izen eremuko aditzondoen artean antxinago adizlagun ziranen artean ezaguna da urruN, urruti. Errefrau zaharrak dinoanez: Urrungo intsaurra burua laso (RS 344). Leku-eremuko aditzondoen artean, garden eta hurragokoak ditugu: hemeN eta haN aditzondo arruntak.
Leku-izen berezietan be -(e)N hori dogu arauzkoa euskal gramatikan, eta ez izen arruntetako an dalakoa. Halan esan daroagu: BilboN, MadrileN zein ErrigoitiN.
Aditz-izenak erdal gerundioren kidekoa dan aspektu bururagabea adierazoten dauenean be -te-N dogu marka nagusia: jateN, edateN. Aditz-jokoan darabilgun berbera: ikusteN zaitut. Aditz-izenekin ezaguna dogu -an inesiboko atzizki orokorra be, baina bestelako balio bategaz darabilgu: HilteAN hil nintzan eta ahaztu nintzan, errefrau zaharrak dakarren horretan, hiltean hil orduan, hil nintzanean esangurako adizlaguna dogu.
Aspektu bururagabeko aditz-izenotan dogun -te-n horrek esangura aldetik be berebiziko garrantzia dauka, ze esangura esparru jakin bat estaltzen dau berariaz: zertan, zer egiten esparrua, hatan be, osteragoko adibide batzuetan ikusiko dogunez.
Bat zenbatzailea dogu, sartaldeko euskeran behinik behin, atzizki horren erabilgune zabalduenetariko bat: bateN esan doa gure artean, erdialdetik ekialderantz bateAN esan ohi danerako: herri bateN, egun bateN, ondo bateN, ederto bateN. Baina gainerako zenbatzaile mugagabeekin ez da egokitzen: biTAN, birriTAN, hiruTAN, bosteTAN baina bateN (iparraldean bada bateTAN aldaerea be). Gure herri-ipuinak be sarri honetaraxe kontetan hasi izan dira: Behin baten izan zan, noizko ez nongo zehaztasunik emoten ez dala.
Bizkaieran badau -(e)n inesibo atzizki honek izen arrunt batzuekazko erabilera be, berari-berariaz ekintza edo jarduera esangurako izen jakin batzukaz; jardunbide zahar, ekanduzko edo tradizionalak adierazotekoak diranakaz, hatan be. Hareetarikoa dogu atxurreN, erdi-ekialderantz aitzurreAN, gazt. cavando. Arratia aldean bizi-bizi darabile hondino beharreN, gehienok beharreAN edo laneAN dinogunaren lekuan. LapurreN egin be Arratia aldean entzuten da, beste askok lapurreTAN esango leukienaren lekuan. Behinola hortiko bati kontetan entzun geuntsana jatort gogora, ez dakit nongo urlia bategaitik edo urlia familiagaitik: Aitak lapurren irakatsi eutsen, semeek lapurren egin eben, eta honeen seme-alabak hareek lapurren irabazitakotik bizi ziran.
Lanbide edo jarduera kontuan, eta batez be tradizinoko girokoetan agiri dala esan dogu. Nekazaritzan ezagunak dira batzuk: itaurreN, berbarako. Itaurren etxeko mutikoak edo morroiak egiten eban lehenago, idi-buztarriagaz edo behi-buztarriagaz eta goldeagaz edo makinegaz soloa goldatzen makinatuten zanean, atzetik akulu-ganagaz etxeko gizona edo alagorekoa joiala ganadua arteztuten. Idi-buztarriaren aurrean azatzean joian laguntzailea edo mutikotxoa erakusten dau bide zuzena, lur-zotalak artez-artez egin daitezan.
Ereitea be saileN, edo saileN-saileN egin behar izaten zan, lerroan edo ilaran, edozelan barik.
Zein lanabes darabilgun lanerako, hainbat jarduera izentetan dira. JorraN edo artajorraN esaten danean, jorraia dogu lanabesa. AtxurreN dinogunean, atxurra. NabaseN egin esaten danean, nabasagaz (golde edo are mota bat) lurra goldatu edo areatzea. Frai Bartolomeren lumaz: Domeketan ta jaiegunetan dantzan egitea pekatu andiagoa dala, soloan nabasen edo etxean goruetan egitea baino.
Zaldia lauoinka, lauhazka edo lauketan doala esateko, lauoineN entzuten da Urdaibai aldean.
Ardi-zaineN, ardiak jagoten esateko, Markinaldean ezaguna da. Mito-ipuin zahar baten hasierea: Behin gizon erbesteko batek Zekendioko menditik joiala aurkitu eban Alarabea ardi-zainen.
Gure euskera zaharrean be badira honetariko era bitxi batzuk. Jarduera eremuan: orbiden, ibilten, oinez ibilten adierazoteko: Behor zaharrari orbideN, neke da irakasten. Denpora eremuan, zahartza gatxeN, zahartza txarrean: Txoria, gaztetegian ez badagik habia, zahartza gatxen heldu dok hire bizia. Esangura garbia: zahartzaro txarrera ailegau dok hire bizia.
Iparraldeko tradizinoa be aberatsa da -n zahar horren eraikuntzetan. Halan erabili izan dira: ihiziN (ehizan), irauldeN (lurra iraultzen, goldaketan), garraioN (garraioan), haintzurreN (aitzurrean), Lafittek bere gramatikan dakarzan adibide batzuk baino ez aitatzearren.
Aldendu eta ostendu aditzen lehen oinak be inesibo zahardunak ditugu: aldeN (aldean) eta osteN (ostean).
Peafloridak konteak El borracho burlado antzerkian ardaoari edo mama goxoari eskeinitako kopla bategaz akabua emon deiogun inesibo zahar honi, inor gogaitu baino lehen:
Jarro honetan hi ekustean,
poz hartzen det bihotzean.
Hemen begiraturik,
banaukak txoraturik.
Zer egingo ez dek barrunen?
Sar hakit bada, arren, lehen bait lehen.
Iturriko
2016-07-07