Gastronomia eta sukaldaritza hain modara dabilen egunotan, uraren gaineko bitsean esango genduke, Donostiako Basque Culinary Center Ikasgoa aitzindari dala, eta Euskal Herria gastronomi turismoaren erdigune ipinteko ahaleginetan gabiltzan aldi honetan, zilegi bekit esparru horretako euskal berba batzuei dantzan eragitea.
Gaur egungo jateko-maneatze guzti horretan sukaldariak dira protagonista, herri-berbetan kozineru berbeaz ezagunagoak, edo orain dala aspaldi Mendiburu oiartzuarrak txito egoki barazkalginak eritxenak. Sukaldari berbea bera be lehenengoz idazle horrexen idatzietan irakurri geinke. Ez da dudarik, berba eratorri horren oinarrian sukalde hitza dagoala, jatekoa atondu ohi dan etxeko gune nagusia, bizkai euskeran ezkaratza edo suetea esaten doguna, edo sutondoa esangura estuagoan, edo ekialdean supazterra.
Halan bada, sukalde berbatik eratorria dogu sukaldari, jatekoa gertau, prestau edo atontzeko ardurea dauen pertsonea izentetako, horretara kozineru erderatikoari bidea zarraturik. Hurrengo pausua sukaldaritza eregitea izan da, lanbidea izen abstraktu batez adierazoteko, gaztelaniaz cocina edo gastronoma darabilguzanen lekurako. Gerraosteko berbea da, edozelan be, zorioneko sukaldaritza, baina harrezkero ospe handia irabazi dauena.
Bada, horraitino, aspalditik datoren beste izen jatorrik be, guztiz aintzat hartzekoa dana. Mogel markinarrak Peru Abarka-n gatzamailea esaten deutso sukaldariari. Lehenagoko ola zaharretan burdinea egiten eben olagizon sufriduen artean izentetan dau gatzamailea. Gatzamaille gaixoak daroa nekerik gogor eta gogaitgarriena eta irabazterik laburrena dirausku idazleak. Ola baten, beronen zeregina izaten zan lapikokoa zaintzea eta aldi berean urtzaileari laguntzea. Gatza emon jatekoari, hortik jatorko gatzemailearen izena. Mogelen berbaz: Izentetan da gatzamailea, honek jagon edo zaindu behar dauelako lapikoa eta honi gatza ezarri edo emon. Baina ez hori bakarrik: Hau da beste hiruren (olagizonen) morroi edo otseina lez, aginduten jakon guztia egiteko. Gatzemaile berbeak ez dau, zoritxarrez, biderik edegi gaur egungo berbeta modernoan, baina berba zaharra eta herritarren ezpanetan sortua da, lehen ofizio horretakoak izentetako erabilten zana. Ez da asmakuntza txar bat, berba jatorra baino. Nahiz eta gaur osagileek jente askori gomendatu jatekoari gatzik ez egiteko, zoritxarreko tentsinoa dala eta ez dala.
Eta lanbidetik jarduerara bagoaz, zelan adierazo aditz bakarraz jatekoa prestau esangurea? Sukalde-lanean jardun edo kozinan ibili esateko, gaztelaniaz cocinar dagoan moduan, euskereak berezko berbarik ez ete dauka ba? Betiko euskaldunon artean entzunenak, beharbada, jatekoa egin eta jatekoa gertau, eta erdialdean janaria prestatu. Ezagunak dira, horraitino, beste izen-aditz buztardura batzuk be: jatekoa manejau, jatekoa atondu eta holakoak. Baina aditz multzook gaztelaniazko preparar la comida horren ordainak dira gehiago, cocinar aditz soilarenak baino. Berba bakarraz hutsune hori beteteko, aspaldiko urteetan lehian sartu dan aditz eratorri barriago bat daukagu, sukaldatu, gastronomia modernoan indarrean dabilena, barriz.
Gatzemaile eta sukaldariak lagun, osteratxoa egin dogu euskerazko sukaldaritzan zehar.
Lagunok, osasuna, bakea eta lapiko ondo betea!