Dakienak dakiHizkuntza

Andra Mari Begoñako eta San Antonio Urkiolakoa

Posted on

Gramatika joera zorrotzegien mende jausi gara aspaldion, edo horretan nago behintzat hizkuntzaren berezko senak edo hiztunen sintaxi eta jario naturalari jaramon gitxi eginda.

Nor nongoa dan adierazoteko, Begoñako Andra Mari ereduko sintaxietara joten dogu gero eta gehiago, pentsaurik euskal gramatika garbiari joakon ordena hori dala, edo hori bakarrik dala. Eta nongoa adierazoten dauen izen genitiboduna atzean ipintea erdal sintaxiaren eraginez dala. Halan baztertzera joten dira Ama Birjina Karmengoa, Birjina Arantzazukoa eta eredu horretako guztiak.

Deustuko eleizeari kanpo alderdian, eta agiri-agirian ikusteko moduan, Deustuko Pedro Deuna edo horretariko errotuloren bat ipini eutsien aspalditxu, eta ez ziran ahalegindu jakiten, behinola, Deustu euskaldun hutsa zan nekazari-herria zan denpora zaharreetan, eleiza horri berorri Doneperi Deustuko eritxola.

Antzeko sintaxi aldaketa ete dagoan nago harako donostiarren kantu ezagunean. Bertsino bataren hasiera: Hiru damatxo Donostiako, eta bestearena: Donostiako hiru damatxo.

Oinarrian dagoan diferentzia sintaxi ordena arruntetik harago doa. Sintaxi neutroaren arabera, -ko atzizkidun izena aurrean kokatzen da, izenlagunaren ordez: baso-ko piztiak edo herri-ko semea. Sintaxi horren atzean, norbait edo zerbait non dagoan adierazoten dogu.

Baina Mari Anbotoko dinogunean, emoten dogun informazinoa bestelakoa da: nor zein dan adierazoten dogu atzean erantsitako toki-izen genitibodunaren bidez. Bigarren honetan Anbotoko, zein Mari dan espezifikatzeko darabilgu.

Bestetik, -ko atzizkidun adjektiboak be ugariak dirala gogoratu behar da; hau da, -ko adjektiboak sorrerazoteko darabilgula. Nork ez dau entzun esaten: abrigu pielezkoa, gona sedazkoa edo piper latakoa? Holakoetan lexikalizino garbi bat sortzen da ko atzizki eratorlearen bidez.

Baina gatozan atzera goiko kasura. Herri literaturan ez dira gitxi egitura honen lekukotasunak. Bat ezaguna: Aita San Migel Iurretako, zeru altuko loria. Edo dantza kopletan aitatzen dan San Pedro Mendexakua. Dan-danak ipini behar ahal ditugu itzulitara, -ko genitiboaren aurre kolokatzearen izenean?

Arantzazu aldean Ama Birjinea agertu jako Errodrigo artzainari Baltzategiko Errodrigo deitu behar ahal deutsagu, erromantze zaharretik gehiago Errodrigotxu Baltzategiko lez ezagutu izan danari?

Andra Mariaren jaiegun batzuk be hilearen arabera izendatu izan dira.

Andra Mari martiko, artean urdea tatiko, handik aurrera betiko, dino esaera zahar batek. Jai-izen ezagunak dira: Andra Mari abuztuko edo Andra Maria irailgo bere. Eta Doniane eguna aitatzeko, San Juan bagileko.

Uharkan behera berez eta jarioan doan urari ez deiogun presa alperrekorik egin.

Iturriko
2015-07-14