Gernika-Lumon jaio zan, zortzi neba-arrebetarik zaharrena berau zala. Eskolara umetan hasi zan, bere jaioterriko Euskal Ikastola esaten eutsienera. Uria bonbapean triskildua izan zanean, familiak Frantziara joan beharra euki eban, eta han egon ziran, harik eta 1939an, behin gudua amaitutakoan, atzera bertora itzuli ahal izan ziran arte.
Frantziatik osterakoan, Muxikan parau ziran biziten, aita muxikarra eben eta, haren baserri-etxean. Han igaro zituan, bere neba-arrebakaz batera, hamaika urteko aldia: umezaroaren zati bat, mutil-bardingo aldia eta gaztetasunaren lehen zatia. Zuzenbidea ikasi eban Deustuan, ondoren ekonomia ikasketakin osotu zituanak. Emaztea, Maiteder Bareo, gernikarra da eta bost seme-alabaren guraso izan dira.
Euskaltzaindian liburuzain karguaz lanean hasi orduko (1978), Gernikako Astra Unceta y Ca arma fabrikan izan zan enplegatu, eta jestoria bat be zuzentzen eban.
Gaztetxotatik agertu eban kultura gaietarako zaletasuna eta mundu horretan murgildu zan. Hiru ardatz nagusi bereizi geinkez arlo honetako bere jardunean: idazle, ikertzaile eta zabaltzaile, euskeraz zein erdaraz; musikologo eta Euskaltzaindian euskaltzain oso.
Idazten, Brisas Guerniquesas bere uriko aldizkarian hasi zan, eta haren jarraikotzat dagoan Aldaba-n be kolaboratu izan dau. Gerora euskal aldizkari askotan kolaboratu izan dau (Aranzazu, Egan, Jakin, Euskera…), monografia labur mordoa idatzi izan dau, eta liburu mardoak be bai, Musica Vasca saio-obra esaterako, behin baino sarriago berrargitaratua.
Batez be hirurogeta hamargarreneko urteetarik honantz garatu dau bere idazte-jarduna, gai diferenteak jorratuaz: euskal musika (opera, koru-soinua, marijesiak edo euskal dantzak aztertuaz), euskera, bibliografia eta musika arloko pertsonaien biografia edo kronikak landuaz (Sebero Altube, Resurreccin M Azkue, Aita Donostia, Aita Madina, Karmelo eta Bonifazio Etxegarai, Julio Urkixo…), erakunde eta alkarteak, musika arlokoak barru dirala (Euskaltzaindia, Arantzazuren musika proiekzinoa, Eresoinka, Elai Alai taldea). Musikologo lez, gaztetatik ibili zan musika edo koru alkarteetan murgildurik, eta batez be berak sortu eta zuzendu eban hamar bat urtez Andra Mari korala.
Euskal bibliografia izan dau gai kutunetariko bat, batez be Euskaltzaindiko Azkue liburutegiaren ardurea izan ebanik gora. Biblioteka horren ondarea ugaritzeko egin dauen lana eta ahalegina ez dira txantxetakoak, eta bertako artxibo-biblioteketako izkribu-liburuak arakatuz ondu dituan artikuluak ez gitxiago: Juan Carlos Guerraren biblioteka eta artxiboa, Bonaparteren bibliografia, Azkueren eskuizkribuak izan ditu, besteak beste, aztergai.
1988an Euskaltzaindiak euskaltzain oso izendatu eban, eta beste kargu batzuen artean Liburuzain eta Diruzain izan da Akademian 1996ra arte, baina gerora be Azkue Bibliotekako batzordean eta gain karguan izan da, osasunak lagundu deutson arte.
Hainbat kultura ekimenetan izan da eragile edo babesle. Gernikarako Seber Altube ikastolaren sorkuntzan, esaterako. Zertan esan be ez, begirune eta miresmen handia eutsala euskalzale eta musikazale handi horri, Azkueri eta Aita Donostiari izan eutsen legetxe. Gernikan hainbat herri egitasmotzat partaide izan da, batez be Marijesiak ikertzen, zabaltzen eta kantatzen.
Politikeagaz be aldi baten loturatxoa izan eban. 1977an Gernikako ESB alderdiaren zerrenda-buru aurkeztu zan eta zinegotzi hautatua izan zan, eta ondoren Bizkaiko Batzar Nagusietako junteru. Egin egunkariaren bultzatzaile be izan zan.
Amaitzeko, jaso izan dituan sarietariko batzuk aitatu. Euskal liburu-dendari eta argitaratzaileek Urrezko Luma (2004), Gernika-Lumoko Udalak eta uriko alkarte batzuk egin eutsen omenaldia (2010) eta oraintsuan Eusko Ikaskuntzak eskeini deutsan Manuel Lekuona Saria (2010).
Argazkiaren iturria: www.euskaltzaindia.eus