Behin baten, Gernikara trenez ninoiala, hirurogeta hamar urtetik gorako andra apain baten alboan jesartea subertau jatan. Hasierako agurra egin ostean, beste kontu batzuk be etorri ziran; laster konturatu nintzan gustuko berbalaguna izango nebala andratxu ha. Txitean-pitean bai, bai, gizona, berbabidean zagoz esaten eustan, neure berbakaz bat etorrela erakutsi guran. Orduantxe ikasi neban esamodu hori, eta gaur egunean erabilten dodan bakotxean, andra haren ahotik egin nebala akordura etorten jat beti.
Aspaldiko kontu hori autura ekarriaz bide batez, euskeraz BIDE berbeak daukazan esangura sinboliko bi jorratuko doguz gaurkoan, ondo ugariak diralako gure hizkuntzan: bata da errazoia esangurea daukana (harako egunean entzuniko berbabidean egon esakunean agiri dana, hatan be), eta bestea, bitartea adierazoten dauena.
Batean zein bestean, usua da bide berbea konposizinoan etortea, hau da, beste berba bategaz bat eginik azaltzea.
Hasierako adierakoak doguz: okerbidea, aurrerabidea, auzibidea, haserrebidea, eta berbabidea bera be…, esate baterako.
Hagaitik ba, beti matrakan dabilenagaitik, kasurako, haserrebidea nondik ekarriko dabil hori beti esaten dogu, haserrerako errazoi bila dabilelako. Edo, ezer aitatzen ez badeutsu, zeuk be ez aurrerabiderik emon esaten badeuskue, badakigu hareri aurrera egiteko motiborik ez emoteko eskatu jakuna.
Bigarren moltso baten dagoz: bizibidea, ogibidea, eskubidea, konponbidea, ezaupidea… lako berbak. Horreetan bide berbearen esangurea bitartearena da.
Gure aitita-amamak labrantzea eben bizibidea (edo ogibidea) esango dogu, baserritik bizi ziralako; esan gura da, baserria ebela bizimodua aurrera aterateko bitartekoa. Edo, familia horregaz ezaupide handia daukagu esaten badogu, badakigu familia bien arteko hartu-emonak estuak handiak dirana. Edota, zetarako edo hatarako eskubidea emon jakula esaten badeuskue, ulertuko doguna da geure eskuan dagoala hori aurrera eroatea.
Eta bidean-bidean joanda, amaierara heldu gara gaurkoan be.