Esakerea da, kukua joten lehenengoz entzuten danean, faltrikeretan dirua euki ezkero, urte aberatsa izango dala harentzat.
Hainbat esaera ditugu kukuaren inguruan, urteko sasoi edo hile jakin baten iragarle diranak edota sasoi horretako eguraldiagaz loturea dabenak. Neguteari azken agurra emotea iragarten deusku hurrengo honek: Etorri da kukua, joan da negua. Udabarriagaz bateratsu agertzen da kukua: Kukuak esan ei eban, Andra Mari Martikoz ez baetorren, bere ondrak egiteko. Martiaren 25a da Andra Mariaren iragarkunde eguna.
Dana dala, kukua noiz etorriko zain ez ei da egon behar, norbere zereginei heltzeko: Zeri begira dago beharrean hasteko? Kukuak etorri arte? Zozoak kantetan hasi daitezan? idatzi eban behinola gure Azkue handiak.
Kukuaren joakerea gogorazoten deuskue beste esaera batzuek. Hor San Pedro inguruan, San Pedroetan isiltzen dira kukuak da esakerea. Eta kukuaren kantu denpora osoa iragarten deusku beste honek: Kukuak egiten dau maiatzean kuku, garagarrilean gelditzen da mutu.
Kukuaren kantua aitatzen dogu batzuetan, gauzak txarto urten dabela adierazoteko. Kukuak oker jo deutso baten bategaitik dinogunean, zeozerk berak pentsau moduan ez deutsala urten esan gura dogu, zeozerk edo nonork huts egin deutsala. Kukuak makur jo digu esaten dabe Iparraldean. Ildo beretik esaten dogu: Beste kuku batek joko eban, gaizto portau beharrean, ondo portau bazan, beste era batera, gauzak hobeto urtengo eutselakoan.
Kuku-frakak deritxegu titara itxurako loradun bedar mota bati. Eta izen horretatik dator kukuari frakak egitea esakunea, alperreko beharrak, ezertarako ez diran lanak egitea adierazoteko: Zertako habil horretan? itaunari erraz erantzun leio: Kukuari frakak egiteko.
Kukua, entzun bai, baina nekeza da ikusten basoko pinudi barru ilunetan. Horregaitik esaten da kukutu, ostendu edo ezkutau esangureaz. Kukubildu edo kukubilkatu egiten gara, kukurio edo kukulumuxu batu-batu eginda paretan garanean.
Nonor ezkutu-lekutik beste batzuk jagoten edo begira dagoanean, inork norbera ikusi barik, kukuka dagoala edo kukuka dabilela esaten da, eta noiz edo behin danean, kuku egin dauela. Umeak be olgetan dabilzanean, osten-ostenka edo ezkutuka, kukuka dabilzala esaten da.
Lehenagoko leiho estuei be leku batzuetan kuku-bentanak esaten jake. Eta udabarrian batzuetan subertetan dan negu-denpora laburrari be kuku-negua. Loa arina eta laburra danean be kuku-loa izaten da, bazkalosteko bekanekoa edo siestatxua, esaterako; ez gaueko lozorroa edo lo sakona.
Hondino kukurik ez da agiri. Baina ez beitez izan, esanak gorabehera, Kukuaren hiru hilabeteak, hotzak eta goseak egotekoak, ez bedi urrialdirik edo ezaldirik egon. Kukuaren kantuak lurra emonkor egin deigula: Kukuen kantatzean, euri eta eguzki.