Erderan dauka zuzterra akordu berbeak, bai izenak, bai akordau aditzak.
Baina euskeraz bere bidea egin dau, edo bideak, hobeto esanda.
Akordu batera heldu edo akordu bat egin dinogunean, akordioa adierazoten dogu. Beste era batera esanda, ituna, egiunea, tratu, alkar-konponketa edo gaur sarri irakurten dan zorioneko hitzarmena.
Baina akordu hitzak hainbat lekutan gordeten dau hondino kordea, juizioa, adimena, zentzuna esangura zaharra be. Ez dago bere akordu onean, zentzuna galduta dagoala esateko. Axular zaharrak honango itaunak egiten zituan bere sasoian: Zer da haur? Non da zentzua? Non da akordua? Zer egin da adimendua? Gure Lazarraga arabarrak be behinola idatzi eban, Silbero amorantea hain akordu gutxigaz egoala ze, Silbiak, bere amoreak, uste ebala eskuartean hilgo litzakola.
Gernika aldean hondino be bizirik da berba honen esangura bitxi bat: nonor akorde dagoala esaten da, izarrik dagoala adierazoteko, edo goizean goizetik akordau dala, goizegi izartu dala esateko.
Baina akordua, gomuteaz eta oroimenaz lotuta dago sarri. Horren akordurik ez daukat dinoanak, esan gura dau, zerbait hori ahaztuta daukala, horren gomutarik ez daukala.
Berbarako, gerra denporako akordua, daukienak hondino asko dira; gerrateko kontuakaz oroitzen diranak.
Edo seme edo alaba bati zeozer ondo gogoan edo kontuan euki daiala zorrotz eta garratz dinotsagunean: Akorduan euki, gero, zer esan deutsudan! Ahaztu barik euki, gero!
Beste norbaitek guri orain dala aspaldi okerreriaren bat edo behar ez danen bat egin deuskunean, urteak garrenera be akorduan eukiten dogu hori, ahaztu barik. Hondino akorduan daukazu ordukoa? Behinolako kontu zaharrok ahaztu eizuz, mesedez eta arren!
Bide horretatik esan edo entzuten dogu baten bategaitik: Horrek inoren akordurik ez dauka edo Horrek gure akordu gitxi dauka, aitzen emoteko bere buruaren ardurea baino ez daukala, ez besteena, ez eta gurea be.
Amaitzeko, laugarren akordu bat be bada: burutazinoa, burutasuna, burutaldia edo ateraldia aitzen emoteko. Hori dala-ta itauntzen dogu batzuetan: Akorduak zelan emon leio holako gauza bat? Edo zorakeriatzat edo desegokitzat daukagun zeozer proposatzen deuskunean lagunak, behingoan erantzuten deutsagu: Badaukazu akordu bakotxik! Burura etortea be ez da gitxi!. Edo erantzuten deutsagu: Ez daukak akordu makala, horretan lagundu nik hiri!
Akorduak beti akorduan eukiko bagenduz, beste txori batek kantauko leuke.