Abenduaren 13an Ariatzan (Muxika) alkartuko dira Marijesiak edo Abendua abesten daben herrietako kantari-taldeak. Ariatzako eleizan izango da, iluntzeko 8:00retan.
Euskeraz Abendu berbeak esangura bat baino gehiago daukaz. Alde batetik hileari esaten deutsagu abendu. Eleizan Gabon aurreko aldia, Jesusen jaiotzaren aurrekoa, da abendua. Eta hirugarren bat da Abendu kantuan ibiltea, hau da, Gabon aurreko bederatzi gauetan bederatziurrena egitea. Ohitura hori bizirik dago Bizkaiko hainbat herritan, Labayru Ikastegiak argitaratu dauen Marijesiak Abenduko koplak liburu-DVDan agirian geratu dan moduan.
Aurretik be alkartu izan dira taldeok, alkarregaz egun baten abesteko. Azkenengoz iaz Ibarrangelun. Aurten barriro be bat egingo dabe, han egongo dira Ea, Muxika (Ariatza), Lekeitio, Ibarrangelu, Iurreta, Mendata eta Gernika-Lumoko taldeak. Nagusiak eta umeak, andrak eta gizonak, soinuagaz eta barik, bakotxak bere herrian ohituten dan eran egin ebezan kantuok; marijesiak, abendua edo kebonikoak, lekuan lekuko izenaz esanda.