On eta txar edozein hizkuntzatan oinarrizko hitzak dira, adjektiboak, zehatzago txar horren ordez gaizto edo gaitz entzun daiteke hizkera batzuetan?. On adjektiboa konparazino-graduetara daroagunean, itxuraz mozorrotu egiten da, beste hizkuntza askotan legetxe. Beste erreferente bategazko konparatzea danean, hobe edo hoba irregularra garatzen da, eta salbuespen kasuetan baino ez dogu onago erregularra erabilten. Hau hori baino hobea da. Baina: onagoa bada, onagoa, andra hori!, harridura perpausan.
Hobe konparatzaileak bizkaieraz hoba aldaera dau, hainbat egitura eta esapidetan ordezkotza hartzen deutsana. Hoba izan aditz lokuzinoa, esaterako: Berba lar egin baino hoba da isilik egon. Hoba ez da erabagia atzeratzea? Hobe izan lokuzinoaren ordezko aldaera, berau.
Harridura esaldietan be sarri erabilten dogu. Bai hoba! (hobeto izango da), Ez hoba! (hobeto izango ez da, ba!), hoba! (bai, zera!) eta halakoetan.
Aditz lokuzino horretarik kanpo hobe horrek adjektibo sintaxia dauka: etxe hobea, lagun hoberik (hobarik) eta holan.
Baina hobe horren ondoan onago konparatzaile erregularra be bizi da esapide batzuetan. Halan, norbaitegaitik dinogunean: Gure mutila, onagoa da, barriz, onagoa!
Hobe horri, behar ez dala, -ago gehitzeko analogia-joerea be hor dago: hobeagoa, hobeagoak, hobeagorik eredukoak sartzen doaz, hobea, hoberik, hobeak nahikoa litzatekezan inguruneetan. Analogia-joera hori herri-herriko berbetan sartuta dago; txartzat ezin da jo, beraz, baina idatzirako ez dogu gomendatzen.
Hobeto adberbioa da oso-osoan. Kontestuan ondo bereizten ditugu hobe da eta hobeto da euskeraz. Txarrena, gaztelaniaren kalkoz es mejor esaten da bietan? okerreko bidez nahasten ditugunean. Ezin da esan*Hobe bizi gara. Nahi eta nahi ez, hobeto bizi gara, lehen baino esan beharko da.
Gaurkoz asko da.